Eliz ataria. Zaharberritzea (eu)

    From Sorapedia
    Revision as of 23:49, 27 February 2021 by Jcao (talk | contribs)
    (diff) ← Older revision | Latest revision (diff) | Newer revision → (diff)
    Zutabe landuak (Arantza Cuesta Ezeiza)

    Aurrekariak

    Zaharberritzearen premia

    XX mende bukaeran Soraluzeko Santa Maria la Real eliza oso egoera txarrean zegoen. Alde batetik, burualdetik hezetasuna gogoz sartzen zenez (gogoratu Buztina izenekotik errekatxoa pasatzen dela), pareten eta erretaula nagusiaren margoak desegiten ari ziren.

    Teilatuetan ere itokinak ziren. Gainera, habe nagusiak brintzatuta zirenez, gangen gainera etorriak ziren, teilatuko pisu guztia bertara pasatzen: gangakapurtzeko arrisku handia zegoen.

    Eliz ataria ere ez zegoen hobeto. Itokinez beteta egoteaz gain, egurra oso kaltetuta zegoen ehundaka urteetako eguraldia jasan eta gero. Istalazio elektrikoa ere ez zen batere segurua, edozein momentuan sutea sortzeko arriskua zegoen eta.

    Zaharberritzearen hiru faseak

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen.

    Eliza hiru fasetan zaharberritu zuten, batez ere arrazoi ekonomikoengatik. Eta larritasunak markatu zituen lehentasunak:

    • Lehengo fase batean (1983-1986) eliz ataria zaharberritu zuten.
    • Bigarren fasean (1999-2002) kanpoko aldeari ekin zioten: drenatze lanak, teilatuak eta dorrea batez ere.
    • Hirugarrenean, berriz, barrualdea zaharberritu zuten (2003-2008).


    Egitasmoak

    Soraluzeko Santa Maria la Real elizaren ataria 1666 urtean jaso zuten.

    Mendeetako kalteak

    Hurrengo mendeetan kalte nabarmenak pairatu zituen, eta hala-nolako konponketak egin zizkioten. XIX mendean (ez da data zehatzik ezagutzen) zati handi bat erori zen, eta orduan aurreko erdiko zutabea ordezkatu izan zuten, toskano estiloko harrizko bat jarriz[1], landu gabeko hainbat habe berri jarri zituzten eta kendutako habe landuei zati aprobetxagarriak moztu zituzten, ahal ziren tokietan jarriz[2].

    XX mendean eliz atariaren egoera gero eta makalagoa zen: egur zatiak galduta (berez edota nahita), pipiak egindako zuloak, instalazio elektrikoa edozein modutan jarrita, umeek egindako sute txikiak... Eta elizaren berogailua Frontoiko aldapa azpian jarri zutenean, zoruaren maila aldatu zuten eta bost zutabeen ipurdiak moztu zuten.

    1962 urtean orduko parrokoak ixteko asmoa zuen, inguruan ospatzen ziren dantzaldiak zirela eta. Lana ez zen burutu, baina hurrengo urtean Udalak larrialdiko konponketa ordaindu zuen (390 bat euro, orduko 65.000 pezeta), eta 1964an, Gipuzkoako Aldundiak emandako 150 eurorekin (orduko 20.500 pezeta) teilatua konpondu eta itokinak kendu zituzten. Modu honetan eliz ataria larrialditik atera zuten, nahiz eta aukeratutako irtenbideek (burnizko eusgarri eta eskorak) taila-lana kaltetu.

    Elizataria zaharberritu aurretik (Juan San Martin)

    Zaharberritzeko asmoak

    Eta hirugarren mendeurrenean, 1966 urtean, zahar berritzeko eskaerak hasi ziren; ez bakarrik herrikosemeak, kanpokoak ere: Luis Pedro Peña Santiago (1966 eta 1972 El Diario Vascon), Juan San Martin (1975 Hoja del Lunesen), Iñaki Linazasoro (La Voz de Españan)...

    Azkenik, proiektua martxan jarri zen. Garaiko alkateek (Alberto Lersundi, Gonzalo Akizu eta Jesús Mari Akizu) gaia bultzatu zuten, eta Gustavo Kraemer Koeller jaunak, Arte Ederretako katedradunak, proiektua idatzi eta zuzendu zuen.

    Proiektua

    Gustavo Kraemer Koeller jaunak proposatutako proiektuak bi alde zituen.

    Hasierakoan, aurrelanak egin behar ziren:

    • Tailatutako pieza guztiak aztertu eta, behar bada, jatorrizko kokapena erabaki. Falta ziren piezak antzeman eta ezaugarriak lortu.
    • Egurra lantzeko gaitasuna landu eta behar ziren egur zatiak, gaztainondozkoak, eskuratu[3].

    Behin falta ziren piezak prestatuta, bertako lana hasiko zen:

    • Lehenik eta behin, teilatua kendu eta eliz atariaren egitura desmontatu.
    • Gainkargaz apurtutako habe luzeak indartu, burnizko T luzeak barrualdean ipiniz.
    • Eliz atariaren egitura berriro osatu, eta egurrari tratamientua eman.
    • Azkenik, teilatua atzera jarri: oholak sartu, tratamientua eman, plastiko ehunez estali dena eta teilak jarri.


