«Historia. Erromatarren garaia (eu)»: berrikuspenen arteko aldeak
45. lerroa: | 45. lerroa: | ||
Antxoka Martinez arkeologoaren esanetan, kanpamendu honek erakusten du gerra izan zela bertakoen eta erromatarren artean, orain arte uste izan denaren aurka. | Antxoka Martinez arkeologoaren esanetan, kanpamendu honek erakusten du gerra izan zela bertakoen eta erromatarren artean, orain arte uste izan denaren aurka. | ||
Kanpamendu hau etapako kanpamentua izan zitekeen | Kanpamendu hau etapako kanpamentua izan zitekeen; baina tokia inongo bide ondoan ez dagoenez, inguruko tribuak zaintzekoa izango zen. Alde honengatik, oso adierazgarria da bere kokapena, karistiarren eta barduliarren tribuen artean. | ||
Segururena, Kantauriko gerra aurreko urteetan erabiliko zuten, hau da, Kristo aurreko 30. edo 20. urte inguruan. Ez dakiguna zera da, uda bakarrean egon ziren edo gehiagotan. | Segururena, Kantauriko gerra aurreko urteetan erabiliko zuten, hau da, Kristo aurreko 30. edo 20. urte inguruan. Ez dakiguna zera da, uda bakarrean egon ziren edo gehiagotan. |
17:19, 10 iraila 2022(e)ko berrikuspena
- Adi! Artikulu hau oraindik argitaratze prozesuan dago.
- Zuzentzen baduzu, edo informazioa gehitzen baduzu, mesedez ez kendu ohar hau. Eskerrik asko!
Mende askotan pentsatu izan da erromatarrak ez zirela asko sartu itsas aldeko Euskal Herrian (Saltus Vasconum = euskal basoa), haientzat eskualdeak ez zuelako interes handirik eta. Baina XX. mende bukaerako ikerketek frogatu dutenez, inguru honetako eragina ez zen hain txikia izan.
Inolako duda barik, gaur egun esan dezakegu Soraluzen ere egon, egon zirela.
Aurretik, historiaurrea
Gehiago jakiteko, sakatu hemen
Karistiarrak eta barduliarrak
Erromatar geografoen arabera (Estrabon[1], Plinio Zaharra[2], Ponponio Mela[3], Klaudio Ptolomeo[4]...) Soraluze inguruan bi herri edo tribu bizi ziren: karistiarrak[5] (mendebaldean) eta barduliarrak[6] (ekialdean[7]).
Batzuren arabera Debarroan karistiarrek bizi ziren eta, beraz, Soraluze ingurukoak ere karistiarrak izango ziren. Besteon arabera, aldiz, bi herri hauek Deba ibaia zuten muga.
Kortazarreko castra aestiva
- Gehiago jakiteko, sakatu hemen.
Erromatarren konkista
Sortu zenetik, Erroma inguruko herriak menperatzen saiatu zen. Hasiera batean Mediterraneo inguruaz jabetu bazen ere, Kristo aurreko I. mendean Atlantikoko itsasertza bereganatzeari ekin zion.
Ordurako goi lautada eta Ebro harana menperatuta zeukaten Hispanian, eta mende horretan Julio Zesarrek Galia konkistatu zuen.
Hurrengo urteetan Augusto enperadoreak Hispania osoaren konkista abiatu zuen. Etsai nagusiak kantabriarrak eta astureak zirenez, aurretik inguruko herriak "baketzea" erabaki zuen, gero kantabriarren kontra buru belarri aritzeko (Bellum Cantabricum = Kantauriko gerra, Kristo aurreko 29.tik 19.era).
Arpotoko kanpamendua[8]
Orain dela gutxi arte sinistu izan da erromatarrek ez zutela borrokatu bertakoen aurka (Zelatungo guda ele zaharra lekuko[9]), baizik eta bake itunak sinatu zituztela eta, ondorioz, bertakoek soldaduz hornitu zituztela erromatar gudarostea.
Baina XX. mende bukaeran hainbat aurkikuntza izan ziren (esateko, Arabako Andagosten[10]) Euskal Herrian ere borrokak izan zirela lekuko.
Eta 2016. urte bukaeran Antxoka Martinez arkeologoak (Aranzadi) Kortazarreko Haitzaren inguruan erromatar gudarosteak eraikitako defensa lerroaren aztarnak topa zituen[11], Gipuzkoan agertu den lehena.
Kanpamendua tontorraren inguruan eraiki zuten, eta aldapa leunaren erdian defentsa lerroa; horretarako fossa edo lubakia zulatu eta ateratako lurra goiko aldean pilatu zuten, aggeri edo lubeta bat antolatuz[12]. Lurrezko hesi hartan bi metrotako sudes-ak[13] sartu zituzten, vallum edo egurrezko hesia altzatuz.
