Bilakaera urbanistikoa. Hiri gutuna (eu)

    Sorapediatik
    Adi! Artikulu hau oraindik osatu barik dago.
    
    Osatzeko informazioa edo materiala baldin badaukazu, animatu eta aurrera!
    
    Bilakaera urbanistiko osoa ikusteko, Bilakaera urbanistikoa (eu)

    Aurrekariak. 1343 urte aurrekoak

    Gehiago jakiteko, Bilakaera urbanistikoa. Hastapenak (eu)

    Alfonso XI erregeak hiri gutuna eman orduko, Soraluze inguruan bazegoen egitura bat.

    Alde batetik, erregebideak ziren. Nagusia, Gasteiztik itsasorainokoa (Deba). Erromatarrek zabaldua, Soraluzen bertan Deba ibaia zeharkatzeko ibia zegoen. Honetaz gain, Iriretik barrena Eibar eta Bizkaia alderakoa, eta Azkoitirakoa, azken hau Pagobedeinkatutik pasatzen zela.

    Bideak zaintzeko (eta zergak kobratzeko) hainbat puntu ere baziren: Arregia dorrea eta Atxuri etxea erregebide nagusian, eta Irure Eibarko bidean.

    Jende gehiena bi etxe multzotan biltzen zen: Soraluze eta Herlaibiako eremua. Eta Soraluze ondoan monastegia zegoen.


    Hiri gutuna

    1.343 urtean, Algecirasen setioan zela, Gaztelako Alfonso XIk Placencia sortzeko hiri gutuna eman zuen. Guvantesen hiztegian 1802 urtean jasotzen denez:

    Hiribildu hau Gaztelako errege Alonso XI jaunaren aginduz 1337an sortu zen, Soralucen bizi ziren Markinako gizonek, garai hartan bailarako izena, eta Herlaibia-ko tokian bizi zirenek herri hau sortzeko, Placencia izendatuz, eta hesitzeko eta eliza bertan egiteko: Logroñoko forua eman zien biztanleei, eta herriari behar zituen mugak. Eta hau dena Algeciraseko errealean 1281 aroan, 1343 urteko urriak 15ean emandako pribilegioz, Gipuzkoan merino nagusia Beltran Velez de Guevara zela, probintziako jendeez errege zerbitzuan zela aipatutako plazaren setioan.


    XIV mendeko Placencia (saiakera)

    Kokapena eta mugak

    Herri berria aurreko Soraluzeren tokian bertan egin zuten. Hau da, Ibaizabalen eskumaldean, ibiaren parean.

    Mendebaldetik ibai ondoan zegoen, eta ekialdetik ia Sorakuze monastegiko elizaren azpiraino heltzen zen. Ipar eta hegoaldetik, berriz, Zabaleta baserriaren ingurutik jeisten ziren bi errekek mugatzen zuten.


    Eraikuntza

    Hiri gutuna lortu eta gero, pentsatzekoa da aurreneko lana orubeak finkatzea eta banatzea izango zela. Gero, norberak bere etxea eraikiko zuen, eta guztion artean harresiak.

    Dena dela, hiri gutuna lortu eta bost urteetara izurri beltza[1] heldu zen Soraluzera, 1348 udan hain zuzen. Heriotz asko eragin zuenez (Nafarroako erresuman, esateko, biztanleen erditik gora hil omen ziren) Soraluze berriaren eraikuntza asko motelduko zen.


    Kaleak

    Orduko herri askoren moduan, hiribildu sortu berriari lauki forma eman zioten, alde luzea ipar-hegoalde norabidean zeukala.

    Tartean bi kale besterik ez zituen, erdian gurutzatzen zirela. Kale laburra ibitik Azkoitiarako bideari zegokion, ekialdetik mendebaldera: goiko zatia gaur eguneko Udaletxeko aldapari zegokion, eta behekoa Abadetxe ondoko aldapari, ibaira jaisten dena.

    Kale luzea, berriz, hegoaldetik iparralderutz zihoan. Hau ere bi zatitan banatzen zen, Kalegoen eta Kalebarren. Azken hau itsasalderako bidearekin bat egiten zuen.


    Etxeak

    Bi kaleak hiribilduaren erdi-erdian gurutzatzatzen ziren, etxe multzoa lau bloketan banatzen.

    Garaiko ordenantzak agintzen zutenez, etxeak estuak eta luzeak ziren. Zabalera arautua 6 kanakoa zen[2]; hau da, bost bat metrotakoa. Kalegoen-Kalebarren ardatzetik begiratuta, mendialdekoek beheko eta lehen solairua zituzten, eta ganbara. Errekaldekoek, berriz, sotoa, behe solairua eta ganbara.

    Hasierako etxeak harri, adreilu eta zurezkoak ziren. Garai hartan mehelin asko (etxe tarteko paretak) oraindik egurrekoak edo adreiluzkoak zirenez, etxen batean sutea suertatu eta gero oso errez zabaltzen zen gainontzeko etxeetara. Horregatik XV mende inguruan mehelinak harrizkoak egiteko agindu zuten.

    Alfontso XI erregeak Juan Pérez de Loyola eta Gil López de Oñaz-en beste anai bati (anaiak, nahiz eta abizen desberdinak izan!) lur sailak eman zizkion hiribilduaren barruan, eta honek Loiola etxea sortu zuen.


    Herriaren profila, goitik behera ebakita, Kalebarren 1. parean

    Harresiak eta ateak

    Erregeak harresiak (itxiturak) eraikitzeko agindu ba zuen ere, ez da inolako arrastorik heldu, ez materiala ezta agiri zaharretan ere. beste hiribildutan egin zena kontutan hartuta, pentsatzekoa da ibai zein mendi aldean etxeetatik metro batzuetara egongo zirela, eta esparru horretan etxe bakoitzak bere ortua izango zuela; eta beste bi alboetan, berriz, etxeetako horma itxiak aprobetxatuko zirela.

    Baina harresietako ateak bai aipatzen direla: Kalegoenekoa (Ormaetxea jauregiaren parean), Kalebarrenekoa (Kalebarren 7/9 zenbakien artean) eta Zubiko atea, ibaiaren gainean. Azkoitirako bidean laugarren atea ere izango zela suposatzekoa da.


    Eliza

    Erregearen beste agindu bat eliza eraikitzekoa izan zen, baina ez zen bete: Soraluzeko monastegiarena erabiltzen jarraitu zuten.

    Eliza hau etxe-multzotik kanpo geratzen zen, gorago, Azkoitirako bidearen eskumaldean. Etxeen eta elizaren arteko esparrua espazio publiko zabal bakarra zen, oso aldapatsua.


    Hurrengoak. XV mendeko hedapenak

    Gehiago jakiteko, Bilakaera urbanistikoa. XV mendeko hedapena (eu)

    Hiribildua sortu eta hurrengo mendean txikia geratu zen. Etxe berriak egiteko bi motako hedapen izan zituen, harresien ingurukoak (Kalegoen eta Kalebarren, Etxaburueta) eta arrabalak (Errebal, Arane eta Irusagarreta).

    Garai hartan zubi berria eraiki zuten, ibaia edozein momentuan zeharkatzea ahalbidetuz, ufalen bildur barik. Eta ospitala zabaldu zuten Errabal kalean.

    Ibaiaren bestekaldean ziren ere sutegi edo forjak, modu honetan sute arriskuak gutxituz.


    Erreferentziak

    1. Izurri beltza. Wikipedia (euskaraz).
    2. Gutxi gorabehera, kana batek 84 bat zm. zituen.