Abizen gabekoak. XVI. mendea (eu)

    Sorapediatik
    Argiñetako nekropolia.jpg

    Azken mendeetan, pertsonak identifikatzeko izena eta bi abizenak erabili izan dira: bataio agiriak, ezkontzak, kontratuak, salerosketak, salaketak, testamentuak, heriotz agiriak…

    Baina sasoi batean, kasu batzuetan, arau edo ohitura honek salbuespenak izan ditu. Ezagunenak kajakoak[1] dira, baina XVI. mende bukaeran (1610 arte) Soraluzen 15 lagunen heriotz agiriek ez dakarte inolako abizenik, zeharkako erreferentziak baizik (inoren emaztea, inoren alaba, hango biztanlea, haren morroia edo neskamea…).


    Azterketa

    Guztira hamazortzi kasu agertzen badira ere, gehienak 1610 baino zaharragoak dira.

    Jeneroari dagikionez, hamabi emakumezko dira (%80a), eta hiru gizonezko (%20a). Honi lanbidea gehitzen badiogu, kasu guztietan emakumezkoak edo zerbitzariak (morroi ala neskame) dira, inoiz biak batera.

    1598.eko izurritean (1598-1599 urteak) sei kasu pilatzen dira. Bitan, andra-gizonak batera hilda, gizona jasotzen da eta gero "bere emaztea", besterik gabe.


    Emakumezkoak

    Hamabi emakumezkoen abizenak ez dira jasotzen, baizik eta deskribapenak. Bosten izenak aipatzen dira (bi Catalina, bi Maria eta Magdalena bat), baina beste zazpiren izen-abizenik ez da ezagutzen.

    Lau kasu emazteak dira, senarren erreferentziaz aipatuak: Juan Gracia de Loyolaren emaztea (1574), Juan de Oçondoren emaztea (1598), Catalina, Pero Ruizen andrea (1598) eta Magdalena, Juan de Hondarçaren benetako emaztea (1610).

    Senarra bakarrik ez, bitan alaba izan zen erreferentzia: Maria Barrenechearen ama (1591), edo Maria de Larriateguiren ama, Bagazcoitin bizi dena (1609),

    Lau emakumezko bizitokiaz identifikatu ziren: Catalina eskoriatzarra, Irureko etxean bizi zena (1574), Maria, Barrenetxean bizi zena (1593), Arregiako errentero berria (1598) edo Maria, Yçaguirren bizi zena (1598).

    Azkenik, bi zerbitzariak ere badira, Prudencio de Iraolaren neskamea (1599) eta Juan de Egoçaren aña (1607).


    Gizonezkoak

    Epe berean hiru gizonezkoen heriotzak erregistratu ziren izen izen-abizenik gabe. Hirurak zerbitzari edo morroiak ziren, eta halaxe identifikatu zituzten: Martin de Albizen morroia (1594), Prudenciorena (1598) eta Hieronimo de Aybar kapitainarena (1603).


    Hurrengo mendeetako kasuak

    Lau kasu agertzen dira. Lehena Andres izeneko soldadua zen (1789), Infantearen Zalditerikoa. Agian gaixotuko zen herritik pasatzerakoan, lagunek bertan utziko zuten bakarrik eta, kanpotarra izanik, herrian ez zuten beste daturik ezagutuko.

    XIX. mendean izen gabeko kajako baten heriotza errejistratuta dago (1866/11/26), baina aurreko egunetako jaiotzen artean ez dago kajakorik[2].

    Handik hogei urtetara (1884) Maria Josefa eskalea hil zen, eta Fermin izenekoa gero (1890). Agirietan agertzen denez: "Ez da beste daturik ezagutzen".


    Erreferentziak

    1. Jaioberriak bazterretan lagata, aurretik hiltzen ez baziren bataiatzerakoan izena ematen zitzaien, baina abizenik ez zen jasotzen, gurasoak ezagutzen ez zirelako.
    2. 1866/07/10an Maria Amalia Lascurain Lascurain bataiatu zuten, Maria Dominica Lascurain Eguren andrearen alaba (aitaren izenik ez dator), baina Maria Amalia ez zen kajakoa, sasikoa baizik.