Plaza Barriko iturria (eu)

From Sorapedia
Jump to: navigation, search
Plaza Barriko iturria (Soraluzeko Udala 2018)

Kokapena

Iturri hau Soraluzeko kasko historikoan dago, Plaza Barrian hain zuzen.

Pantaila osoan ikusteko sakatu hemen

Loading map...


Irudiak

(handitzeko, sakatu gainean)


Azalpena

Izenak adierazten duenez, iturria Plaza Barrian dago, Etxaburueta kalearen aldean.

Plazaren atzeko paretan terraza bat dago, Etxaburueta kalearen parean. Zabalera bost bat metrotakoa da, eta fondoa metro t'erdikoa.

Iturria terrazaren azpian dago, plataforma baten gainean. Plataforma honek bost metro zabal ditu, hiru metro t'erdi fondoan eta metro eta hogei zentimetrotako altura (gutxi gora behera). Bertara igotzeko eskilara dauka erdi erdian, bi metro zabal eta 6 harmailekin.

Plataforma gainean kareaharrizko pieza bakarreko aska handi bat dago, beste bi harrik eusten dutela. Bertara hiru iturrik, lehoi buruaren forma dutenek, ura isurtzen dute askara. Plataformaren bi aldetan harrizko jarleku luze bana dago, baranda eta guzti.

Plazan bertan eta plataformari itsatsita, bi aska luzek osatzen dute iturria, hareharrizko pieza bakarrekoak. Goiko askatik irtetzen den ura beheko askak hornitzen ditu.


Aurrekariak

Soraluzeri buruz idatzi dutenek behin baino gehiagotan esan dute baserrietako iturrien ura oso ona zela, baina kalekoena gutxi eta kalitate eskasekoa. 1826-1829 urteetan Madrilen argitaratutako Diccionario geográfico-estadístico de España y Portugal liburuak, Sebastian de Miñanok eginda, esaten du:

Ur edangarri gozo oparoak ditu, ez herri kaskoan, baina bai baserrietan, bakoitzak bere iturria duela.

Kaleko iturriak hiru ziren garai hartan: Aranekoa, Errekaldekoa eta Erregetxe aurrekoa. 1831 urtean, Plaza Barriko iturria eraikitzea erabaki zuen Udal bileran, Ambrosio Maria de Aldasoro alkateordeak halaxe esan zuen:

...edateko ur faltak herritarren artean sortutako beharra hain handia izanik, eta kontuan hartuta Arane iturriak oso ur gutxi ematen duela eta Errekaldekoa kalitate oso txarrekoa dela eta, medikuaren esanetan, edanez gero gaixotzeko arriskua dagoela, ona litzateke herriarentzat Ipiñarrieta baserritik gertu dagoen iturburua aprobetxatzea.

Hirugarren iturria, Erregetxe zaharraren aurrekoa, Errabal kalean zegoen. Inguruan egindako arma guztiak Erret Lantegian aztertu eta biltzen ziren, gero Deban itsasoratzeko edo Gasteiz aldera eramateko. Garraioa mandoz egiten zenez, Erregetxe zaharrak bazuen bere iturria aurrean, aska ederraz osatua. Baina 1809 urtean Erregetxe berria erabiltzen hasi ziren, eta honek ez ganorazko iturririk, ez eta askarik ez zuenez, garraiolariei traba egiten zien.


Egitasmoa

Segururena, iturriaren atzetik Ambrosio Maria de Aldasoro eta Lasalde egongo zen. Soraluzetar hau, gaztetan Ameriketan ibili zen. 1823an Soraluzera itzuli zen, diru asko eginda, eta bertako alkatea izan zen 1827 urtean.

Herriari hainbatetan lagundu zion: hainbat herrilan egiteko dirua aurreratu (frontoia, Plaza Barriko iturria, Labaderoa, 1834 ufalak apurtutako Zubi Nagusia konpontzeko), Rodil jeneral liberalak jarritako isunaren[1] erdia ordaindu...