Hesi honen erdialdean atea zegoen. Eta ateburuan, kanpamendu barruan, antzeko beste hesia altzatu zuten, atea babesteko asmoz. Kanpamenduko albo zein atzekaldeetan ez zuten lubakirik ezta lubetarik ere egin, aldapak defentsarako asko laguntzen duelako, eta nahikoa zuten sudes-ekin egindako hesiak: Arkotxa Martinezen esanetan, "(erromatarrek) ez zuten hesirik behar, beraientzako garrantzitsuena etsaia begi bistan izatea zen, modu honetan... lehen bailehen berun-jaurtigaiak habailaz jaurtitzeko".
Kanpamenduaren erabilera
Antxoka Martinez arkeologoaren esanetan, kanpamendu honek erakusten du gerra izan zela bertakoen eta erromatarren artean, orain arte uste izan denaren aurka.
Kanpamendu hau etapako kanpamentua izan zitekeen; baina tokia inongo bide ondoan ez dagoenez, inguruko tribuak zaintzekoa izango zen. Alde honengatik, oso adierazgarria da bere kokapena, karistiarren eta barduliarren tribuen artean.
Segururena, Kantauriko gerra aurreko urteetan erabiliko zuten, hau da, Kristo aurreko 30. edo 20. urte inguruan. Ez dakiguna zera da, uda bakarrean egon ziren edo gehiagotan.
Ele zaharra egia bihurturik
Aurkikuntza honek aspaldiko kontu zaharra berretsi zuen, hau da, Mendigainen erromatar kokagunea izan zela, eta Muskiritsu mendiaren izena latinezko Mons Quiritumetik omen datorrela.
1922 urtean Julio de Urquijok artikulu bat[14] argitaratu zuen, Juan Antonio Mogelen Leloren kantuari buruzko izkribu batzuk aztertzen. Izkribu horietan, besteak beste, Mogelek dio:
- (Elezahar hori) Mosquirichu Mons quiritum izenaren usteldura dela dioen tradizioan oinarritzen bada, gerta liteke erromatarrak Debatik etorri izana, aipatutako mendira igo eta izen hori ematea.[15]
Soraluze erromatar bide sarean
Erromatar Inperioaren hedatzeak errotik aldatu zituen konkistatutako herrietako gizarte egiturak eta bizimodua, baina ez maila berean.
Hispaniako iparraldeko herriak, esateko, nahiz eta Kristo aurreko I. mendean konkistatuta izan (Soraluze tarteko), IV. mendean oraindik ekonomia eta gizarte egitura atzeratuagoak, zaharragoak, zituzten[16]. Ez zegoen hiri garrantzitsurik erromanizazioari bidea irekiko zionik; erromatarrek beraiek sortu zituzten hiriak, gehienetan bide eta galtzada alboetan.
Saltus Vasconum
Erromatar geografoek bitan sailkatu zuten oraingo Hego Euskal Herria: Ager Vasconum (Baskoien zelaia, Araba eta Nafarroako lurrak, nekazaritzako aproposak) eta Saltus Vasconum (Baskoien basoa, Ipar Nafarroa, Gipuzkoa eta Bizkaiako lurrak, nekazaritzako zailak).
Soraluze ingurua Saltus Vasconum esparruan kokatzen zen; hau da, nekazaritza eskas, artzaintza oparoagoa eta, azken finean, jende gutxi bizi zen eskualdea.
Via Ab Asturica Burdigalam
Antonino enperadorearen Ibilbideak[17] hainbat erromatar bide jasotzen ditu, horietako bi Euskal Herrian: Astorga-Bordele eta Astorga-Tarragona (Ebro harana). Bide hauek esparru aberatsenak lotzen zituztenez, Ager Vasconum-etik pasatzen ziren.
Euskal Herria zeharkatzen zuen bide nagusia Astorgatik Bordelerainokoa zen (A-34: Via Ab Asturica Burdigalam[18]), mendebalde-ekialde norabidean. Merkataritza eta garraio norabide nagusi hau, mendebalde-ekialdea, beste hamar mendeetan gorde zen, tartean Santiobideari hasiera emanez.
Astorgan hasita, Virovescatik (Briviesca) aurrera etapak[19] hauek ziren: Vindeleia (Pancorbo), Deobriga (Miranda ondoan), Beleia (Iruña-Veleia), Suessatio (Arkaia), Tullonio (Agurain), Alba (San Román de San Millán), Aracaeli (Uharte-Arakil ondoan), Alantone (Atondo), Pompelone (Iruña), Turissa (Auritze), Summo Pyreneo (Ibañeta), Immo Pyreneo (Donazaharre), Carasa (Garrüze), Aquis Terebellicis (Akize)... eta hemendik Bordelera.
