Udala. Foru garaia (1499-1695) (eu)

    From Sorapedia
    Udalaren bilakaera historian zehar ikusteko, Udala (eu)

    1499 urteko ordenantzak

    Soraluzek gordetzen dituen ordenantza zaharrenak dira. Bertan aipatzen denez, udala osatzeko eta ordezkariak hautatzeko sistema aspalditik omen zetorren. Berez, 1695 urtean bukatzen den epe hau 1499 baino lehen hasi zen, ordenantzetan agertzen den egitura egonkortu zenean.

    Herritar guztien batzarrari "Udal Orokorra" esaten zioten, eta "udalkide" bertaratutakoei. Udalkidea izateko gizona izan behar zen, 30 urte baino gehiagokoa eta kaparea. Udal Orokorra oso gutxitan biltzen zen, gai edo arazo larrietan erabakitzeko; eta urtean behin ordezkariak aukeratzeko. Ordezkari multzo honi "Udal Itxia" esaten zioten.

    1499ko ordenantzen arabera, Soraluzeko Udal Itxian bost ziren ordezkariak, eta San Migel egunean (irailak 29an) aukeratzen ziren: alkatea, sindikoa eta hiru errejidore (edo teniente)[1].


    Alkate hautaketa

    Alkate izateko zortzi hautagai izaten ziren, lau kaletar eta lau baserritar. Gizonak denak, 30 eta 60 urte artekoak.

    San Migel egunean Udal orokorra biltzen zen. Joan zen urteko hautagai ohiek izen bana proposatzen zuten, eta aldi berean zin egiten zutela persona egokienak zirela. Hautagai bakoitzaren izena bere paperean idatzi, eta zortzi paperak lurrera botatzen ziren. Ume batek paper bat hartu eta alkateari ematen zion. Honek ozenean irakurtzen zuen alkate berriaren izena, hurrengo hamabi hilabeteetan herriko alkate eta epaile arrunta izango zena.

    Alkate berriak izendapena onartzen ez bazuen, 10.000 marabediko izuna ordaindu behar zuen, eta beste zazpi hautagaien artean aukeratzen zen alkatea. Dena dela, inork alkatea izateko ezintasuna bazuen, San Migel baino 30 egun lehenago alkateari adierazi behar zion.

    Urte bateko hautagaiek ezin zuten hautagai izan hurrengo hiru urteetan. Alkateak, berriz, hamar urteko epean libre zegoen.


    Gainontzeko karguen hautaketa

    Sindikoa alkatearen modu berean aukeratzen zuten, zozketaren bidez.

    Gero, alkate eta sindikoak hiru errejidoreak (tenienteak) izendatzen zituzten, zuzenean.

    Egunean bertan beste arduradun publiko ere izendatzen zuten: Santa Maria la Real parrokiaren maiordomoa, ermitenak, ospitalarena...


    Alkateak (eta beste postu batzuk)

    Oharra: Alkateak aldiberean herriko epaile arruntak ziren, Gipuzkoako beste 25 herritan bezelaxe. Sindikoei sindiko-prokuradoreak ere esaten zitzaien. Alkateordeei, berriz, (alkate) tenienteak, bigarren alkateak... Urte berean bi alkate ager daiteke, aldaketa San Migel egunean ematen zelako.
    Urtea Postua Izena
    1499 Alkatea Pero Martines de Yrigoen
    1499 Sindikoa Domingo de Ezquiaga
    1505 Alkatea Juan Martines de Urruscarate
    1506 Alkatea Lope Urtís de Aseguinolaça
    1506 Sindikoa Domingo de Arteaga
    1506 Alkateordea Juan Garçía de Arreguia
    1506 Alkatea Lope de Acheguinolaça
    1511 Alkatea Domingo Yvannes de Loyola
    1512 Alkatea Domingo Ibáñez de Loyola
    1513 Alkatea Pero Sánchez de Yturbe
    1517 Alkatea Juan Garçía de Larriategui
    1517 Alkateordea Pero Estibalis de Arana
    1517 Sindikoa Domingo Peres de Arteaga
    1583 Alkatea Juan de Churruca
    1584 Alkatea Martín lbañez de Arizaga
    1585 Errejidorea Juan lbáñez de Churruca
    1587 Alkatea Martín Martinez de Arechaga
    1588 Alkatea Martín lbañez de Arizaga
    1588 Sindikoa Pedro de Herlaegui
    1591? Alkatea Simón de Iraola
    1592 Sindikoa Pedro Ibáñez de Mendiola
    1593 Alkatea Domingo de Espilla
    1595 Alkatea Juan de Churruca
    1610 Alkatea Martín López de lturriaga
    1620 Alkatea Martín Ruiz de Aguirre
    1662 Errejidorea Juan de Aguirre Araoz
    1662 Errejidorea Domingo de Iraola
    1665 Alkatea Domingo de Yraolagoitia
    1665 Sindikoa Pedro de Unamuno
    1665 Errejidorea Martín de Churruca
    1665 Errejidorea Domingo de Goenechea
    1665 Errejidorea Andrés de Mendiola e lturriaga
    1665 Alkatea Francisco de Yraola y Larreategui
    1666 Alkatea Francisco de Yraola y Larreategui
    1666 Sindikoa Domingo López de Yturriaga
    1666 Errejidorea Domingo de Goenechea
    1666 Errejidorea Domingo López de Yturriaga
    1666 Errejidorea Domingo de Yraola lnsausti
    1666 Alkatea Domingo de Yraolagoitia
    1669 Alkatea Martín de Atucha


