Trauma, dolu eta memoria (eu)

    From Sorapedia
    Gerra Zibila: trauma, dolu eta memoria lekukotza autobiografikoetan
    Trauma, dolu eta memoria. Azala.jpg
    Egilea Begoña Ariznabarreta Orbea
    Hizkuntza Euskaraz
    Urtea 2024
    Argitaletxea Sancho el Sabio Fundazioa
    Hiria Gasteiz


    Izenburu osoa

    Gerra Zibila: trauma, dolu eta memoria lekukotza autobiografikoetan. Juan Azcarate eta Luis Ariznabarreta Amuategi Batailoiko milizianoak Ipar Frontean.


    Liburua zertan den (egilearen esanetan)

    Sobrevivir y contar la historia para que la locura no acompañe al silencio (La voz dormida, Dulce Chacón).

    “Gerra Zibila: trauma, dolu eta memoria, lekukotza autobiografikoetan” artikuluan, Ipar Frontean parte hartu zuten Juan Azcarate Treviño eta Luis Ariznabarreta Zubiaurre, biak soraluzetar lagunak, Amuategi batailoko milizianoen esperientzia gogorrak aztertzen dira. Artikuluan protagonistek bizi izan zituzten gertaera historikoak gaur egunera ekarri dira lekukotza-iturri historiko eta antropologiko gisa.

    Ikerketaren jatorria 2020ko udaberrian kokatuta dago, Covid19 pandemiaren hasieran, Ariznabarreta Orbea familiak etxeko ganbaran aitaren Gerra Zibilari buruzko eskuizkribu eta dokumentu autobiografikoak aurkitu zituenean. Lekukotza horien aurkikuntza eta artxiboetan ikertzen agertutakoa, Luisen alabetako batengan akuilu zorrotza izan ziren, barnean zeuzkan gerra horretan aitaren partze hartzeari buruzko galderetan sakontzeko. Horren ondorioz, aitarengandik jasotako lekukoa hartu zuen ikerketa pertsonal hau aurrera eramateko.

    Aitaren lekukotza horiek oinarri hartuta lanaren helburua izan da bi milizianoen historia erakustea, gerra krudel hartan eta gerra ondorengo gupidagabeko errepresio urteetan, ehunka mila biktimek jasan zuten sufrimenduaren adibide. Era berean, bi milizianoen familiek pairatutako ondorioak aurkezten dira, eta Luisek gerran bizitako eta ikusitako hildako guztiengatik sufritutako «trauma osteko estresa»; eta harek Francoren diktadurak ezarritako errepresio eta isiltasunetik babesteko eraiki zituen babes psikologiko eta erresistentziak.

    Ikerketarako iturri gisa, hainbat dokumentu eta bibliografia erabili dira; hala nola, Sancho el Sabio Fundazioan dagoen Ipar Fronteari buruzko bibliografia zabala, hainbat artxiboetako dokumentuak, zenbait herritar zibil, miliziano eta gudariren idatzizko eta ahozko lekukotzak, "Postmemoria" eta "Trauma transgenerazionala" arloei buruzko irakurketak; eta batez ere, Luisen dokumentu eta testigantza autobiografikoak. Testigantzetan agertzen diren gertaerak eta Gerra Zibileko gertaera historikoak, arestian aipatutako iturrietan sakonduz egiaztatu dira.

    Artikuluaren ondorioetan Gerra Zibileko gertaera tragikoak jakinarazteko familia-memoriaren transmisioak duen garrantzia azpimarratzen da, gerra horrek gaur egungo gizartean dituen ondorioei buruz hausnartzen da, eta beharrezkoa ikusten dela gaur egungo belaunaldiok gure arbasoen memoriaren lekukoa hartzea eta haiek landu ezin izan zutena guk egitea, historia traumatiko horien zeregin pedagogikoaren transmisioa hurrengo belaunaldiengan bermatzeko.

    Ezinbestekotzat jotzen da historia hauek argitara ematea Gerra Zibilaren ondorioz gertatutakoaren larritasuna ahanzturatik berreskuratzeko, historia pertsonalak garrantzitsuak baitira historia kolektiboa osatzeko; eta baita beharrezkoak ere, gaur egungo belaunaldiok kontzientzia har dezagun, hain trauma lazgarriak sortzen dituen gerrarik ez errepikatzeko. Horretaz guztiaz gain, artikulu honek, Luis Ariznabarretak nahiko lukeen moduan, gerrako biktimen oroimena berreskuratu nahi du.


    Argazkiak


    Erreferentziak

    Liburua ekartzeko, sakatu hemen. Liburua ekartzeko Liburutegi digitalera joan.