Armagintza II ibilbidea (eu)

    Sorapediatik

    Badira bi ibilbide Soraluzen geratu diren armagintzaren aztarnak erakusten dituenak.

    Biak zubi nagusitik irtetzen dira. Ibilbide hau Mutxaneko olara doa (1.900 bat metro), eta bestea Olearaino (900 bat metro).

    Bi ibilbideak osagarriak dira, eta nahi bada batera egin daitezke.

    Mapa kargatzen...


    Zubi nagusitik Mutxaneko olaraino

    Armagintza beste ibilbidearen moduan, ibilbide hau ere zubi nagusitik hasten da, baina errekaren ezkerraldeea joko dugu. Sagar-errekako ibilbidearen zatia bada ere, bakarrik armagintzarekin zerikusia duena hartuko dugu kontutan. Gainontzeko puntuei buruzko informazioa lortzeko Sagar-errekako ibilbide osoa begiratu hemen.

    Zubi nagusitik hasita, Andikokalen eskumara joko dugu, Baltegiera kaletik. Lehenik eta behin Polikiroldegiaren aurretik pasako gara, Fabrika zaharra izandakoa eta 1.975 urtean eraitsia; 200 bat metro aurrerago joanda Fabrika berriaren eskumaldean eraikinak topako ditugu. Gerra aurrean errepidea bost bat metro goratu egin zutenez, Iturburu azpian geratzen da, eta eraikinak goitik behera ikusteko aukera dago. Hurrenez hurren tratamendu termikoen nabe garaia, nabe luzea, bulego eraikina, nabe luzea, tailer-eraikina eta ekonomatoa. Bulegoen bestekaldean lurpeko probalekua (babestokia edo refugioa ere) eta biltegiak daude.

    Fabrika berria Sociedad Anònima Placencia de las Armas-ek eraiki zuen gerra aurrean, Fabrika zaharra txikia geratu zelako. Horretarako inguruan zeuden bi benta (Benta zarra eta Benta txuri) bota zituzten.

    Fabrika berriaren 250 metro pasa eta gero, Olabarrenako presa ikus daiteke, herriko zaharrenetakoa hau ere[1]. Bildutako ura Olabarrenara eramaten zen, aurretik burnia lantzeko eta gero indarra sortzeko. Olabarrena zegoen tokian gaur egun etxebizitzak daude, baina hurrengo etxearen ostean, erreka aldean, irteerako erretena ikus daiteke oraindik.

    Sagar-errekako gurutzebide ondoan Igarate izenekoa zegoen. Aurretik baserria, gero lantegia eta biltegia, eta azkenik bertan eraiki zuten The Placencia de las Armas Company Limited enpresaren zuzendarientzako etxea. Herriko sahiesbidea egiteko bota zuten.

    Igaraten ezkerrera hartuko dugu, Sagar-erreka bidetik gora. Industrias Gol-en parean, erreka ondoan Errotabarri baserriaren aztarnak antzeman daitezke, ura irtetzeko arkua hain zuzen. Errotabarri hau ogi errota izan baino lehen ola izan zen.

    Eta San Martzialeko bidegurutzera heldu baino pixkat lehenago, ezkerreko aldean bi baserri zeuden, beraien izenez armagintzakin lotuak: Galtzairukoa eta Barrena. Lehenak zutik dirau, eta bigarrena Tornilleria Oruesagasti dagoen tokian zegoen. Bion artean Errotabarriko presa ikus daiteke oraindik.

    San Martzialerako bidea ezkerrean utzi, aurrera egiten badugu Sagarraga industrialdera helduko gara (300 m). Industrialdearen azpian Sagarraga baserria zegoen. bere sasoian Soraluzeko ola garrantzitsuenekoa izan zen[2].

    Sagarragari Nafarrenekua ere esaten zitzaion, eta izenak nafarreriarekin (biruela) lotura izan dezake: Sagarraga herritik kanpoan dagoenez eta aldiberean gertu, oso toki aproposa zen hospital gisa erabiltzeko ospital moduan gaixotasun kutsakorrak zirenean. Gorago dagoen iturriari ere Ospittal iturri esaten zitzaion, nahiz eta gaur egun Kukupe izena ezagunagoa izan.

    Industrialdea bukatzen den tokian bertan Mutxaneko ingurura jeisteko bidexka dago. Bertan ola, etxea (Mutxaneko etxezarra), presa eta erretena ikus daitezke, nahiz eta oso hondatuta.


    Irudiak

    (handitzeko, sakatu gainean)


    Sagar-errekako ibilbidea

    Sagar-errekako ibilbideak errepidetik gora jarraitzen du, segi nahi eta gero.

    Edo Galdaramino, Azkonabieta... mendietara joatea nahi bada, Debabarreneko Aisialdia eta Turismoaren Mahaiak prestatutako Soraluze - Sagarerreka ibilbidea egin daiteke.


    Erreferentziak

    1. 1.756 urteko Lamoten mapa ospetsuan agertzen da, Malmeronekoarekin batera.
    2. Sagarraga: casa solar y ferrería. Ramiro Larrañaga (R.S.B.A.P. 1972).