Mémories sur la derniere guerre (eu)

From Sorapedia
Jump to: navigation, search
Mémories sur la derniere guerre
Mémories sur la derniere guerre. Azala.jpg
Egilea Le citoyen B*** (Beaulac)
Hizkuntza Frantsesez
Urtea 1801
Argitaletxea Treuttel et Würtz
Hiria Paris


Izenburu osoa

Mémoires sur la dernière guerre entre la France et l'Espagne dans les Pyrénées Occidentales

Mendebaldeko Pirineotako Frantzia eta Espainiaren arteko azken gerrari buruzko oroitzapenak


Liburua zertan den

1793-1795 tartean Konbentzioaren gerra izan zen, Espainia eta Frantziaren artean. Gerra, batez ere, muga inguruan jo zen, Pirineotan alegia.

Mendebaldeko Pirineotan, hasiera batean, Espainiak muga zeharkatu zuen 1793 urtean, kilometro batzuetako lurrak hartuz. Baina 1794ko udaberrian errepublikar frantsesek atzera bota zituzten espainolak eta, mugaren beste aldera pasatzen, esparru zabala hartu zuten: mendebaldean Urola bailaraino, hegoaldean Sakanan aritu ziren eta ekialdean Orregaraino.

Azpeitian ezarri zuten inguruetako koartel nagusia, eta handik espainiarren gudarostea behin eta berriz erasotzen zuten, bitartean harrapakinak eskuratuz eta izua zabalduz. Abuztuan, horietako batean, Eibar, Ermua, Ondarroa eta Berriatua erre zituzten.

1794ko negua oso neketsua izan zen frantsesentzat: gosea, hotza, izurria... eta 1795ko udaberrian ezin izan zuten erasoei berrekin. Baina maiatzean, Frantziak gudari saldo berriak bialduta, hasi ziren berriro: Muskiritsun[1] zeudenak bota, Elosuan zegoen Creso jeneral espainola uxatu, Bergara eta Arrasate hartu... eta handik Bilbo, Gasteiz, Ebroko Miranda...

Uztailak 22an Basileako bakea sinatu zen, eta errepublikar frantsesak Bidasoaren beste aldera alde egin zuten.

Egilea bukatzen du liburua gerra kosteen azterketa eginez, eta logistika on baten ezinbesteko premia azpimarratuz. Dena dela, ez da oso gerrazalea agertzen.


Soraluzeri buruzkoak

(119 eta 120 orrialdeak)

Gipuzkoak egiten du muga Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Ozeanoarekin... Itsasaldeko toki nagusiak... barnealdean nabaritzen dira... Elgoibar, Soraluze eta Gatzaga.


(123 eta 124 orrialdeak)

Azpeitiak eta Debak frantziarrekiko nolabaiteko joera erakutsi zuten; baina hauek babestu ezin zituztenez, armak hartu zituzten bizkaitarrak harrotu ziren eta bi aldeetako irainak eta erasoak sortu ziren.
Pinet-ek, honetaz enteratu eta gero, bapatean agindu zuen Bizkaiko lau herrixka erretzeko. Ondorioz, Tolosatik hiru batailoi irten ziren abuztuak 27an; Errezil, Azpeitia, Azcoitia eta Elgoibarretik pasatu ziren, beti borrokan ari zen herrialde etsai batetik, eta beti mirari modukoek salbatuta; Eibarri eta Ermuari su eman eta gero, berriro ziren Tolosan 31ko arratsaldean, Soraluze, Bergara, Anzuola, Urretxu eta Ordiziatik.
Schilt batailoiko komandanteak mendeku bera betearazi zuen Ondarroan eta Berriatuan. Espedizio erromantiko horiek Pineten izena ezagutarazi zuten are gehiago, une hartatik "mendiko zaharrarekin" alderatuta.


(147 orrialdea)

Azaroak 28an... Bergara arpilatu zuten. Frantziarrek Azpeitia eta Azkoitiaz jabetu ziren orduan.


(158 eta 159 orrialdeak)

Maiatzeko 19an Marbot jeneralak arrakastaz erasoa jo zuen espainiarrek Marquirnechu mendian, Elosua eta Elgoybar artean, ezarria zuten kanpamentu baten aurka. Raoul brigada jeneralak, Itziarreko tropekin batera, ibai-ertzean etsaiaren arreta erakartzen zuen bitartean, Azpeitiako bi zutabeek goizeko bostetan erasotu zuten kanpamentua.
Laino lodi batek, mugimenduen ordena nahastu zuena, etsaien zati bat salbatu zuen: haietako hogei hil ziren eta berrogeita hamar preso hartu ziren. Dendak eta kanpamenduko gainontzeko tresnak frantsesen harrapakina bihurtu ziren. Shilt jenerala, bi zutabeetako bat agintzen zuena, erretretan nahastu egin zen eta, Azkoitiara heldu zelakoan, Elgoibarrera iritsi zen. Adore handiz egin zuen atzera eta inolako galerarik gabe itzuli zen bere koarteletara.


(161 orrialdea)

Gipuzkoako armada espainiarra, hamabost mila gizoneko indarra zuena, denbora gutxian bederatzi milatik behera murriztu zen, trebeki eragindako gipuzkoarren eta bizkaitarren deserzioarengatik.
Armada honek Elosua hartzen zuen (Bergara), eta Deba ibaiaren bi aldeetan hedatzen zen; kanoiz hornituriko gotorlekuek defendatzen zituzten ibaia zeharkatzeko puntuak; armada Crespo teniente jeneralaren aginduetara zegoen.


(164 orrialdea)

Mugimendu konbinatu horrek Elosua okupatzen zuen gorputz espainiarra uxatzea zuen helburu; baina Crespok, frantsesen ibileraz ohartarazita, atzera jo zuen uztailak 29ko goizean, eta Urretxutik Gatzagara heldu zen.


Erreferentziak

  • Marquirnechu liburuan.