Plaza Zaharra (eu)

    Sorapediatik

    Kokapena

    Plaza Zaharra Kalebarren bukaeran dago, Erregetxeren azpian eta erreka ondoan.

    Forma irregularra dauka. Erregetxe azpiko zatia trapezioa da, 30 metro luze; anbulatorioko aldeak 15 bat metro ditu, eta Arregia Goikoa etxekoak 8 bat metro. Bigarren zatia erreka ondoko zuhaztia da, 57 metro luze eta 15 metro zabal.

    Mapa kargatzen...


    Argazkiak

    (handitzeko, sakatu gainean)


    Historia

    Izena berak adierazten duenez, herriko plaza zaharrena da.

    Hasiera batean harresi kanpoan geratzen zen[1], Kalebarreneko atea[2] eta Arregia Goikoa etxearen artean. Gerora egin ziren Kalebarreneko beste etxeak, Hiltegi zaharra arte.

    Garai hartan Deba ibaia alderako orma egin gabe zegoen, eta Arregia Goikoaren lursailak eraikina osorik inguratzen zuen. Beraz, gaur eguneko Plaza Zaharra baino txikiagoa zen, eta herri kaskotik gertuago zegoen.

    Kalebarren-en ostean zegoenez, garai haietan Kalebarreneko plaza barria esaten zioten. 1831 urtean gaur eguneko Plaza Barria eraiki ostean, Plaza Zaharra esaten hasi zitzaion.

    XVII mendean hasi ziren Plaza Zaharra zabaltzeko nahian. 1649. urtean Udalak Plaza Zaharra zabaldu nahi zuenez, Vicente Arregia Echevarria jaunari (Arregia Goikoaren jabea) lur zatia erosi zion, haren ordez etxealdetik gertu ziren beste bi lur zati emanaz[3].

    Baina bi urte geroago, Plaza Zaharra zela eta ez zela, Udala eta Vicente Arregiaren arteko harremanak gaiztotu ziren. Itxura denez, Vicente Arregiak bide berria egin zuen Arregia Goikoaren etxe parean eta, utzitako esparrua bain gehiago erabilitzeaz gain, plaza Zaharra desitxuratzen zuela "oso zatarra" omen zelako[4]. Vicente Arregiak, bere aldetik, horma berria bere esparruan zegoela zioen, harmailak barruago egin zituelako, eta oraingo bidean idi-parea pasatzeko lekua zegoela[5].

    1791 urtean, Plaza Zaharra berriro zabaltzeko asmoa zela eta, Arregia dorretxea eta Arregia Goikoaren jabeek behar zen lursailaren erabilera laga zioten Udalari, jabetza gordetzen zuten bitartean[6]. Segururena hedapen hau gauzatzeko Deba ibaiaren aldeko horma jasoko zuten[7]. Eta tarte honetan platano arrunten bi ilara sartu zuten.

    Ibaialdea libre bazegoen ere, bi eraikin jaso zituzten: La casita de papel eta Batzokia. Azken hau 1932 urtean egin zuten, eta aurreko pare bat zuhaitz bota zituzten.

    Gerra garaian, 1937ko azaroak 12ean, orduko Udalak Nafarroako Aldundia zoriondu zuen, Francisco Francok San Fernandoren gurutze laureada eman zionean. Segururena, orduan aldatuko zioten izena plazari, Plaza de Navarra izendatzeko.

    Franco hil eta gero, demokraziarekin plazak jatorrizko izena berreskuratu zuen.

    2010 hamarkadan plaza birmoldatu zuten, eta oinezkoentzako itxi arratsalde eta asteburuetan.


