Historia. Markinako lurraldea (eu)

From Sorapedia
Jump to: navigation, search
Adi! Artikulu hau oraindik argitaratze prozesuan dago.
Zuzentzen baduzu, edo informazioa gehitzen baduzu, mesedez ez kendu ohar hau. Eskerrik asko!

Placencia de Soraluce sortu baino lehen, Markinako lurraldean jauntxoak ziren jaun eta jabe, bertako biztanleak erasotuz eta lapurtuz, eta burdinolen ondasunaz jabetuz. XIV. mendean sortutako hiribilduen hiri gutunek halaxe jasotzen dute, eta herriak harresitu zituztela ere.


Aurretik, hiribildu berrien garaia

Gehiago jakiteko, sakatu hemen


Markinako lurraldea

Bigarren milurtekoa hasterakoan, hiribilduak eta probintziak ez ziren oraindik eratuta; Araba, Gipuzkoa, Bizkaia, Nafarroa, Errioxa… izenek esparru geografikoak izendatzen zituzten, besterik ez. Mariano Ciriquiainen arabera, gizarte egiturak bi ziren[1]. Alde batetik auzune edo herrixkak ziren, batez ere abeltzainen borda gutxi batzuk biltzen zituztenak.

Eta gero "bailarak" ziren. Bailara hauek partzuergoak izaten ziren, larreak eta mendiak ustiatzeko. Urte eta mendeen ostean bailara hauek oso zabalak izan ziren, dozena bat Gipuzkoa osoan.

Gipuzkoako "bailarak", hiribilduak sortzen hasi baino lehen (Mariano Ciriquiainen arabera)

Soraluzeko abeltzainak ingurukoekin elkartu ziren, beraien partzuergoa sortzeko. Eta gerora Markinako lurraldea izena eman zioten, Gipuzkoa eta Bizkaia arteko muga lausoan geratzen zelako[2].

Lurralde edo partzuergo hau gaur eguneko Soraluze, Elgoibar, Markina eta Eibarren esparruetan zabaltzen zen, gutxi gora behera. Bi eskualde bereizten ziren: Marquina de Suso (goiko Markina), Eibar eta Markinako udalerriak hartzen zituena, eta Marquina de Yuso (beheko Markina), Soraluze eta Elgoibar hartzen zituena.

Pablo Gorosabel historialariak lurralde honen jatorria partzuergoa zela berresten zuen:

Hasiera batean, bailara osatzen zuten herri edo biztanleek elkarren arteko erkidegoa zuten mendiei eta gainerako lurrei dagokienez, baina egoera hori bertan behera utzi eta desagertu egin zen hiribilduak sortu horren ondorioz udal mugak ezarri zirenean.


XIII. eta XIV. mendetako egoera

XIII. mende bukaerako testuingurua aldatzen hasia zen. Markinako lurraldearen erabilera aurrekoa zen, abeltzaintza, baina jauntxoen presio izugarriak sufritzen hasi zen: abere lapurketak, suteak, hilketak...

Jauntxoen tropeliak eta leinu gerrak

XIII. mende bukaerako krisiak, Izurri Beltzarekin bukatu zena, jauntxoen egoera okertu zuen. Alde batetik, egoera ekonomikoa okertu zenez; zergetan eta petxetan[3] lehen baino gutxiago jasotzen zuten. Bestetik, eta Izurri Beltzaren eraginez menpeko asko hil zirenez, bizirik geratzen zirenak beren lurretan mantentzeko bizi baldintzak arindu behar izan zizkieten.

Gainera, lurraldeak estuago kontrolatzeko, Gaztelako erregeek ordezkari bana ezarri zuten Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban. Eta hauen eragina gero eta handiagoa zen, jauntxoen kaltetan.

Diru iturriak estututa, jauntxoek herritar arrunten aurka hasi ziren: beste jauntxoen menpekoak lehen eta hiribilduetan bizi zirenak gero. Azkenean, elkarren aurka aritu ziren.

