Errebote-frontoia (eu)

    Sorapediatik
    Soraluzeko errebote frontoiaren osagai nagusiak (Oscar Pérez 2025)


    Azalpena

    Errebote frontoia parrokiaren hegoaldean zegoen, gaur egungo Frontoia edo Frontoi kalean (modu ofizialean[1]).

    Frontoiak 17 bat metrotako zabalera zuen, eta bi eremutan banatuta zegoen. Eremu handia (sake eremua) elizaren aldean zegoen, eta 53 bat metro luze zen. Eremu txikia (resto eremua), berriz, 11 metrotakoa zen eta harrizko hormak zituen hiru aldetan. Bion artean pasamarra zuria zegoen, eta erdian sake arria edo bote arria jartzen zen, sakea egiteko.

    Errebote frontoi klasikoekin alderatuz, Soraluzekoak horma txikirik[2] ez zuen, eta horma nagusiaren bi hegaletan beste hormak zituen, U baten forma eginez. Honek ahalbidetzen zuen eremu txikia ezker pareta moduan erabiltzea, gaur egun oraindik egiten den moduan.


    Villabonako errebote pilotariak XX mende hasieran
    Errebote frontoi klasikoa (Jose R. de Basterra 1971)

    Errebotea

    Euskaldunek jokatu ohi dituzten pilota-joko guztien artetik, ziurrenik laxoa eta errebotea joko-mota zaharrenetakoak direla, horien jardunak gaur egun Euskal Herriko eskualde eta herri gutxi batzuetara murrizturik dauden arren.

    Aspaldiko bote luzean oinarrituta[3], eremu bati pareta jarri ziotenean errebotea sortu zen (hortik izena).

    Batzuren ustez, errebotea aintzinetako artzai euskaldunetatik dator. Beste aditu batzuk, aldiz, errebotearen antzinatasuna berrehun bat urtera mugatzen dute, orduko Jeu de Paume jokoaren bidez garatuko zela[4].


    Argazkiak

    (handitzeko, sakatu gainean)


    Eraikuntza

    Errebote frontoia XVIII mende bukaeran eraiki zuten, bote luzean[5] aritzeko. Orduan egingo zuten, segururena, Kalegoeneko azken etxeko bigarren pisura dagoen harrizko pasabidea, Galipotaren gainetik.

    1768. urtean Guatemalan bizi zen Bartolomé de Eguizabal soraluzetarrak 18.000 erreal kuarto bidali zituen "hiribildu honen plaza zabaltzeko" eta "frontoia egiteko". Orduan Udalak Simón de Obiaga abadeari eskatu zion "...bizi den etxearen aurrean eta Echaburueta kale gainean dagoen ortu txikia irekitzeko, mesedez"[6].

    Geroago, Aldasorotarrek ere frontoia egiteko dirua jarri zuten. Eta 1788. urtean Miguel Antonio de Jaureguik proiektua aurkeztu zuen zuen.

    Frontoia parrokiaren hegoaldean eraiki zuten, eta frontisa egiteko Santa Ana komentuko ortuaren zati bat erosi zuten. Garai batean elizarako ate bat zegoen hegoaldean, XVIII mendeko urte haietan kanpandorrea eraikitzerakoan itxi zutena. Ordudanik ate hori elizatik dorrera pasatzeko erabiltzen da.

    Errebote frontoi klasikoekin alderatuz, Soraluzekoak horma txikirik[7] ez zuen, eta horma nagusiaren bi hegaletan beste hormak zituen, U baten forma eginez. Honek ahalbidetzen zuen eremu txikia ezker pareta moduan erabiltzea, gaur egun oraindik egiten den moduan.

    Herrian bazen beste frontoia, Plaza Zaharraren gainekaldean (orduan Kalebarreneko Plaza Barria zuen izena). Frontoi zahar hau zabaldu eta hobetu beharrean, berria beste toki batean egitea erabaki zuten. Zergatik? Garai haietan herrian Erregetxe berria altzatzeko premia sentitzen zen, horretarako Miguel Antonio de Jauregui arkitekto berak hiru urte lehenago (1785) bigarren Errege-etxea proiektatu zuen, eraiki ez zena. Ia hogei urte beranduago frontoi zaharraren tokian Erregetxe berria eraiki zuten (1804-1809).


    Mapa kargatzen...