    Lanak

    Maketa

    Egur lanak egiteko, berriz, Iñaki Itxasoi (Ignacio de Miguel) aukeratu zuten. Mekanikoa lanbidez, egurra zuen afizioa.

    Lehenengo lana, 1979 urtean, eliz atariaren maketa egitea izan zen, 1:20ko eskalan.

    Hainbat tokitan erakusgarri ibili eta gero, gaur egun Santa Maria la Real parrokian erakusten da.

    Zaharberritze lanak

    Proiektuak agintzen zuen moduan, aurretik eliz atariaren azterketa sakona egin zuen, eta falta ziren piezak landu.

    1981ko uztailan teilatua kendu eta eliz atariaren egitura desmontatzen hasi ziren.

    Gero, egur lana hasi zen. Inaxio Itxasoiren berbatan: ...Adibidez, bi zutoin berri egin behar izan ditut, lehen zituzten marrazkien arabera zizelkatuak; batak 5,60 metroko altuera zuen, 0,32 x 0,36 metroko sekzioa, eta egunean zortzi orduz lan egiten hilabetea eman nuen; eta besteak, 3 metroko altuera eta 0,46 metroko sekzioa zuen. Pazientzia-lanean, azuela, aizkora, trintxa eta gubiaz, nik neuk eginak tamaina hortakoak saltzen ez zirelako.

    Beste pieza asko ukitu egin behar izan zituen eguraldiak kalte handia egiten zielako. Eta, zutoinak bezala, bertatik bertara egin behar izan zituen bost zapata, bi euskarri eta hogeita hamar bat hegal, dena neurrian, pazientziaz eta haritza erabiliz, eraitsi izan diren eraikin zaharren bidez lortu izan dituenak, euskal lurraldetan baita Burgosen ere.

    Eliz ataria berreraikitzen (José Berrueta)

    Lan osagarriak

    Dena dela, lanak aurrera egiterakoan, hainbat lan osagarri egin behar izan ziren. Eliz atariaren egitura desmontatzerakoan, konturatu ziren berrerabilitako hainbat pieza eta pieza zatiak berdinak zirela, eta egitura berriaren diseinua egokitu behar izan zuten, simetrikoagoa eginez. Honek eskatu zuen hainbat pieza berri landu beharra, 13.800 euroko gainkosteaz (orduko 2.300.000 pezeta).

    Harri lanak (zorua eta harmailak batez ere) bigarren fase batetarako aurrikusiak ziren, baina konturatu ziren komenigarriagoa zela zoru berria jarri zutoinak ipini aurretik, hobeto montatzearren. Harmailak, berriz, hurrengo fase baterako geratu ziren.

    Igokunde Andramaria (Arantza Cuesta Ezeiza)

    Igokunde Andramaria irudia

    XVIII mende bukaeran erretaula nagusia erre zenean Igokunde Andramaria irudia garretatik onik ateratzea lortu zuten.

    Berrehun urte pasa eta gero, irudia beltz-beltza zegoen. Eliz atariaren zaharberritzea aprobetxatu zuten irudia ere lehengoratzeko.

    Sakristian gordeta izan zuten urte batzuten ondoren, Abadetxeko kapera zabaltzerakoan bertara eraman zuten.

    Diru kontuak

    Zaharberritze lanak hasi zirenean, 1981 urtean, aurrekontua 90.000 eurotakoa zen (orduko 15.000.000 pezeta).

    Lanak aurrera egitearekin batera, premia osagarriak sortu ziren, garrantzitsuenak hainbat egur pieza berri lantzekoa (13.800 euro, 2.300.000 pezeta).

    Azkenean, kostua 125.198 eurotakoa izan zen (20.866.296 pezeta). Zati handiena Eusko Jaurlaritzak ordaindu zuen, 100.348 euro (16.724.710 pezeta). Gipuzkoako Aldundiak, berriz, 24.000 € eman zituen (4.000.000 pezeta). Falta ziren 850 euro Soraluzeko Udalak jarri zituen (141.586 pezeta).


    Inaugurazioa

    1983ko apirila 24an eliz ataria berrinauguratu zuten[4].

    Bertaratu zirenen artean Xabier Aizarna (Gipuzkoako Ahaldun Nagusia), Imanol Olaizola (Eusko Jaurlaritzaren Kultura ordezkaria Gipuzkoan), Aingeru Zabala (Arte Ederretako zuzendaria), Juan San Martin (Arte Ederretako aholkularia) eta Bergara, Eibar eta Elgoibarko alkateak.

    Meza nagusiaren ostean eliz ataria bedeinkatu eta berrinauguratu zuten. Ostean, Eibarko Musika Bandak kontzertua jo zuen.


    Erreferentziak

    1. Harrizko zutabe hau nondik jiratu zuten ez dakigu, inguruan halakori ez da ezagutzen eta.
    2. Informe técnico núm. 33/73. Dr. Gustavo Kraemer Koeller (Octubre 1973).
    3. Egur pieza gehienak eskuratzea ez zen zaila aurrikusten, 40 x 40 habe handiak salbu. Ezinezkoa bazen, Kraemer jaunak egur laminatua erabiltzea proposatzen zuen, sasoi hartan oso teknika berritzailea.
    4. Placencia: Hoy se inauguran las obras de restauración del atrio parroquial. J.M. Urzelay (El Diario Vasco 1983/04/24).