    Eraikinak

    Hainbat etxe eta eraikin daude plazaren bueltan. Kalebarrenetik hasita, eskuman daudenak:

    • Kalebarren 13. Etxe honi Carnicería esaten zitzaion, bertan Hiltegi zaharra zegoelako. Hura bota zuten, eta bere ordez Anbulategia eraiki.
    • Etxaburueta 3. Hemen Erregetxea zegoen, baina 1.976 urtean bota zuten.
    • Gabolats 1. Arregia Goikoa etxea, Txokolonekoa ere esaten zioten.
    • Gabolats 3. Txokoloneko etxe berria, familiarako eraikia.

    Ezkerrean, berriz, beti Kalebarrenetik hasita:

    • Kalebarren 22. Azpian Txoko taberna dago, eguraldi onarekin Plaza Zaharrean terraza zabaltzen duena.
    • Kalebarren 24. Etxe honi Barberokoa esaten zitzaion. Baita La casita de papel edo Paperezko etxetxoa. Azpian Zabala aroztegia zegoen
    • Kalebarren 26. Hemen Soraluzeko Batzokia dago.
    • Gabolats 2. Arregia jauregiari dagokio.


    Zezenketa (Josepf Lamot 1756)

    Istoriak

    Sokamuturra

    Mendez mende sokamuturra egiteko esparrua egokitzen joan da, baina Plaza Zaharra beti izan da sokamuturraren eszenategia.

    Esparruaren leku zabalena da, eta beraz zezenak denbora gehien ematen duen ingurua. Gainera, bankuak direla eta aukera asko ematen die zaleei. Eta Erregetxetik ikuspegi ezin hobea dago ikuskizunaz gozatzeko.

    Sasoi batean sokamuturrarako zezenak Hiltegi zaharrean gordetzen ziren, eta hura botatzerakoan Goikokaletaren behekaldean antolatzen da zezendegia.

    Idi probak

    Plaza Zaharraren zorua galtzada-harriz[8] egindakoa izanik, oso egokia zen idi probak egiteko.

    1933. urtean galipota zabaldu zuten plaza osoan, harrizko zorua azpian desagertaraziz.

    Probarria (dema-harria) Hiltegi zaharraren ondoan geratu zen, urtetan, 1965. urtean Donostiako Trinitate plazara eraman zuten arte.

    Submarino

    Arregia Goikoa etxepean Submarino taberna zegoen.

    Etxea 1963 urtean bota zutenean berria jasotzeko, eta Submarino taberna plaza Zaharrera pasa zen, Banco Guipuzcoano ondoko txosna moduko batetara. Bertan zabalik egon zen Luis Mari Bolumburu jabea (Calisto txikixa) jubilatu artean.


    Erreferentziak

    1. Beste hipotesien arabera harresiak Arregia jauregiraino heltzen ziren, eta Plaza Zaharra harresi barruan geratzen zen.
    2. Kalebarren 5 etxearen parean.
    3. "...a Don Vicente de Arreguia Echevaria se le commpra un pedaço de tierra que está en el parejo de la heredad de don Joseph Manrique de Arana dándosele trueque la heredad y huerta de la iglesia parroquial desta dicha villa y en la huerta y heredad de Juan Goenechea... que están pegantes a las heredades principales del dicho don Vicente de Arreguia" (Soraluzeko Udal Artxibategia 1649/04/05).
    4. "sobre la fealdad del camino que don Vicente de Arreguia Echevarria a echo en las puertas de la su casa de Arreguia de suso, ecediendo en mucha cantidad y afeando la plaça que a echo a mucha costa desta dicha villa y sus vecinos se avian juntado para su remedio" (Soraluzeko Udal Artxibategia 1651/06/30).
    5. "que estando la pared que a echo agora en sus puertas en quanto a los gradones que salen muy adelante y los que agora a echo dexando camino capaz para meter una junta de bueyes" (Soraluzeko Udal Artxibategia 1651/06/30).
    6. Soraluzeko Udal Artxibategia (1791/06/26).
    7. Errekaldeko horma hau ez da zuzena, Batzoki parean Kalebarren aldera okertzen da eta. Zuhaitzek ederki salatzen dute hau.
    8. Galtzada-harri. Adokina.