San Blas eguna (eu)

From Sorapedia
Jump to: navigation, search

San Blas otsailaren 3an ospatzen da. Jai erlijioso eta gastronomikoa da.


San Blas, eztarrien zaintzaile

Besteak beste, San Blas belarri, sudur eta eztarriaren zaintzailea omen da. Eta azken puntu honekin lotuta, San Blas eguna ospakizun garrantzitsua da aspalditik Soraluzen[1], baita Eibarren ere.

Eta egun honetan hainbat gauza eramaten dira elizara, meza ostean bedeinkatzeko; hurrengo egunotan haiek jan edo erabili ostean San Blasek eztarriak babesten ditu urtean zehar.

Ume jaia da, umeak eramaten dituztelako mezetara jakiak (goxokiak, fruta edo sanblasopil famatuak). Batzuk kordoiak ere eramaten dituzte[2].

Sanblasopila jan baino lehen, aurreko zatiarekin Aitaren egin[3] behar zen, bestela San Blasen babesa galtzen zen.

Kordoiaren kasuan, lepoan erabili behar da bederatzi egunez. Gero, errezatu ostean kordoia erre behar da eta errautsak uretara bota.


Sanblasopilekin Plaza Barrian (Cortijo 1983)

Garai bateko San Blas egunak

Sanblasopilak egiteko eta jateko ohitura Eibartik etorri omen zen, XX mende erdialdean.

Sanblasopilak aurreko egunetan egiten ziren, familiako bakoitzeko bana[4].

Eskolan, jai izaten zen goizean, mezetara joan ahal izateko. Ia familiko guztiak joaten ziren: umeak, amak eta amamak; aitek eta aittaittek ezin zuten, lanean ari zirelako.

Zapi handi batean bilduta eramaten ziren bedeinkatzeko jaki guzti-guztiak: sanblasopilak, frutak, gozokiak... Ahal zenean, fardelak umeek eramaten zituzten edo, hauek ezinean, amek. Mezatan ez zen girorik umeen artean: fardelak hauskorrak ziren oso eta, elkarren artean bultza eta kolpeka ari ziren besteon fardelak (eta sanblasopilak) apurtzeko asmoz.

Meza ostean, bedeinkatzeko momentuan, fardelak ahal den altuen igo behar ziren... oso momentu aproposa elkarren kontra berriro aritzeko.

Mezetatik urtetzerakoan, 1960 hamarkadatik aurrera, ohitura hasi zen umeei erretratuak ateratzekoa.


Gaur eguneko San Blas egunak

(Handiago ikusteko, sakatu gainean)

Gauza batzuk aldatu dira, eta besteak berdin berdin jarraitzen dute.

Fruta eta goxikiak ez dira eramaten, baina kordoiak bai. Sanblasopilak, askotan, erositakoak dira; baina bertakoek egindakoak saritzeko, urteko lehiaketa antolatzen da.

Oraindik argazki asko ateratzen dira, ume txikiei batez ere.

Egun horretan, herritarrak, beraien opilak zapi edo trapuetan batuta, kalera irteten dira, elizara joan eta bedeinkatzeko. Lepoan jartzeko lokarriak ere bedeinkatzen dira eztarriko gaitzak uxatzeko.


Sanblasopilak (Sonia Cid)

Sanblasopilak. Errezetak

Errezeta bat eskuratzeko, sakatu hemen.

Sanblasopilak egiteko errezetak, Soraluzen etxeak beste daude.

Opila egiteko irina, azukrea, txerri gantza eta arraultzak erabiltzen dira; anis esentzia eta legamia gehitzen zaizkio. Gainekoa egiteko, zuringoak eta glas azukrea; eta limoi-ur tanta batzuk usaingozatzeko.

Nahiz eta errezeta denak oso antzekoak izan, beti aldatzen da zer edo zer: osagaien proportzioak, denborak, labaren tenperatura...


Erreferentziak

  1. Parrokian dagoen irudia XVIII mendekoa da.
  2. Ohitura hau Bizkaitik etorri zen XX mende bukaeran, Abadiño ingurutik hain zuzen, San Blas bertako patroia da eta.
  3. Aitaren egin. Gurutzea egin norberaren gorputzaren gainean: Aitaren (erakusle eta hatzapar luzearekin bekokia ikutu), Semearen (bularra ikutu) eta Espiritu (ezker besaburua ikutu) Santuaren (eskumako besaburua ikutu) izenean, amen (ezpanak ikutu, erpurua eta erakuslearekin gurutzea eginez).
  4. Askotan, Soraluzetik kanpo bizi zirenentzat ere egiten ziren eta, behin bedeinkatu eta gero, bialdu.