Aurki, lehenagotik jauntxoen artean zeuden multzoak trinkotu ziren, eta bi taldetan lerratu iren: oinaztarrak eta ganboatarrak. Herritarren kontrako tropeliak nahikoak ez zirela, leinuak elkarren aurka ere aritu ziren: leinu gerrak[4]..

Markina inguruko giroa

Markinako lurraldean ere ez zen girorik. Gainera, erregeen ordezkarien eraginetik urruti zegoen, "inoren lurretan" hain zuzen[5].

Esateko, 1323. urtean Bizkaiatik etorritako bidelapurrak Bergaran sartu zirela, Juan Sánchez Marroquín de Salcedo zaldunak erasotu eta garaitu zituen[6].

Eta 1337. urtetik aurrera Juan de Avendaño kapare durangarra jo ta sua aritu zen, ikara eta izua Bizkaia osoan zabalduz. Bilbon erail zuten arte (1356) ez zen geldirik geratu.

Markinako lurraldean lau hiribildu sortu ziren, baina biren hiri gutunak galdu ziren. Gordetzen direnek ederki asko jasotzen dute egoera.

Elgoibarrekoak, esateko, halaxe dio:

(elgoibartarrek) mendi eta eremuetan sakabanatuta bizi zirela, eta gizon batzuek gaitz eta kalte handiak eragiten zietela, eta lurrralde hartako kapareek eta beste gizonek, babestuta izateko, hiribildu bat sortu, populatu eta harresitu nahi zutela…

Eta Markinako hiri gutunak, berriz:

(hiri gutuna eskatu zuten) Gipuzkoako lurraldekoek Bizkaiako lurraldera lapurtzera eta ebastera sartu nahi zutelako…

Beste hiri gutunetan ez bezela, Soraluze, Elgoibar eta Eibarkoetan zera jasotzen da, hiribilduak zerkak (harresiak) eta torreak behar zituztela. Zeozergatik izango zen!

Burdinolak eta kapareak

Burdin ekoizpena sustatzeko asmoz, Alfonso XI.ak hainbat foru[7] eman zizkien burdinolei, zaharrak zein berriak izan. Funtsean, jarduera libre zen, edozeinen eskura, zegokion zerga ("albalá") erregeari ordaindu era gero; ez zen beste inoren baimenik ezta inori ezer ordaintzeko beharrik. Jauntxoek, beren eskubideen kalterako zelakoan, ez zioten kasurik egin.

1335. urtean Goi-Markinako[8] burdinolei ere forua eman zien, baldintza berberetan[9]. Bertan jasotzen denez, Lastur, Mendaro eta Ego Goi-Markinako olagizonek demandan egin zioten erregeari, mugan eta eremuan ari zirela, jende gaiztoen artean, kalte asko eta handiak eragiten zietela. Erregeak zaindariak jartzeko baimena eman zien, eta behar zuten meatza eta egurra, eta burdimola berriak egiteko ere, eta behin zergak ordaindu eta gero irabazi osoak burdinolen jabeentzat izango zirela azpimarratzen zuen erregeak, eta inola ez kapare edo monastegienak, eta hauek ezin zutela irabazi horiek bahitu.


Soraluze sortu aurreko urteak

Biztanleak

XIV. mende hasieran, biztanle gehienak Soraluzeko herrixkan biltzen ziren, Deba ibaiaren eskumako ertzean eta Ibaizabal ibiaren ondoan. Biztanle hauek aurreko mendeetan jaitsi ziren Ezoziako herrixkatik ibai ondora.

Beste gune bat Herlaibia zen, hau ere ibi baten inguruan sortutakoa, Erlei errekaren ibia hain zuzen. Soraluze baino txikiagoa zen, eta biztanleak Soraluzekoak baino sakabanatuagoak bizi ziren. Deba ibaiarik gora Osintxuko herrixka zegoen, hau ere beste ibi baten inguruan sortua.

Azkenik, mendietako bordetan bizi zirenak zeuden. Abeltzaintzan aritzen ziren, batez ere behiak eta txerriak hazten zituzten. Gaur eguneko Eibar eta Elgoibar udalerrietan ere jendea antzera bizi zen, bordetan sakabanatuak.

