Deba ibaiaren bide-ermandadea (eu)

    From Sorapedia
    Erregebide berria: zubia Elgoibarren

    Aurrekariak

    1772 urtean Soraluze, Bergara, Elgoibar eta Eibarrek bide berria zabaltzeko baimena lortu zuten. Bide honek Bergarako San Antoniotik Maltzagaraino joango zen, han bi adarretan zabaltzeko: Elgoibartik Altzolako porturaino bat, eta Eibartik Olarreagaraino bestea (probintziaren mugaraino).

    Proiektua Francisco de Ibero maisuak egin zuen, 1.180.826 errealeko aurrekontuarekin. Herri bakoitzak bere zatia ordainduko zuen, hortarako beharrezko maileguak[1] hartuz. Lanak ordaintzeko ardoa, pattarra eta mistela zergapetzeko eskatu zuten, 8 marabedi azunbreko.

    Zerga ezartzeko baimena lortuta (1775ko uztailak 26) lanei ekin zien. Hamabi urtetan bukatu ziren, baina benetako kostua aurrikusitakoaren bikoitza baino gehiago izan zen.

    1787 urtean Deba eta Mutriku ere batu zitzaien, bidea Altzolatik Debaraino luzatuz, eta Sasiola-Mutriku adarra eraikiz.


    Erregebide berria: Debako sarrera

    Deba ibaiaren bide-ermandarearen sorrera

    Herri bakoitzak bere zatia eraiki bazuen, bideen zaintza eta konponketa modu berean egin behar zen. Baina urte latzak etorri ziren: Konbentzioaren gerrak (1793-1794) aurretik eta Espainiako independentzia gerrak (1808-1814) ostean eskualdeko ekonomia hondatu zuten; gainera, armagile askok eta askok alde egin zuten, Asturias aldera gehienak.

    Ondorioz, zaintzeko eta konpontzeko diru faltaz, bideen egoera gero eta txarragoa zen, apurtuta zeuden. Eta gerra ostean Soraluzeko Erret Arma Lantegien zuzendariak konponbidea eskatu zion (Gipuzkoako) Probintziari.

    Gauzak horrela, 1817 urtean irtenbide bakarra ikusi zuten sei herriek, bidearen jabeek: Deba ibaiaren bide-ermandadea sortu, bide berriak zaintzeko helburu bakarrarekin. Diru kutxa bakarra izango zuten, eta zuzendaritza bakarra ere. Gainera, bi urte geroago Malzagan bidesaria kobratzeko gunea jartzeko baimena eskatu eta lortu zuten (1819).

    Kobratzeko gune hau oso sinplea zen: errepidea kate baten bidez mozten zen eta, bidaiariak edota gurdiak heltzerakoan, kate zaintzaleak katea zabalzen zien... bidesaria ordaindu eta gero. Kateak mugimendu handiko tokiak zirenez, Eleuterio de Aranguren soraluzetarrak, artean Maltzagako kate zaintzailea zela, bere etxean ardoa saltzeko aprobetxatu zuen... 1822.ean salatu zuten arte[2].

    Bidesari honekin mantentze-lanak arintzeko asmoa zuten, baina urteek aurrera egin ahala nahikoa ez zirela ikusi zen, eta herriek beretik emateko premia zuten zaintza lanak burutzeko. Eta, honetaz gain, ez da ahaztu behar herri bakoitzak aurreko mendean hartutako maileguen korrituak ere ordaindu behar zituela.


    Bidea probintziari

    Horregatik Zestoako Batzar Nagusietan (1840) hitzarmena sinatu zuten Aldundiarekin, bidea probintziari pasatzeko.

    Ordutik aurrera zaintza eta konponketa lanak Aldundiaren ardura izango ziren, eta Maltzagan kobratutako bidesariak ere. Dena dela, Aldundiak ezin zuen bide honen kontuak besteenekin bildu: kutxa berezia izango zuen bide honetarako, eta urtero Elgoibarren bilkura egingo zuten, interesatuekin[3] urteko gora beherak aztertzeko. Erregebide berria egiteko hartu ziren maileguak eta korrituak, berriz, Aldundiak ez zituen hartu: herri bakoitzak bereei aurre ekin behar izango zien.

    Bost urte geroago (1845), eta Deba ibaiaren bide-ermandadeak eskatuta, Gipuzkoako Batzar Nagusiek bertan behera laga zuten hitzarmena.

    Azkenik, 1850 urtean Bergaran bildutako Batzar Nagusiek errepideak finantziatzeko sistema aldatu zuten, "iguala general de caminos" ezarriz. Herri bakoitza bere errepideak mantendu beharrean, ordutik aurrera probintzia egingo zen kargu eta, beraz, herrietako zerga bereziak bertan behera geratu ziren. Probintziako errepideak mantentzeko sartzen zen ardo arroa[4] bakoitzeko erreal bat ezarri zitzaion.

    Bidea probintziari pasa zitzaionez, Deba ibaiaren bide-ermandadeak 2.000 errealerako 800 akzio hartu zituen, %5eko korritua ematen zutenak.


    Erreferentziak

    1. Zentsuak edo censos, orduko hizkeraz.
    2. Información recibida a pedimiento de oficio, de cómo Eleuterio de Aranguren, cadenero de Malzaga, vecino de la villa de Placencia, vende vino en su casa sin pagar los derechos correspondientes (Eibarko Udal Artxibo Historikoa 1822/05/17).
    3. Junta de tenedores de inscripciones.
    4. (ardo) arroa = 8 azumbre = 16,133 litro.