Ez ziren garai onenak herriarentzat: Erregetxea oraindik ordaintzen ari ziren, 15 urte lehenago bukatu zen Espainiako Independentzia gerraren kalteak oraindik konpondu gabeak, herriko armagile asko bertatik joan ziren, Espainiako Armadak armak kanpoan (Trubia, Oviedo, Ingalaterra) erosten hasi zen…

Hala ere, 1830 urtean Soraluzeko Udalak Plaza Barria egitea erabaki zuen, eta horretarako Kalebarreneko eskumako lehen hiru etxeak bota zituen[2].

Eta Plaza Barriarekin batera, bertan iturria jartzea erabaki zuten. Horretarako Mariano Jose de Lascurain, San Fernandoren Erret Akademiakoa, izendatu zuten Ipiñarrietako iturburua aztertzeko. Eta 1830ko abenduak 23an bertara talde ederra inguratu zen: Mariano Jose de Lascurain bera, Pedro Joaquin de Ciaran (alkateordea), Ambrosio Maria de Aldasoro, Jose Manuel Lascurain, Manuel Eguren, Manuel Lizarriturri, Agustin Luzarriturri, Candido Laskurain eta Antonio Aldazabal. Baserriaren jabea, Santa Ana de Yzagirre kontea zen Fernando Joaquin de Ciaran, ez zen agertu kanpoan zegoelako, baina maizterra bai, bertako berriak zekizkielako.

Eskuzko erlojua erabiliz iturburuaren emaria neurtu zuten, orduko 7.800 koartilokoa (ia 4.000 litro orduko). Plaza Barrirainoko distantzia, berriz, 4.797 oin (1.336 metro, gutxi gora behera).

Handik bi astetara, 1831 urtarrilak 9an, orduko jauntxoak[3] Udaletxean bildu ziren. Bilera Antonio Maria de Aldasoro alkateordeak zuzendu zuen. Herrikaskoan ur gutxi eta eskasak zirela eta, Ipiñarrietatik ekartzea erabaki zuten; gainera, lanak ordaintzeko zerga bereziak onartu zituzten: ardo azumbre[4] bakoitzeko bi marabedi, eta okela libra[5] bakoitzeko beste bi. Denok alde agertu ziren, Manuel de Arluciaga kenduta; azkenik, lanak lehenbailehen asteko erabaki zuten, hurrengo udaberrian.


Iturriaren bide trazadura (Soraluzeko Udala 2018)

Eraikitze-lanak

Arkaduza (J.C. Astiazarán 2018)

Lanak Mariano Jose de Lascurain jaunak zuzendu zituen. 1831 urteko maiatzak 5ean hasi ziren, eta astebete geroago, 13an, aurreneko erregistroa bukatuta zegoen. Eta sei hilabete geroago, urriak 22an, ura iturriraino heldu zen.

Guztira 24 erregistro egin ziren. Herrirainoko bidea arkaduzez[6] osatu zuten, eta herrian bertan berunezko tutuak erabili ziren, 10 oinetakoak (3 metro). Iturria bera eraikitzeko harriak (hareharria eta kareharria) Eibar, Osintxu, Durango eta Oiz menditik ekarri ziren, Durangoko Frantzisko Añibarro jaunari erosita.

Ambrosio Maria de Aldasoro alkateordeak bertatik bertara zaindu zituen lanak, eta dirua falta zenean berak aurreratu zuen. Gerora Udalak atzera ordaindu zizkion aurreratutako diruak.

Lanen kostua 86.936 erreal kuarto[7] eta 12 marabedikoa izan zen. Hirutan banatu daiteke. Alde batetik ura ekartzeko lanek 73.745 erreal kuarto eta 3 marabediko kostua izan zuten. Iturria berak eta plazak, berriz, 13.191 erreal kuarto eta 9 marabedi. Azkenik, Ibarrekua[8] etxeko ur zikinen hodia ixteagatik 700 erreal kuarto ordaindu zitzaien Miguel eta Rafael de Azcaray anaiei.

