Sagar-errekako uren eruatea (eu)

    From Sorapedia
    Sare orokorraren krokisa (Javitxooo)
    Oharra: Sarrera hau osatzeko La traída de aguas de Sagar-erreka a Eibar[1] artikulua erabili izan da.

    XX mende hasieran Eibar gero eta handiago egiten ari zenez, udal ur-hornikuntza sistema txiki geratzen ari zen.

    Irtenbide bat Sagar-errekako urak erabiltzea izan zen. Eibarkoek ur-ekartzea esaten bazioten ere, Soraluzen ur-eruatea esan zitzaion.


    Eraikuntza

    Lehen egitasmoa 1912koa da, Rodolfo Agirre injeniariak idatzita. Sagar-errekaren goialdeko Intsuzabal, Lezeta, Bergaretxe, Azurtza, Gastandola eta Albizuri erreken urak hartzea aurrikusten zuten (bost bat km2-ko arroa), eta Soraluzeko Altamiran ur-biltegia eramatea. Handik 992 metrotako tunel batez Eibar aldera pasako ziren. Egitasmo hau ez zen egin.

    1920 urtean Eibarko Udalak Sagar-erreka eta Arribaso (Aierdi erreka eta bere adarrak) erreketako urak ustiatzeko eskubideak Valleko kondeari erosi zizkion, 65.000 pezetatan. Hurrengo urteetan Udal Laborategi Kimikoak urak aztertu zituen, eta bikainak zirela ziurtatu. Udako emaria ere neurtu zuten, 18 litro segunduko, nahikoa zela Eibarren premiak asetzeko.

    Eibarko Udalaren aginduz, 1927 urtean Bergarako Aurelio González injeniariak bigarren egitasmoa idatzi zuen. Bi puntu nabarmenen zituen: Sagar-errekan egin beharreko presa eta Eibarrerainoko 1500 metrotako tunela, mendiak saihesteko 5 kilometrotako erretena egin beharrean.

    Hurrengo hilabeteetan Eibarko Udalak egitasmoa onartu zuen, eta Formanto Ministeritzaren baimena eskatu zuen. Azken hau etorri bitartean ingurukoen onespena lortzeko erabili ziren[2]: Sagar-errekako urak ustiatzeko eskubideak zituzten hiru enpresak eta okupatu behar zituzten lurren 30 jabeak.

    1928 urtean Fomento Ministeritzaren baimena heldu zen: Eibarko Udalak Sagar-erreka eta Arribaso erreken 40 litro segunduko erabil zezakeen, Gorosta errekaren 15 litro eta Txigote errekaren beste 5 litro (azken bi erreka hauek Eibarren daude).

    1928ko maiatzak 4an Oñatiko Javier Zelaia Enparantza kontratistarekin adostu zituzten lanak, 720.000 pezetatan eta 14 hilabeteko epean bukatzeko. Sagar-erreka aldeko lanak presa, ura eramateko erretenak eta Illordoko tunela edo tunel handia izan ziren.

    Lanak berandutu egin ziren eta 1931 urtean bukatu ziren.


    Bilakaera

    Sagar-errekako ur-eruatean lau sasoi bereizi daitezke, gutxi gora behera.

    Eibarko argidun iturria (Plazaola 1960)

    1930-1960

    Sagar-errekako presa zaharra >> Tunel handia >> Iragorri ur-biltegia >> Gisastu ur-biltegia.

    Sagar-erreka inguruetan ez zen lanik egin. 1952 urtean Eibarko aldean lan txiki batzuk egin ziren.

    1960 urtean eibartarrek iturri argiduna ipini zuten, Ariatza zeritzon tokian, Posten eraikinaren aurrean gutxi gora behera. Juan San Martinek Eztenkadak bere liburuan kontatzen duenez:

    Berriz, Eibar-en, len Ariatza zan lekuan, argidun iturri barri bat ipiñi zanian, arro ziran eibartarrak euren "fuente-luminosa" orrekin, Euskalerrietan pare bat ez zala ta. Baña, ori zala ta be, plaentxiarrak majo zabaldu eben autua: Eibartarrak, "fuente luminosa" deitzen detsen iturri barri bat eiñ ebela, Plaentxiako urakin da Eibar-ko "farolekin".

