Santa Ageda bezpera (eu)

From Sorapedia
(Redirected from Santa Eskea (eu))
Jump to: navigation, search

Santa Ageda[1] jaia Euskal Herrian eta Espainiako zenbait tokitan ospatzen den jai herrikoi tradizionala da, Ageda Cataniakoaren omenez. Bere eguna otsailaren 5ean da, baina leku gehienetan, Soraluze kasu, bezperan ospatzen da.


Ohitura

Baserri girokoa eta kutsu erlijiotsua duen usadioa da, jatorria eta noiztik ospatzen den ez dago argi. Oinarria, Ageda Deunari ohore egitean datza; etxez etxe Santa Agedaren koplak[2] abestuz.

Euskal Herriko herri askotan, ohitura da egun horretan edo bezperan herrietan kopla zaharrak kantatu, makilekin lurra joaz erritmoa markatzeko, jantzi tradizionalekin eta kriseilua lagun, diru edo janari eta edari eskean; etaratakoarekin, afarimerienda egiten zuten. Koplako bertsoak koblakari bakar batek abesten ditu maiz, eta taldeak leloa.

Antzina, mutil gazteak soilik ibil zitezkeen Santa Agata eskean, baina XX mendeko azken hamarkadez geroztik emakumeek eta adin talde guztietakoek ere parte hartzen dute.


Soraluzen gaur egun

Soraluzen, Santa Eskea ere deitzen zaio[3].

2010 hamarkadan lau talde ibiltzen ziren, bezperan gehienak. Inoiz eguna aldatzen da, asteburuarekin tokatzen delako.


Baserrietako taldea Osuma-gain baserrian (Plaentxia.eus 2019)

Baserrietako taldea

1993 urtean hasi ziren Santa Ageda bezperan baserriz baserriko buelta egiten.

Goizetik hasita baserrietako itzuliari ekiten diote, trikiti eta guzti. Hogei bat lagun izaten dira, horietatik laupabost koblakariak; azken hauetako gehienak herrikoak izaten dira, eta bat edo bi kanpotik ekarritako soldatapekoak. Baserri bakoitzean bapateko koplak abesten dituzte, etxeari edo bertako pertsonei zuzenduta. Salbuespena, dolu egoerak izaten dira: orduan ez da koplarik kantatzen. Saioa baserri aurrekaldean egiten dute, baina askotan sukaldean ere, mokadutxo bat janaz eta ardo tragoxka bat eginez. Eguna San Andresko elkartean bukatzen dute, afariarekin; ordaintzeko, jaso duten dirua erabiltzen dute.

2019 urtekoa ikusteko, sakatu hemen.

Ezoziko Ama abesbatza

Ezoziko Ama abesbatza ere Santa Ageda bezperan iluntzean irtetzen ohi da kalera, txistulariek lagunduta, betiko koplak abesteko.

Inoiz, domeka izanik, eguerdi aldean irten dira.


Musika Eskolakoak eliz atarian (Plaentxia.eus 2019)

Soraluzeko Musika Eskola

Iluntzean, Soraluzeko Musika Eskolako ikasle, guraso eta irakasle irtetzen dira. Herriko buelta egiten dute, betiko koplak abesten. Inoiz zapi handi bat eramaten dute, lehio eta balkoitik botatzen dizkieten janari edota dirua biltzeko.

2019 urtekoa ikusteko, sakatu hemen.


Plaentxi Herri Ikastetxea

Santa Ageda egunean, Plaentxi Herri Ikastetxeko 3. eta 4. mailako neska-mutikoek Santa Ageda koplak eskaini dizkiete goizean goiz, ikaskideei eta gurasoei ikastetxeko sarreran.

Makilak eskuetan, ikastetxeko sarrerako eskailerak agertoki zituztela egin dute Santa Eskea.

2019 urtekoa ikusteko, sakatu hemen.


Koplak

Egun honetan bi motako koplak abesten dira, bapatekoak eta tradizionalak.

Bapateko koplak, izenak adierazten duen moduan, bertso modukoak dira, etxe edo pertsona bati zuzendutakoak dira eta momentuan asmatutakoak. Santa Ageda bezperan doinua eta neurria behartuta daude... edo ez, bertsolarien arabera.

Kopla tradizionalak herritik herrira alda daitezke, baina Soraluzen abesten direnak gipuzkeraz daude, eta Euskal Herrian zabalduenak dira:

Zorion, etxe hontako denoi
oles egitera[4] gatoz,
aterik ate ohitura zaharra
aurten berritzeko asmoz.
Ez gaude oso aberats diruz,
ezta ere oinetakoz.
Baina eztarriz sano gabiltza,
ta kanta nahi degu gogoz.
Santa Ageda bezpera degu
Euskal Herriko eguna,
etxe guztiak kantuz pozteko
aukeratua deguna.
Santa maitea gaur hartu degu
gure bideko laguna.
Haren laguntzaz bete gentzake
egun hontako jarduna.


Erreferentziak

  1. Santa Agata jaia. Wikipedia (euskaraz)
  2. Kopla. 10 eta 8 silabako bi lerro-pare, edo 8, 8, 10 eta 8 silabako lau lerro dituen bertsoa; oin errimadunak 8 silabako lerroetan daude.
  3. Santa Agedaren eskea-tik dator
  4. Oles egin: Agurtu, deitu. Oles: atera heltzen denak egiten duen deia.