Gipuzkoako zubien katalogoa (eu)

    From Sorapedia
    Gipuzkoako zubien katalogoa
    Gipuzkoako zubien katalogoa. Azala.jpg
    Egilea Julio Núñez
    Hizkuntza Euskaraz/ Gazteleraz
    Urtea 1994
    Argitaletxea Eusko Jaurlaritza
    Hiria Gasteiz


    Izenburu osoa

    1900. urtea baino lehenagoko Gipuzkoako zubien katalogoa

    Catálogo de puentes de Gipuzkoa anteriores a 1900


    Liburua zertan den

    Izenburuak adierazten duenez, Gipuzkoan dauden 1900. urteko baino aurretik dauden zubi asko /gehienak biltzen duen katalogoa.

    Jasotako zubi bakoitzeko fitxa bat betetzen du ezaugarriekin, argazkia/k eta azalpena ere.


    Soraluzeri buruzkoak

    Soraluzen badira 1900. urtea baino zaharrago diren hainbat zubi. Gasteiztik itsasalderako bide zaharrean Herlaibiako zubia, Zubi Nagusia, Gabolatseko zubi zaharra eta Ipintzako zubia. Bizkaitik Gipuzkorako errege bidean Igarateko zubia eta Keixetako zubia zeuden. Eta hauetaz gain Olabarrenako zubia, Alzubiagako zubia, Galipoteko zubia...

    Hala ere, katalogo honek zubi bakarra jasotzen du, Zubi Nagusia hain zuzen. Gila izendatzen du zubia, eta bi orrialde erabiltzen ditu datuak jasotzeko (165 eta 166. orrialdeak).

    Fitxaren arabera, Gila zubia Soraluzen dago, Deba arroan eta Deba ibaia zeharkatzen du. Zubi zuzena da eta bi arku ditu, bata eskarzanoa (zabalera 22,10 m eta altura 5,05 m) eta borobila bestea (zabalera 9,20 m eta altura 4,25 m). Pilar edo zutabe bakarra du, 4 metro zabal eta triangularra, goikaldean babeslekua eskaintzen duena.

    Gila zubia, katalogoan agertzen den argazkian

    Azalpenak halaxe dio:

    Zubiaren kokalekuak garbi azaltzen du haren bide-funtzioa, eta arkitekturan hiru fase bereiz daitezke nabarmen, honako elementuok barne:
    1. fasea: uraz goitiko arkua eta pilarea;
    2. fasea: uraz goitiko ezkerraldeko arkua;
    3. fasea: zabalpen modernoa eta zubi zaharreko zapatak sendotzeko lanak.
    1780. urtekoa da zubiari buruzko lehen dokumentu-aipamen ziurra, Udalak zubi-bidea moldatzeko hitzarmena sinatu zuenekoa hain zuzen. Baliteke, bestalde, lehenagoko aipamen batzuek Gibolas izenez aipatzen duten zubia hau bera izatea.
    Nolanahi ere, zubiaren tipologiak XVII. mendean haran horretan berean eraikiriko beste zenbait zubiren artean kokatzera eramaten gaitu. Kronologia hori bat letorke gainera Gibolasko zubiari buruzko berrien garaiarekin.
    Argi dagoenez, hainbat konponketa egin ziren zubian denboran zehar, baina eraberritze lan garrantzitsuenak 1834. urteko uholde handiaren ondotik bideratu ziren. Guztiz hondatuta geratuko zen zubia, 1859. urtera arte ez baitzuten berreraiki. Urte horretakoa da harlandu mutxardatuz eginiko arku beheratu handia, ziur asko pilare batez eta bi baoz osaturiko egitura zaharra ordezkatu zuena.
    Hirugarren faseari dagokion data bazterbide zaharra dekoratzen duen iturrian irakur daiteke oraindik. Zubian eginiko eraberritze lanen amaierako data 1967. urtea izan zela dio inskripzio batek.

    Dena den, azalpenak aipatzen duen Gibolas izeneko zubia ez da inoiz zubi nagusia izan, Gabolatseko zubi zaharra baizik.


    Erreferentziak