(handitzeko, sakatu gainean)
Ab Asturica Burdigalam Euskal Herrian
(Omnes Viae web orria)
Kostako portuak eta Via Agrippa
Lehorreko bidearen paraleloan, eta Hispania osoa konkistatuta, erromatarrek aurki sortu zuten itsasoko bidea ere, itsasertzeko herrietara lehorreko bidea baino azkarrago zelako. Baina kabotajeko[20] bidea izanik, bidaiak egin ahal izateko portu asko sortu zituzten: Lapurdum (Baiona), Oiearso (Irun), Morogi, Menosca (Zarautz), Vesperies, Tritium Tiboricum (Astigarribia), Forua, Flaviobriga (Castro Urdiales)...
Gehienak oppida[21] ziren, oso txikiak. Baina batzuk polis[22] edo civitas ziren: Lapurdum, Oiasso, Tritium Tiboricum, Flaviobriga...
Herri hauek elkarrekin lotzen zituen bidea ere zabaldu zuten erromatarrek: Via Agrippa[23]. Baina merkataritza itsasoz mugitzen zen, azkarrago eta merkeago zelako.
Tarteko bideak
Via Ad Asturica Burdigalam eta kostako portuak lotzeko bigarren mailako bideak zabaldu edo berrerabili ziren. Horietako, euskal mendiak zeharkatu behar ziren, puntu egokienak bilatuz.
Arabako lautadatik bi bide heltzen ziren Tritium Tiboricum[24] porturaino (Deba ondoko Astigarribian edo Mutrikun[25]). Lehena Veleiatik[26]abiatzen zen eta Krutzeta mendatetik (697 m) pasatzen zen, Arrasate ingururaino. Bertan bat egiten zuen Suessatiotik[27] zetorrenarekin; azken bide honek Arlaban mendatea (598 m) erabiltzen zuen.
Arrasatetik Bergarara lehen, eta Deba ibaiaren eskumako ertzetik Osintxuraino, hemen ezker ibaiertzera pasatzeko. Soraluzera heltzerakoan, Ibaizabal ibitik beste aldera pasatzen zen, gaur eguneko Zubi Nagusia dagoen inguruan. Hortik aurrera Ezozia eta San Roketik Elgoibar aldera heltzen zen, eta handik Tritium Tiboricum porturaino.
Berez, bidea zaharragoa izango zen, baina erromatarren garaian askoz erabilera handiagoa izango zuen, lehorreko eta itsasoko bide garrantzitsuak lotzen zituelako. Erromatarren bide nagusi hau erabili izan da XVIII mendearen bukaera arte, Maltzagako sakonuneko bide berriak eraiki arte.
Bide honetaz gain beste tarteko bide batzuk ere baziren: Tullonio edota Albatik Lizarrateraino (San Adrian, 1.050 m) igotzen zena, handik Oria ibaiaren barrena sartzeko. Honen adar bat Urbiaren barrena abiatzen zen, Debarrora jeisteko (1971.eko apirilean Oltzako artzain-txabola batean erromatar aldare harria topa zuten[28]).
Soraluze erromatarren garaian
Kortazarreko Haitzan ezarritako castra aestivaz gain, ez da Soraluzen erromatarren bestelako aztarnik topa.
Aurreko mendeetan moduan, bizibideak abelzaintza eta nekazaritza izango ziren (azken hau oso urria, hala ere). Gainera, eta merkataritzari lotuta, oso litekeena izango zen Ibaizabal ibi ondoan (geroko Soraluzen) herrixka bat garatzea, bidaiari zein garraiolariei zerbitzuak emateko.
Honetaz gain, eta Saltus Vasconum oso emankorra ez zenez, bertako gazte asko erromatarren legioetan izena ematen zuen. Esateko, Eskoziako mugan koarteleratuta Cohors I Vardollorum egon zen[29], hasiera batean barduliarren artean bildua.
...eta erromatar ele zahar gehiago
2016. urtean Kortazarreko Haitzan egindako aurkikuntzek aspaldiko ele zaharra berretsi zuten, baina badira beste batzuk oraindik demostratu gabekoak. Berpizkunde garaian Erroma eta erromatarrak modan jarri ziren, eta haiekin lotzeko arrastoen bila jarri ziren ikerlariak zein herriak. XVII. eta XVIII. mendeko historialariek beste hiru aldiz, gutxienez, lotu zuten Soraluze erromatarrekin.
Gabriel de Henaok, Averigvaciones de las antigvedades de Cantabria liburuan (1689) bi aipamen jaso zituen.
Lehena Esteban de Garibai arrasatearrak idatzia. Honen arabera, Soraluze erromatarrek sortu omen zuten; zehazki, Extremadurako ambraciatarrek Gipuzkoara etorri eta bertan Placencia izeneko hiria sortu omen zuten; eta mila urte geroago, musulmanek jatorrizko Ambracia desegin zutenean soraluzetarrak Extremadurara itzuli ziren Ambracia birsortzera, eta Plasencia[30] izena jarri zioten.
