Diccionario de Gorosabel (eu)

From Sorapedia
Jump to: navigation, search
Diccionario de Gorosabel
Diccionario de Gorosabel. Azala.jpg
Egilea Pablo Gorosabel
Hizkuntza Gaztelaniaz
Urtea 1862
Argitaletxea Pedro Gurruchaga
Hiria Tolosa


Izenburu osoa

Diccionario histórico-geográfico-descriptivo de los pueblos, valles, partidos, alcaldías y uniones de Guipúzcoa

Gipuzkoako herri, bailara, barruti, alkatetza eta batasunen hiztegi historiko-geografiko-deskribatzailea


Liburua zertan den

Liburuaren izenburuak adierazten duen bezala, Gipuzkoako udalerri eta beste barruti politiko-administratiboen historiaren eta, neurri txikiago batean, geografiaren laburpen bat da, alfabetikoki antolatua.

Heldutasun lana dela esan daiteke, ia hirurogei urte baitzituen Pedro Gurruchagaren inprimategi tolosarrean inprimatu zutenean; urte batzuk geroago, egilea hil ondoren, lan horrekin antzekotasuna gordetzen duen beste lan zabalago bat argitaratu zuten: Noticia de las Cosas Memorables de Guipúzcoa (1899).


Soraluzeri buruzkoak

(411 orrialdean)

