Deba ibaia. Arrantza (eu)

From Sorapedia
Jump to: navigation, search
Arrantza Deba ibaian, Orbea zentralaren parean

Garai bateko arrantza

Euskal Herri osoan moduan, iraganean ibaiko arrantzak garrantzi handia izan zuen Soraluzen, batez ere ibai ertzeko jendearen elikadura premiak betetzeko.

XX mendeko agintariek izan ez zuten ardura erakusten, orduko agintariek hainbat neurri agindu zuten gehiegizko arrantza debekatzeko, etorkizuneko elikadura bermatuz. Horrela, 1695an, Soraluzeko udal-ordenantzetako 44. xedapenak, “ehizari eta arrantzari buruzkoak” honakoa zioen: herritar askok debekatutako tresnekin egiten duten ehiza eta arrantza... eta ondorioz ...hemendik aurrera ezingo da eskopetaz, amuz edo benaka izeneko sarez edo aingiratarako pertol txikiz ehizatu edo arrantzatu.... Modu honetan harrapaketa mugak zeintzuk ziren xedatzen zen, baita zein tresna erabiltzea debekatzen zen edo arrantzan aritzea noiz debekatzen zen.


Kutsadura Deba ibaian

Arrainen desagerketa

Egoera, gutxi gora behera, XX mendeko 1940. hamarkada arte iraun zuen aldaketa handirik gabe.

1950. hamarkadan industrializazio orokorra gertatu zen, eta harekin batera ibaietara isurketa masibo eta kutsakorrak egiten hasi ziren. Horren ondorioz, batez ere Gipuzkoa eta Bizkaiko ibaietako fauna gehiengoa desagertu egin zen.

Deba ibaia ez zen salbuespena izan. Urte askotan soraluzetarroi dena eman zigun: elikagaia, lanerako indarra, aisiarako tokia... baina, itxura denez, ibaiak ez zuen balio industriak ematen zituen onurek beste, eta ibaiari bizkarra eman zioten. Ondorioz, Deba ibaia Europako kutsatuenetakoa izatera iritsi zen.

Arrainak ia guztiz desagertu ziren, eta arrainekin batera arrantza bera. Ibaian igeritan egitea ere osasunarentzat oso arriskutsu bilakatu zen, kutsadura zela eta. Deba ibaia hilda zegoen.


Izokina Bidasoa ibaian

Berreskurapena

Zorionez, konturatzen hasi ginen zenbateraino den garrantzitsua ibaia Soraluzetarrontzat.

Gaur egun, hartu diren neurriei esker (isurketen gutxitzea, kolektorea, araztailea...) ibaiaren egoera ekologikoa asko hobetu da. Aro iluna atzean gelditzen ari da eta arrain mota ugari berreskuratu da: aingirak, loinak, ezkailuak ikus daiteke ibaian, eta inoiz amuarrainen bat ere.

Erregea falta da ordea, izokina. Deba ibaian berriro azaltzen denean, ibaiaren berreskurapena ia osoa izango dela esango dugu.


Harrapatutako arrainak

Gehiago jakiteko, sakatu hemen

Soraluzen, Deba ibaia eta errekak garbi zeudenean, hainbat arrain mota arrantzatzen ziren. Harrapatuena barbua izaten zen, baina honetaz gain baziren aingirak, amorrainak, eskailuak, loinak, muxarrak, zarbuak eta, aspaldi batean, izokinak ere. Eta ezin ahaztu kangrejuak edo karramarroak ere harrapatzen zirela.

Kutsaduraren eraginez, 1960. hamarkadatik aurrera Deba ibaiko arrain guztiak desagertu egin ziren, bakar batzuk erreketako goiko aldetan geratzen zirela. 2000. hamarkadatik aurrera poliki poliki arrainak berriro agertzen eta ugaltzen hasi dira, nahi eta noizean behin kutsadurak ehundaka hil.


Arrantza teknika eta tresnak

Gehiago jakiteko, sakatu hemen

Arantza tresnak asko eta mota askotakoak izan dira: arrokapekoa, kañia, eskirola, esparbela, remanga, kordela, butroia, abusa, txinga, botilia, harresixa...

Bakar batzuk arrainak banan banan harrapatzeko balio zuten (kaña, arrokapekoak), baina gehienak arrain multzoak arrantzatzekoak ziren.

Tresna gehienetan arrainak amuetan geratzen ziren lotuta edo sarean bilduta. Salbuespenak baziren: eskuz edo botilekin harrapatu zirenak.

Azkenik, tresna batzuk arrantzalea bertan egotea eskatzen bazuten ere, beste batzuk pasiboak ziren: ibaian edo errekan laga eta handik orduetara arrantza jasotzera etorri behar.


Erreferentziak

  • Ibaiko arrantza. Aintzinako lanbideak. Carmelo Urdangarin eta Jose Maria Izaga.