Bigarren aipamena, berriz, Iosef Pellizer-ena da, Tritium Tiboricum Gipuzkoako Soraluzen zegoela idatzi zuela, eta ez Debako Astigarribian. Dena dela, badaude beste teoria batzuk Tritium Tiboricum kokatzeko: Mutriku, Arrasate, Errenteria, Naxera, Valle de Tobalina...
Azkenik, La Cantabria vindicada (1779) liburuan, Joseph Hippolito de Ozaetak Egotza baserriaren aipamena egiten du, Egossa eta Egoza erromatarrek erabilitako izenak zirela esaterakoan. Gogoratu behar da Egotza oso kokapen egokia duela Deba bailara zelatatzeko.
Hauek denak ele zaharrak dira, hirurehun edo larehun urte besterik ez dituztenak, eta oso oinarri ahulak. Baina, batek daki inoiz ele zahar horietako bat ez den egia bihurtuko, Mons Quiritum, Muskiritzu eta erromatar kanpamentuarekin moduan!
Eta ostean, mundu baten gainbehera
Gehiago jakiteko, sakatu hemen
Erreferentziak
- Bertan 17. Erromatar garaia. Mertxe Urteaga (Donostia 2017).
- ↑ Estrabon. Wikipedia (euskaraz).
- ↑ Plinio Zaharra. Wikipedia (euskaraz).
- ↑ Ponponio Mela. Wikipedia (euskaraz).
- ↑ Klaudio Ptolomeo. Wikipedia (euskaraz).
- ↑ Karistiarrak. Wikipedia (euskaraz).
- ↑ Barduliarrak. Wikipedia (euskaraz).
- ↑ Hau da, Gipuzkoan. Hortik Gipuzkoaren leloa: Fidelissima Vardulia, numquam superata (Vardulia txit fidela, inoiz ez gainditua).
- ↑ Arpoto. Kortatzarreko haitzaren (ez horren) aintzinako izena.
- ↑ Tradiciones Vasco-Cántabras. Juan Benantzio Arakistain (Tolosa 1866).
- ↑ Andagosteko gudua. Wikipedia (euskaraz).
- ↑ Karakate mendia. Antxoka Martinez (Aranzadiana 2016).
- ↑ Lubeta. Lurreko hesia, mendoitza edota ezponda moduan ere ezagutua.
- ↑ Sudes. Erromatar soldaduek beraiekin zeramatzaten hesolak, normalean bi.
- ↑ La Crónica Ibargüen-Cachopín y el Canto de Lelo. Julio de Urquijo e Ibarra (RIEV Revista internacional de los estudios vascos = Eusko ikaskuntzen nazioarteko aldizkaria, 13 alea, 3.zbk. 458-282 orr.)
- ↑ Si (la leyenda) se funda en alguna especie de tradición, que ha quedado, de que Mosquirichu es corrupcion de Mons quiritum, pudo suceder que viniendo los romanos por Deva suviessen a dho monte y le diesen tal nombre.
- ↑ Sobre los origenes sociales de la Reconquista. Abilio Barbero eta Marcelo Vigil (Ariel 1974)
- ↑ Antoninoren Ibilbidea. Wikipedia (euskaraz).
- ↑ Ab Asturica Burdigalam. Wikipedia (euskaraz).
- ↑ Etapa. Egunean egin daitekeen bidea. Hasiera eta bukaeran mansio edo ostatua zegoen.
- ↑ Kabotaje, itsasertzean zehar egindako nabigazioa da, gau guztiak portu batean emanda. Lehorreko bidaien paraleloa da, baina mansio batetik bestera ibili beharrean, portu batetik bestera.
- ↑ Oppidum. Kastro edo herri harresitua.
- ↑ Polis (grekoz) edo civitas (latinez). Hiria.
- ↑ Ez da nahastu behar Galiako Via Agrippa-ekin, askoz garrantzitsuagoak, Lugdunum (Lyon) lotzen zutela hainbat hiriekin, besteak beste Burdigala (Bordele).
- ↑ Tritium Tiboricum. Wikipedia (euskaraz)
- ↑ Mutriku izena Tritium Tiboricum-etik omen dator.
- ↑ Iruña-Veleia. Wikipedia (euskaraz)
- ↑ Suessatio. Wikipedia (euskaraz).
- ↑ Batzuk diotenez, 30 kilotako aldare harria artzainak berak igo omen zuen Arabako Galarretatik...
- ↑ 1.000 bat soldaduk osatua, 760 oinezko eta 240 zaldizko.
- ↑ Plasencia. Wikipedia (euskaraz).