    1960-1975

    Ibarrola presa >> San Martzialgo ur-biltegia >> Irurak Bat zentrala >> Igarateko ur-biltegia >> Tunel handia >> Iragorri ur-biltegia >> Gisastu ur-biltegia.

    1960 hamarkadan ikusten hasi zen ur emaria ez zela nahikoa Eibarren premientzako. Emaria handitzeko, 1965 urtean Eibarko Udalak Zabala, Unzurrunzaga y Cía-ri XX mende hasierako azpiegiturak erosi zizkion, eta erreten luze baten bidez ur guzti horiek tunel handira eraman zituen.

    1975-2009

    Sagar-errekako presa berria >> tunel handia >> Iragorribarriko ur-biltegia.

    1975 urterako sistema oso zaharkituta zegoen, itokin handirekin eta mantenimentu zailtasunekin, Horregatik Sagar-errekan presa berri bat eraiki zuten (gaur egunekoa) eta erretenak berritu zituzten.

    2009-2014

    Urkulu urtegia >> Tunel handia >> Iragorribarriko ur-biltegia.

    Ura Urkulu urtegitik ekarri zuten, Sagar-errekaren arroko urak alde batera utziz. Ura 50 zm-tako tutu berri batek ekartzen du Aretxabaletatik túnel handiraino, Soraluze zeharkatuz [3]. Tunel handia barrutik garbitu eta egokitu zuten tutua sartu baino lehen.


    Azpiegiturak

    Ibarrola presa

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen.

    XX mende hasieran eraikia eta 1965 urtean Eibarko Udalak Zabala, Unzurrunzaga y Cía enpresari erosia, ur emaria handitzeko.

    Sistema osoaren puntu altuena zen.

    San Martzialgo erretena (Javitxooo 2014)

    Erretena

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen.

    XX mende hasieran eraikia eta 1965 urtean Eibarko Udalak Zabala, Unzurrunzaga y Cía enpresari erosia, ur emaria handitzeko.

    3.750 metrotakoa, Ibarrola presatik San Martzial ur-biltegia lotzen zuen.

    San Martzialgo ur-biltegia

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen.

    XX mende hasieran eraikia eta 1965 urtean Eibarko Udalak Zabala, Unzurrunzaga y Cía enpresari erosia, ur emaria handitzeko.

    Boomerang forma du eta 2.500 m2 ditu. Bertan bi pertsona hil ziren, itota. Hemendik 30 zm-tako tutua zentraleraino jeisten da.

    Irurak-bat zentrala Igaraten

    Irurak-Bat zentrala

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen.

    XX mende hasieran eraikia eta 1965 urtean Eibarko Udalak Zabala, Unzurrunzaga y Cía enpresari erosia, ur emaria handitzeko.

    Bi turbina zituen, eta sortutako indarra SAPAri saltzen zioten.

    Igarateko ur-biltegia

    1965 urtean Eibarko Udalak Zabala, Unzurrunzaga y Cía enpresari Irurak-Bat zentrala erosi zionean, Igaraten ur-biltegi berria eraiki zuten, Sagar-errekaren bestekaldean.

    Porlanezko ur-biltegia egiteko Sagar-erreka bera desbideratu izan behar zuten. 15 metro luze da, eta errepidea baino beherago geratzen da. Estalitako ur-biltegia denez, hasieran bertako zaintzaileak ortua jarri zuen, eta gaur egun aparkalekua dago, Joansa enpresaren aurrean geratzen dena.

    Eibarko Udalaren asmoa zera zen, zentralak erabiltzen zituen urak Igaraten biltegiratu eta tunel handiraino igo. Horretarako ponpatzeko turbinak jarri zituzten ur-biltegiaren mendebaldeko aldean, eta tutu luze batez Eitzagaetxetxo baino gorago egin zuten arketa handi batekin (3m x 3m x 3m) lotu zuten. Arkera honetatik tunel handiraino tutua lurperatu zuten, Arribaso baserriaren behekaldetik pasatzen zena.

    Martxan jarri zuten egunean jende asko bildu zen. Ponpak lanean hasi zirenean, urak 120 bat metro besterik ez zuen igo, Eitzakoetxetxo arketarako erdibidean geratu zela. Atzera jeisterakoan, urak turbinen alabeak indarrez jo zituen eta apurtu zituen.

    Ponpa berriak ekarri izan behar zuten, hamar bat urtetan lanean aritu zirenak, nahiz eta motorrak geratzerakoan alabeek asko sufritu.