Lehenengo udalak

Placencia de Soralucek hiri gutuna jaso baino lau urte lehenago (1339) Soraluzeko herrixkak bazuen alkatea, Pedro Ruyz de Aguirre izenekoa.

Ordurako soraluzetarrek elkarrekin bildu ziren estutzen zituzten arazoak konpontzeko asmoz, batez ere jauntxoen bortizkeria. Eta bide honetan hiribildua bilakatzea ezinbestekoa zen. Modu honetan legea (eta erregea) alde izateaz gain, gainontzeko hiribilduen laguntza ere lortuko zuten.

Jauntxoak eta leinuak

Soraluzeko elizari monastegia esaten zioten, apezpikuak ez zituelako errentak kontrolatzen. Elizaren patroia Gaztelako erregea zen[10]. Baina 1267. urtean Gaztelako Alfontso Jakintsu erregeak Elgoibarko Olaso etxeko jauna zen Lopez de Ganboaren eskuetan laga zuen patronatua. Eta Lopez de Ganboa hiltzerakoan, oinordekoek jaso zuten patronatoa.

Honek esan nahi du olasotarrak Soraluzeko jauntxoak zirela, zeharka bada ere: Soraluzeko nekazari eta abeltzain guzti guztiek ordaindutako “hamarrena” beraiek jasotzen zuten eta.

Baina Soraluzeko jauntxoak izanagatik, ez ziren herrian bizi izaten, Elgoibarren baizik. Olasotarrez gain, inguruan beste ganboatarrak baziren: Balda (Azkoitia), Jaolaza (Elgeta)... Baina oinaztarrak ere: Irure (Soraluze), Unzueta (Azitain), Ozaeta (Bergara), Gabiria (Bergara)...

Iruretarrek bi bide nagusiak kontrolatzen zituzten Soraluzen: Bizkaiatik Gipuzkoarakoa Iruren bertan, eta Arabatik Debarakoa Atxuri parean. Honetaz gain, Arregitarrek zein Espillatarrek ere azken bide hau "zaintzen" zuten, beraien dorretxeak bideondoan eraikita.

Leinu borrokak sortu zirenean, bi leinuek gogo bizia izan zuten hiribildu berrietan eragina izaten. Soraluzen, jauntxoak ganboatarrak izanik, oinaztarrak saiatu ziren elizaren "hamarrenak" kentzen, eta haietako bat hiribilduan bertan sartzen.


Eta ostean, hiribilduaren sorrera

Gehiago jakiteko, sakatu hemen


Erreferentziak

  • La evolucion del hábitat y el poblamiento en el País Vasco durante las Edades Media y Moderna. Álvaro Aragón Ruano (Domitia, 2011).
  • Erdi Aroko euskararen historia kanpotik eta barnetik (Historia apur bat). Urtzi Reguero Ugarte (Anuario del Seminario de Filología Vasca "Julio de Urquijo" 2021).
  • La formación de las villas en Guipúzcoa. Mariano Ciriquiain-Gaiztarro (Revista de Administración Local 1947).
  • La formación de las villas en Guipúzcoa. Mariano Ciriquiain-Gaiztarro (Revista de Administración Local 1947).
  • Markina izena marca berbatik dator, latinez mugaldea esan nahi duena.
  • Petxa. Wikipedia (euskaraz).
  • Leinu gerrak. Wikipedia (euskaraz).
  • Gogoratu Bizkaia eta Gipuzkoa, probintzi modutan, askoz beranduago eratu zirela.
  • Istoria de las bienandanças e fortunas. Lope Garcia de Salazar.
  • Forua. Arautegia, legea.
  • Marquina de Suso.
  • Fueros de Ferrerías de Cantabria, Vizcaya, Álava y Guipúzcoa. Luis Miguel Díez de Salazar (Anuario de historia del derecho español 1989).
  • Hortik izena: Santa Maria la Real.