    Frontoiaren gain-behera

    XX. mende hasierako inor gutxik jokatzen zuen errebotean Soraluzen (Gipuzkoa osoan ere galdua zegoen, Villabonan eta Zubietan salbu). Botarria edo sakarria zena beste aldera eraman zuten, elizaren dorrearen azpira. Errebote frontoiko eremu txikian eskuzko pilotarako erabiltzen zen, eta eremu handian foballean. Bion artean, pasamarra ondoan, saski-baloirako porteriak jarri zituzten.

    1960 inguruan, Felix Abarrategik, SDPren[8] orduko lehendakaria, erakusketa partida antolatu zuen: domeka batean, meza ostean, Villabona eta Zubietatik etorritako pilotariek partida bat jokatu zuen, tartean azalpenak ematen zituztela.

    Gerra ostean frontoi inguruan hainbat eraikuntza egin zen: lehenik eta behin parrokiak zinea eraiki zuen karkaba gainean, gero madinatarren txaleta egin zuten, eta 1960 urtean Eskola nazionalak eraiki zuten.

    1970-1980 urteetan frontoiaren eremu txikia estali zuten, eskuzko pilotarako erabiltzen zena. 1990. urteetan, institutua egin zuten atzeko partean eta frontoiaren estalkia berriztu zuten... horma bat kenduz.

    Azkenik, frontoiko etxeak bota eta berriak egin zuten. Honetan ere bertako harmailak desegin zituzten.


    Geratzen diren harmailak (J.C. Astiazarán 2019)

    Gaur eguneko aztarnak

    Orubeaz gain, gaur egun ezer gutxi geratzen da garai bateko errebote-frontoitik.

    Eremu txikia eskuzko frontoi moduan erabiltzen da aspalditik, pasamarra zenak muga egiten duela (jatorrizko pasamarra desagertu zen). Bi hormak bertan diraute, baina hirugarrena institutua eraikitzerakoan bota zuten. Ingurutik Santa Ana kalerako pasabidea egin zuten.

    Sake arria edo sakarria XX. mende erdialdera arte gorde izan zen, baina ordutik desagertu zen[9].

    Ekialdeko harmaila guztika desagertu ziren cine Soraluce eta Eskola Nazionalak egiterakoan. Mendebaldeko beste bi zati ere, madinatarren txaleta eta etxe berriak eraiki zituztenean. Eta igogailua egiterakoan beste zatik txiki bat ere desagertu zen. 12 eta 6 bat metrotako bi zati geratzen dira, frontoira sartu eta mendebaldera, garai bateko oroigarri.

    Azkenik, gaur egun herritarrek Frontoia esaten diote errebote frontoiaren gune osoari, eta Frontoi kalea modu ofizialean[10].


    Erreferentziak

    1. Aspaldi batean ohikoa zen Udal Frontoia edo Frontón Municipal.
    2. Pared de contrarrebote, gaztelaniaz.
    3. Artzai garaietako jokoa omen: zelai estu eta luzean bi eremu berdinetan, pelota aidez jo behar da. Europako toki askotan gordetzen da oraindik. Gehiago jakiteko, sakatu hemen.
    4. Jeu de Paume. XVIII mendean Europan zehar zabalduko pilota-jokoa. Horretatik apurka-apurka garatu ziren, besteak beste, gaur egun mundu osoan zabalduriko tenisa.
    5. Errebotea. Wikipedia (euskaraz)
    6. Don Bartolomé de Eguizabal, natural de la villa y residente en Guatemala, envía diez y ocho mil reales de vellón para "que se extienda la plaza de esta villa" y para que "se hiziese el Juego de Pelota". El concejo pide entonces a Simón de Obiaga, presbítero, "se digne franquear la huerta pequeña que tiene frente de la casa que havita, y sobre la calle de Echaburueta". Soraluzeko Udal Artxibategia. Udalaren Akta Liburua 1766-1782 (1768/03/06).
    7. Pared de contrarrebote, gaztelaniaz.
    8. Sociedad Deportiva Placencia. Soraluzeko Kirol Bazkuna
    9. Ignacio Pintado bere marrazkian jasotzen duenez: "Zenbat urtian ez dago arrixau frontoian?..."
    10. Aspaldi batean ohikoa zen Udal Frontoia edo Frontón Municipal.