Goikokaleta (eu)

From Sorapedia
Jump to: navigation, search

1.791 urteko agiri batean Goikokale edo Aldeta ere esaten zitzaion[1]. Erderaz la cuesta de la Obe ere esaten zaio, Anastasia Obengatik, bertako Comercio Arcelus dendaren ohiko jabea.


Kokapena

Goikokaleta Kalebarren goiko aldean dago. Plaza Barriko goiko aldean hasten da, eta Plaza Zaharrean bukatu. 50 bat metro luze da, eta 3-5 metro zabal.

Hegoaldetik etxeak ditu, Kalebarreneko etxe bakoitiak hain zuzen. Iparraldetik Etxaburueta kalea eta Erregetxea dauzka.

Goikokaletak ez dauka etxebizitzarik esleituta, eta ez dago herriko kale-izendegian; hau da, ez dauka ezagupen ofizialik. Hala ere, Kalebarreneko etxe batzuk bertatik daukate (atzeko) sarrera.

Loading map...


Argazkiak

(handitzeko, sakatu gainean)


Historia

1343. urtean Alonso Jauna Erregeak Soraluze eta Herlaibiako biztanleak biltzeko agindu zuenean, eta harresiak eraikitzeko, Goikokaleta hiribildu barruan geratu zen. Etxe batzuk atzekaldean duten irteerak kontutan hartuta, bertan ortuak izango ziren, etxe bakoitzak berea.

Azkenik, Erregetxea egin zutenean, 1805-1809 urteetan, Zabaleta erreka estali zuten, eta karkabari Goikokaletatik eman zioten sarrera.


Kaleak eta atariak

Etxeak ezkerreko aldean daude, baina Goikokaletak ez dauka zenbakirik esleituta. Kaleak aldapa behera egiten duenez, Kalebarreneko behe solairuko hainbat lokalek kale honetara dute lehioak:

  • Kalebarren 1. zenbakia. Goikokaleta hemen hasten da. Gerra aurrean taberna zegoen, eta andra jabeari Bolia esaten zioten. Gero Elduaien altzari denda zabaldu zuten, urteetan. Gaur egun Bolia izeneko taberna dago bertan.
  • Etxaburueta 1. zenbakia. Nahiz eta Goikokaletan egon, etxe honen zenbakia Etxaburueta kaleari dagokio. Urteetan Comercio Arcelus egon da bertan, gaur egun ere zabalik dagoela. Bertako jabea Anastasia Obe zen, eta hortik kalearen erdal izena: la cuesta de la Obe.
  • Kalebarren 5. zenbakia. Eibarko Arrate/ Solozabal autoeskola bertan dauka bulegoa.
  • Kalebarren 7. zenbakia. Kalebarreneko etxe honek, berria egin zutenetik, Goikokaletan dauka ataria. Gainera, lokal komertzial txikia dago, inoiz erakuslehiotzat erabilita.
  • Kalebarren 9. zenbakia. Oruesagasti botikaren lehioak agertzen dira.
  • Kalebarren 11. zenbakia. Etxe honen lehen solairuko etxebizitza batek Goikokaletatik dauka sarbidea.
  • Kalebarren 13. zenbakia. Anbulategia. Puntu honetan Goikokaleta plaza Zaharren parean dago, Anbulategiaren beheko solairuaren pare.

Erregetxeko edo Zabaleta errekako karkaba

Sarrera nagusia: Erregetxeko karkaba (eu)

Eskumako aldean, berriz, Zabaleta errekako karkaba dago, Kalebarrenen 9. zenbakiaren parean.

Etxaburueta errota inguru honetan egongo zen: azken errotaria Sebastian Arzuaga izan omen zen, eta Sebastian Arzuaga batek denda izan zuen Kalebarren 7an, Zabaleta errekaren ondoan.

Erregetxea egin zenean (1.804-1.809) erreka estali zuten, Erregetxe aurrean enparantza ederra egiteko.

Gerra garaian herria frontean geratu zenez (1936-1937) karkaba hau babestokitzat erabili zen.

Jolasak eta jaiak

Goikokaleta eta Etxaburueta arteko harmaila aprobetxatuz, garai batean Mariatrebolinaka jolasten zen, nahiz eta berezko tokia Plaza Barria izan, kooperatiba parean.

Jaietan, sokamuturretan, zezenak Goikokaletan bertan gordetzen dira, Plaza Zaharraren ondoko esparruan hain zuzen.


Erreferentziak

  1. Perutxokua etxearen tasazio eskritura, Soraluze hiribilduko Aldeta kalean edo Goikokalen (Escritura de tasación de la casa de Peruchocua, en la calle de Aldeta o Goicocale en la villa de Placencia). Soraluzeko Udal Artxibategi Historikoa, epaitegi funtsak.