Juan Garcia de Uribarri (eu)

    From Sorapedia
    Juan Garcia de Uribarri
    Argazkirik ez.jpg
    Jaio Arrasate? Soraluze?
    Hil Soraluze, 1569
    Profila Eskribaua
    Politikoa
    Arma saltzailea


    XVI mendeko Soraluzeko eskribaua izateaz gain, industri eta komertzio gizona izan zen.


    Garçia de Ulybarry aita?

    1481ko otsailak 6an, Garçía Ybannes de Larriategui Soraluzeko alkatea zela eta Juan Peres de Argarate bertako sindikoa, Juan Lopes d’Espyla herriko eskribauak ondasunen errolda[1] egin zuen, herriko gastuak haren arabera banatzeko.

    Nahiz eta folio batzuk falta, geratzen den zerrendak argi erakusten du herriko aberatsena Garçia de Ulybarry izenekoa zela, erroldatutako ondasun guztien %14 berea zela eta.

    Seguraski hau izango zen Juan García de Uribarriren aita, Arrasatetik etorritakoa.


    Aurreko urteak

    Agertzen den lehengo aipamena 1525 urtekoa da[2]. Bertan agertzen denez, Anton Ibañez de Espilla, orduko Soraluzeko eskribaua eta notario publikoa, lanari uko egiten dio Juan Garcia de Uribarriren (gaztea) mesedetan[3].

    1535 urte inguruan Azkoitiako Maria de Urkizu neska gaztearekin enredatu zen, eta alaba izan zuten. Alabak 9 urte zituela Maria honek diru-laguntzak eskatu zizkion Juan Garcia de Uribarri, bai dotea (adin gabekoa[4] zelako umea egin zutenean) eta bederatzi urteei zegokion elikadura-pentsioa. Nahiz eta garai hartan halako eskaerak Soraluzeko udalaren aurrean aurkezten ziren, kasu honetan María de Urkizuk Valladoliden[5] aurkeztu zituen bi eskaerak, Soraluzetik kanpo epai garbiagoa lortzearren segururena.

    1540 urtean alkate egin zuten, urte baterako. Eta bederatzi urte geroago Juan Pérez de Irurek, orduko eskribau publikoak, auzia zabaldu zuen alkate izan zenean egindako banaketa, errenta eta alogera argitzeko[6].


    Herriko aberatsa

    Aita herriko aberatsena izanik, semea aberatsa izatea ere ez da harritzekoa. Ramiro Larrañagan arabera, herriko errota garrantzitsuenetako bat berea zen (Ibaizabal errota). Errekaz beste aldean, Andikokalen, Uribarri dorretxea eraiki zuen. Eraikin laukizuzena zen, 11 x 8 metrotakoa[7].

    Urte haietan herriko zubi nagusia eraiki zen eta, besteen artean, Juan Garcia de Uribarrik 60 dukat mailegatu zion Udalari, lanak oradaintzeko. Baina mailegua ez zioten garaiz itzuli, eta 1549/07/21an auzia jarri zion Udalari Gipuzkoako korregidorearen aurrean, dirua atzera bueltatzeko.

    Hiru puntu hauek (alkatetza, zubi nagusia eraikitzea eta dorretxe berria egitea) lotuta egongo ziren, duda barik.

    1558 urtean Pedro Gonçalez de Escalante ikuskatzaileak Errabaleko Uribarriko dorretxearen goiko solairuak alokatu zizkion, armak aztertu eta gordetzeko, modu honetan Soraluzeko Erret Lantegiak sortuz[8].

    Erregetxe zaharra. Lehen planoan, Uribarri dorrea (Oscar Pérez 2017)


    Hil eta gerokoak

    Juan Garcia de Uribarri 1569 urtean hil zen. Ez zuen semerik izan, eta María Garcia de Uribarri alaba[9] geratu zen ondasun guztien jaun eta jabe, aitaren negozio-tratuak bukatzen.

    Hurrengo urteetan Maria negozioetan jarraitu omen zen, bost urte geroago (1564/02/23) Pedro Pérez de Arteaga jaunak auzia jarri zion eta, 116 erreal eskatuz. Eta 1569 urtean Ibaizabal errota Juan de Churruca-ri alokatu zion.

    Lau urte geroago, 1573 urtean, Fábrica de armas portátiles de fuego y blancas de guerra de la villa de Placencia izango zena sortu zutenean, jauregi osoa erosi zuten. Ez dakigu María oraindik bizirik zegoen.

    Azkenik, 1587/08/07an Ana de Mendiola izenekoak, Francisco de Arizagaren alargunak, 30 dukateko zorrak zirela eta, Juan Garcia de Uribarri jaunaren ondasunaren kontra auzia zabaldu zuen.


    Erreferentziak

    1. Padrón de amillaramiento.
    2. Consejo de la Cámara de Castilla funtsa, gaur egun Archivo General de Simancas-en gordeta
    3. Gaztea (el mozo) berba horrek beste Juan Garcia de Uribarri zaharragoa zela adierazten du, aipatutako Garçia de Ulybarry seguraski.
    4. Estupro agiritean
    5. Real Audiencia y Chancillería de Valladolid, 1542 eta 1544.
    6. Sobre petición de Juan Pérez de Irure, escribano público de Placencia, para que Juan García de Uribarri, alcalde ordinario que fue de dicha villa en 1540, de cuentas de los repartimientos, rentas y arrendamientos de los propios de su concejo (Archivo de la Real Chancilleria de Valladolid 1549-1552).
    7. Ez da jakiten guztiz berria den, edo dorretxe zaharrago baten gainean eraikitakoa.
    8. Soraluze. Monografía histórica. Ramiro Larrañaga (Soraluzeko Udala 1993).
    9. Ramiro Larrañagak, Soraluze-Placencia de las Armas.Monografia histórica liburuan, Margarita Uribarri jasotzen du.