Sanblasopilak (eu)

From Sorapedia
Jump to: navigation, search
Umeak sanblasopilekin (Plaentxia.eus 2018)

Zer eta noizko diren

Sanblasopilak Eibartik etorritako gozokiak dira, San Blas egunean bedeinkatu eta jaten zirenak; modu honetan hurrengo 12 hilabetetan eztarriak babesteko.

Sasoi batean etxeetan egiten ziren, eta San Blas egunean bakarrik jaten ziren (nahiz eta asko Gabon ostean saioak egiten hasi: herriari anis usaina zerion). Gaur egun gehienak gozodenda eta okindegietan egiten dira, eta urte osoan salgai daude.

Dena dela, Sanblasopilak egiteko erretzetak, Soraluzen etxeak beste daude. Nahiz eta denak oso antzekoak izan, beti aldatzen da zer edo zer: osagaien proportzioak, denborak, labaren tenperatura...

Ondoko errezeta hau erabiliz 6 opil handi edo 12 txiki egin daitezke.

Sanblasopilak (Sonia Cid)


Opilak

Osagaiak

  • 6 arraultz tamaina ertainekoak (2 zuringo gorde estalkiarentzat)
  • 300 gramo txerri gantza
  • 500 gramo azukre
  • Koilara txiki bat legamia (Royal)
  • 20-22 anis-esentzi tanta
  • Kilo bat irin

Lanabesak

  • Katilu handi bat, masa nahasteko
  • Irabiagailu elektrikoa (ez da derrogorrezkoa, baina...)
  • Espatula edo egurrezko koilara
  • Paper sulfuratua (laba-papera) edo silikona xafla

Jarraibideak

Ontzi batean bildu arraultzak (gogoratu zuringo batzuk gordetzen gainekoa egiteko), txerri gantza zatitua eta azukrea. Ondo irabiatu (balego batidoraz, bestela eskuaz); gero, legamia eta anis esentzi tantak egin.

Orduan, irina poliki poliki gehitu (100 bat gramo aldi bakoitzean, gutxi gora behera) eta espatula edo egurrezko koilara batekin masari bildu. Kostatzen hasten denean (bi herenak gehituta edo) mahai gaina irinaz igurtzi eta orea bertara aterako dugu; ostean, gainontzeko irina ia guztia gaineratuko diogu eta eskuez landuko dugu (irin gramo batzuk gordetzea komeni da, opilak gainean zabaltzeko gero).

Puntu honetan, askok masa egun batetik bestera lagatzen dute harrotzeko, edo ordu batzuk behintzat.

Bitartean, laba martxan jarri (175º C) eta, berotu bitartean, opilak egingo ditugu: masa hainbat zatitan egingo dugu eta bolak osatu; irin pixka batez mahaia eta rodiloa igurtzi eta gero, banan banan bolak zabaldu eta zapaldu (aukeran, finak hobe potoloak baino). Forma borobila (ala laukia) eman, eta ez ahaztu puntak hatzaparrez ateratzen.

Zenbat bola/ opil egin, zein formako... eragile askoren menpe egoten da: labaren tamaina, erretiluen forma, norberan gustuak...

Opilak erretiluetan jarri, paper edo silikona gainean eta, laba ondo berotuta bertan sartu (berriro ere 175 gradotan). 15 minutu pasatuta begiratu nola dauden eta, alde batean bestean baino eginago baleude, erretiluei buelta emango diegu. Beste 10 minututan laga eta atzera begiratu ateratzeko moduan dauden; beharbada, bizpahiru minutu gehiago utzi.


Gainekoa

Osagaiak

Gaineko zuria egiteko:

  • 2 zuringo (aurretik gordeta)
  • 120 gramo glas azukre
  • Limoi ura tanta batzuk
  • Txokolate urtua (aukeran)

Lanabesak

  • Irabiagailu elektrikoa edo eskuzkoa
  • Labana edo ahizto luzea

Jarraibideak

Batzuk nahiago izaten dute gainekoa hurrengo egunean egitea. Edo, labakada asko egin behar badituzte, denak batera bukatzea.

Opilak egozten ari direla, zuringoak ganoraz harrotuko ditugu (batidoraz, eskuzko irabiatzaileaz, bi tenedorez…) eta ostean “glas” azukrea eta limoi tantak egingo dizkiogu.

Opilen gainean ondo zabaltzeko ahizto luzea erabiliko dugu; oraindik beroak baleude hobe, arinago lehortuko dira eta. Dena dela, zuria ondo gogortzeko 24 ordutan gutxienez laga egin behar dira.

Batzuk izenekin osatzen dituzte: manga batean txokolate urtua sartu eta opilen gainean familikoen izenak idazten dituzte... edo, gozotegi eta okindegietan, San Blas besterik ez.


Sanblasopilak egiten (Plaentxia.eus 2018)

Kontutan hartzekoak

Irina gehiagorekin polboroi efektua lor daiteke, eta alderantziz.

Gantz gehiagorekin olio gustua hartuko dute, eta alderantziz.

Laba denbora gehiagorekin gogorragoak aterako dira (gaileta efektua), eta gutxiagorekin bigunagoaak (bixkotxo efektua).

Arraultzak tamaina handikoak badira gainekoa ez da ondo lehortuko (likido gehiegi).

Eta, batez ere, saioak eta saioak: San Blas aurreko egunetan saio pare bat egitea oso ondo dator labakada ofiziala puntu-puntuan lortzeko.


Erreferentziak