    Sistemaren ajeak eta bilakaera

    Sistema, teorian, oso demokratikoa zen: denok zuten aukera hautesleak eta hautagaiak izateko. Euskal demokrazia famatua.

    Baina... ñabardura garrantzitsu batzuk egin behar dira. Alde batetik, hiru giza-talde sistematik at zeuden. Lehenik eta behin, emakumeak, biztanleriaren erdia. Gero, gizon gazteak (18 eta 30 urte artekoak); hauek sisteman sartzeko aukera zuten. Eta, bukatzeko, kanpotarrak; XV mende arte gutxi baziren, ordutik aurrera Soraluzeko armagintzak hartu zuen indarrak etorkin asko erakarri zituen, eta hauek kapareak ez zirenez (edo, zehatzako, kaparetasuna frogatzeko dirurik ez zutenez)... ez zuten udalaren parte izateko eskubiderik ere.

    Baina udalkideen (gizon kapareak 30 urte baino zaharragoak) artean ere bazen aldea. 1499ko ordenantzetan jasotako sistemak, hautagaiak aukeratzeko sistemak, endogamia sortu zuen; familia edo talde batzuk udaleko ordezkari postuak beren artean banatzen zituztela, gainontzekoak albo batera utziz. Urte bateko zortzi hautagaiek hurrengo urteko hautesleak ziren, zortzi hautagai aukeratzeko, eta halaxe urteak joan urteak etorri. Honetaz gain, alkate era sindikoak, errejidoreak aukeratzekoan, gauza bera egiten zuten, "taldekoak" aukeratu.

    Talde honetakoak ez zirenek ez zuten modurik katean sartzeko, eta udal kudeaketatik kanpo geratzen ziren. Modu honetan, udal postuetatik kanpo geratzen zen talde zabalean ezinegona gero eta handiagoa zen, eta haserrea bihurtu. Eta Soraluze salbuespena ez zenez, Gipuzkoa osoan

    Orduan Gipuzkoako Batzar Orokorrak (Hondarribia, 1566/11/15) ordenantza berriak onartu zituen. Alde batetik, ordutik aurrera aginte karguak betetzeko kapareak aukeratu behar ziren, baina "abonatuen" artean; hau da, karguan jarduteko gutxieneko ondasunak izan behar zituzten. Honekin batera hiribildu bakoitzeko kapare zerrendak egiteko betebeharra ezarri zuen.

    Azkenean, 1695 urtean Soraluzeko ordenantza berriak onartu zituzten. Hauteskundeak egiteko San Migel eguna mantentzen bazen ere, prozedura aldatu zen.


    Erreferentziak

    1. Ramiro Larrañagak, bere Soraluze. Monografía histórica liburuan beste osaketa ematen du: alkatea, bi alkateorde, sindiko-prokuradorea eta hiru errejidore: lehena ezkerraldekoa, bigarrena eskumaldekoa eta baserrietakoa hirugarrena.