    Sagar-errekako presa

    1928 urtean eraiki zuten, eta uren eruatearen hasierako puntua zen. Zubitxo baino 100 bat metro gorago zegoen, eta betetzeko Ibarrolako presak hartzen ez zituen urek erabiltzen zituen, eta beste errekasto batzurenak, Sasibaltz esaterako.

    Presarik 1.000 metrotako lurpeko erretena irtetzen zen, Ostegieta mendia inguratzen zuena; bidean pare bat errekastoen urak biltzen zituen (teknikoki Ostegieta I eta Ostegieta II izenekoak). Erretenak Aierdi erreka azpitik pasatzen zuen, sifoi baten bidez.

    1974 urtean porlanezko presa berria eraiki zuten pixkat beherago, eta presa zaharra ur-azpian geratu zen.

    2009 urtean Urkuluko ura ekartzen dute Eibarra eta, beraz, Sagar-errekako urak ez dira erabiltzen: presan bildutako urak gainezka egiten du eta Sahar-errekako bere bidea egiten dute. Presa noizean behin dragatzen dute.

    Ezbeharrak ere izan dira: orain dela urte batzuk gizon batek bere burua bota zuen bertara, eta itota hil zen.

    (Handiago ikusteko, sakatu gainean)

    Eibar aldeko langile taldea (Ortuoste 1929)

    Illordoko tunela edo tunel handia

    Tunela 1.665 metro luze da. Zorua 207 metro itxaso gainetik dago, zeharo horizontala; hau da, ez dauka inolako aldaparik. Tunelaren sabaia oso irregularra da, altura 1,6 eta 2 metro artekoa dela. Gainean 300 metro arbel-haitza du. Nahiz eta diseinuan zuzena izan, bi aldeetatik eraikitzerakoan desbideratu ziren eta erdian hirugarren zati bat zabaldu zuten, okerra. 300 metrotik 300 metrotara zabaluneak ditu.

    Hegoaldeko ahoa (Soraluze aldekoa) Aierdi errekaren ondoan dago. Porlanezko horma batez itxirik zegoen, ate metalikoa zuena. Kanpoan, oso gertu, porlanezko arketa zegoen, Sagar-errekako urak biltzeaz gain Arribaso 1 eta Arribaso 2 izeneko erreketako urak ere jasotzen zituena. Tunel handiaren lehen erdian ur-biltegia zegoen, 1,70 metrotako sakonera zuena, eta aipatutako arketatik ura hartzen zuela. Tunel erdian 1,60 metrotako pareta zegoen, eta handik aurrera tutua, ur-biltegitik iparraldeko ahoraino

    Eibar aldeko ahoaren parean etxetxoa zegoen, 1930 urtean egindakoa hau ere, eta bertan bolantea urari pasoa emateko. Hemendik Iragorriko ur-biltegira porlanezko beste tutua zegoen, lurperatuta, 1.000 metrotakoa eta 35 zm-tako sekzioa zuena. Bidean, tutu honek Aiaga 1 eta Aiaga 2 errekatako urak biltzen zituen.

    2008 urtean tunela egokitu zuten, Urkuluko urtegitik datorren 50 zm-tako tutua sartzeko. Goitik behera garbituz gain, porlanezko zoru berria bota zuten, eta argiak jarri zituzten. Tunelaren altura lehengoa da (1,6 era 2 metro artekoa, tokiaren arabera), ez zuten ezer egin.

    Iragorriko ur-biltegia

    Eibarko aldean dago.

    1972 urtean apurtu zuten, Iragorribarri ur-biltegia egin zutenean.

    Gisastuko ur-biltegia

    Eibarko aldean dago.

    1929 urtean eraiki zuten, tunel handiarekin batera. Biltegi bikoitza zen, eta Bilbao-Behobia autobidea egin zutenean erdi bat apurtu zuten.


    Erreferentziak

    1. La traída de aguas de Sagar-erreka a Eibar. Javier Martin Lapeyra (Eibar aldizkaria 2014-2015).
    2. Onespenak lortzeko dirusariak ordaindu behar izan zituzten.
    3. Soraluzek tutua saihesbidetik ekartzea nahi zuen, baina Aldundiak herri barruko zeharbidetik egin zuen. Ordainetan, igarateko erlaitza egin zuen, eta eliza konpontzeko dirua eman zuen.