SORALUZE: Bergara-ko barruti judizialaren hiribildua, Elgoibar-eko eliz-bikariotzakoa, Calahorra-ko apezpikutza zaharrekoa. Mendi altuez inguratutako sakan batean dago, Deba ibaiaren ondoan, Elgoibar eta Bergara hiribilduen artean, azkenetik legoa eta laurdenera. Kokapen geografikoa hauxe da: longitudea 1 g. 8 m. 32 s. ekialdera, eta latitudea 43 g. 10 m. 12 s. iparraldera. Ekialdetik Azkoitia hiribildua du mugakide, Eibar sartaldetik, Bergara hegoaldetik eta Elgoibar iparraldetik, modu honetan herri esparruak bi legoatako uztaia hartzen duela. Bergaratik legoa t’erdira dago, zortzi t’erdira Tolosatik, eta beste honenbeste Gasteizetik eta Bilbotik.
Herri kaskoak erregularki harriztatutako kaleak ditu eta eraikin nahiko onak oro har, enparantza publikoa, bi iturri eta 1722ko urtean egindako udaletxea; aurrealdea eta hiru arkuak harlanduzkoak dituena. Ehun eta bederatzi etxe ditu kalean, eta laurogeita hamalau nekazaritza-baserri, San Andres, Ezozia, San Marcial eta Irure bailaratan sakabanatuta.
Parroki eliza bakarrak Santa Maria la Real izena du, erregearen patronatukoa; Ciudad Real-go dukeak bere eliz-piezak hornitzen ditu, erregearen mesedeagatik. Apaizgoa sei onuradunek osatzen dute; lau errazio osokoak eta bi erdikoak, horietako batak kuratoa betetzen duela. Herrian bertan bada moja agustinen komentua; eta ermitak: San Emeterio eta San Celedonio, Gurutze Santua, San Andres, San Esteban eta Oceiti-ko Andra Maria.
Azken erroldaren arabera, 2.153 biztanle ditu; eta hogeita lau su dagozkio probintziako banaketa fogeraletan. HIRIBILDU NOBLE ETA LEIALA izendatzen da; eta armarritzat gaztelua erabiltzen du, alboetatik bi lehoik eusten dutela, eta bertan itsatsita banderak, danborrak, txilibituak eta artilleria-kanoiak. Batzar nagusietan bere ahaldunek hamazazpigarren tokia hartzen dute, korrejidorearen eskuman.
Hiribildu hau Alonso XI Jauna erregearen aginduz sortu zen; horretarako zegokion pribilegioa libratu zuen 1.343.ko urriko 15ean, Algeciras gaineko Real-ean, Sancho Mudarra bere idazkaria izanik. Bertan agindu zuen Soraluce-n eta Herlaibia-ko tokian bizi ziren gizonek herri hau sortzeko, bere hesi, dorre eta zegokion elizarekin, eta ordutik aurrera Placencia hiribildua izendatuz. Logroñoko forua eman zien biztanleei, eta herriari behar zituen mugak. Garibay-ko Esteban-ek eta Lope Martinez de Isasti-k halaxe azaltzen dute herriaren sortzea, nor bere historia-laburpenetan; baina hiribilduko artxiboan sortze agindua (carta puebla) gordetzen ez denez, ezin dut honi buruz beste berririk eman.
Ez zen denbora asko pasako Soraluzeko hiribildua eraiki arte; bere izena 1.399. urtean agertzen da, beste herriekin batera, eragozten zituen zerga-biltzaileen kontra erregea ordezkatuz. Baita 1.415 urtean ere, probintziak Donostian egindako batzarrera agertutako hiribilduen artean, eta gainontzeko guztietan. Alkateak, hiru errejidorek eta sindiko-prokuradoeak osatzen zuten hiribilduaren gobernua; gero, 1.766.-eko maiatzak 5eko ‘auto acordado’-ren arabera, común-eko bi diputatu eta pertsonen sindikoa ere gehitu ziren. Eta hau izan zen antolaketa 1.845.eko urtarrilaren 8ko legea irten arte; honen arabera, gaur egun udala alkateak, bi teniente-alkatek eta bederatzi errejidorek osatzen dute.
Herri honetako lurraldea nahikoa malkartsua da, eta labore-uztak erregularrak dira. 1573. urtetik aurrera, gutxi gora behera, herri kaskoaren barruan bada arma erret lantegia, suzkoak zein zuriak, eta beste bi pribatuak. Lehena herriak berak eraiki zuen; eta erregearen gobernuari laga zion, bertako biztanleei lana eta jana emateko. Sasoi batean armak lantzen ziren, estatuaren kontura. Gaur egun partikularrak egindakoak jaso eta aztertzeko balio du; eta hortarako dauka, zuzendari tituluaz, artileria armako goi mailako ofiziala, dagozkion menpekoekin. Herriko biztanle gehienak industria alor honetan lan egiten du; gainera lau irin errota ere badaude.
Soraluzek hileroko garau merkatua izan zuen, probintziak 1803. urtean emakida emanda, eta 1804.eko ekainak 12an erregeak berreztua.
Herri honek dituen benefizentziazko obren artean garrantzitsuena Manuel Francisco de Juaristi jaunak 1796ko martxoak 6an sortu zuena da, Madrilgo elkargoaren eskribaua zen Alfonso Yébenes-en lekukotasunarekin. Kapitalak 1.563.834 errealetakoak ziran, 47.316 errealekiko korrituekin: baina gaur egun urteko 11.517 errealekoa besterik ez da. Obra errukitsu honen emaitzak halaxe banatu zituen sortzaileak: berrehun dukat dontzeila umezurtz bati dotea emateko: lau urtero beste ehun zerbitzari batentzako: urteko beste ehun dukat lehen letretako maisuarentzat. Gainerakoa lau behartsu bi urtetan behin janzteko, mojen kapilauarentzat, misioak, aitortza-lekuak eta patroien eskupekoa. Azken hauek bikarioa, onuradun zaharrena eta alkatea izendatu zituen, bi urteetan behin probintziako diputazioari hustuketa egiteko betebeharrarekin; eta azken honi lan honengatik hirurehun errealeko eskupekoa esleitu zion.
Juan Ignacio Obiaga doktoreak, herriko semea, Peruko erresumen inkisidore apostolikoa, beste obra errukitsu bat sortu zuen, herriko bi mutil behartsuentzat, teologia, lege edo kanonen ikasketa nagusiak jarraitzeko. Fundazio hau 1780ko maiatzak 3an Liman emandako eskritura batean egiaztatu zen, zortzi mila peso bakuneko kapitalarekin; errentak bi mutil saridunen artean erdibitu behar dira, eta proportzio honetan ordaindu behar zaie lana topatu arte edo hogeita hamar urte bete arte. Patroiak abade parrokoa eta onuradun zaharrenak dira. Data berean Obiaga berak gari, arto eta beste hazi batzuen biltegia eraiki zuen, aurreko fundazioan agertzen denez.
Bere behartsuak laguntzeko Soraluzek benefizentziako etxea mantentzen du; eta bi sexuetako umeentzako oinarrizko eskola, urteroko 2.920 errealekin lagundua. Espilla doktorearen aberria da, Compendio de conclusiones teológicas lanaren egilea; eta Pedro Colón de Larreategui, Gaztelako kontseilu eta kamarakoa, herri bereko Larreategi oinetxean zeukan jatorria.


Erreferentziak