Hoditeri gehiena arkaduzez egindakoa bada ere, hainbat puntu azpimarratu daitezke:

  • Ipiñarrietako ur-biltegia. Iturburuko urak hartzeko hasierako ur-biltegia, bertan eraikitze data zizelatua duena: 1831. Korta eta Ipiñarrieta baserriak lotzen dituen pistaren behealdean dago.
  • Urruzkarateko ur-biltegia. Baserrira doan pista hasten den tokia baino 30 metro gorago.
  • Aintzinako euri-uren galeria, Urruzkarate azpian. Harlanduzkoa da, 30-40 metro luze.
  • Udarrondoko arku gaineko ubidea. Barrenetxe azpian dago, Zabaleta baserria baino 200 metro gorago. Tarte honetan ubideak estalkia zuen, harri triangularrez egina.
  • Zabaletako ur-biltegia. Baserri ostean dago, azpiko errepidearen bihurgunetik gora.
  • Plaza Barriko iturriko multzo neoklasikoa.


Uraren beste erabilerak

Ipiñarrietatik datorren ura beste lekuetan erabiltzen da.

Alde batetik, Plaza Barriko iturri gaineko erregistroan bi toma daude, bata Gabolats kaleko iturrirako era bestea zubi nagusikorako. Eta 1894 urtean Elizburu kalekoak iturria jarri zuten gurutzearen alboan[9], etxetik gertu ura izateko.

Honetaz gain, alboko asketatik irtetzen den ura Labaderora eramaten da[10].


Zabaleta baserriko bide-zorra

Zabaleta baserriko lurretik pasatzeko baimena lortzeko, hitzarmena egin zuten bertako jabearekin:

...idazteko luma baten lodierako ur-txorrota hartzeko eskubidea dauka azken honek baserriaren ondoan dagoen erregistrotik.


Baionako liburuxka

Udal artxibategietan ez da geratzen plaza, iturria eta ur ekarriaren proiektuaren aztarnik.

Hala ere, Baionan argitaratutako txosten txukuna gordetzen da, V. Cluzeau moldiztegian, Plaza Barriko iturriaren lanak zehatz-mehatz jasotzen dituela.

Segururena Ambrosio Maria de Aldasoro berak argitaratuko zuen, Baionan erbesteratuta egon zenean (1833-1839).

Ramiro Larrañagak eta Javier Elorzak birrargitaratu zuten, 1981ko jai egitarauan idatzitako artikuluan.


Gaur egungo egoera

Egin zenetik, uda eta negu, iturriaren emaria ez zen asko aldatu, iturburua mendi barru-barrutik datorrelako.

Baina 1975 urtean, San Andreserako bide berria Estaziño kaletik egiterakoan, bertako hoditeria hainbat puntutan kaltetu zuten, eta ez zuten ondo konpondu. Ordutik emaria asko jaitsi zen.

Gaur egungo egoera, puntuz puntu:

  • Mendiko hoditeria (arkaduzez egindakoa). Metro bateko sakoneran sartu zutenez, nahikoa ondo dago. Hala ere, bide berriak gainetik egin zuten lekuetan arkaduzak mugituta egon daitezke.
  • Ipiñarrietako ur-biltegia. Nahikoa ondo dago oraindik, baina pinu handi baten sustarrek kalte egiten diote.
  • Uzkateko ur-biltegia. Harlosazko sabaia galduta dauka, eta biltegiak ura galtzen du.
  • Uzkateko euri-uren galeria. Gordetzen da, baina ura ez da bertatik pasatzen.
  • Arku gaineko ubidea. Estalkia kenduta dauka, eta bertako harri triangular guztiak ia galduta.
  • Zabaletako ur-biltegia. Oso egoera onean dago.
  • Herriko hoditeria. Tutu gehienak barriztuta, burnizkoak edota plastikozkoak. 2015 urtean Ikastetxeko patio gainean zegoen zatia berriztu zuten, buxatuta zegoelako, eta ur emaria hobetu zen.
  • Plaza Barriko iturriko multzo neoklasikoa.


Erreferentziak

  • 200.000 erreal kuarto
  • Oraindik ikus daiteke arkuen hasiera, Kalebarreneko 1. zenbakidun etxean, plaza ertzeko horman.
  • Biztanle milaristak; hau da, zergak ordaintzen zituzten aberatsak eta, beraz, herri erabakietan parte hartzen zutenak.
  • Azumbre = bi litro.
  • Libra = kilo erdi.
  • Keramikazko tutuak, bata hurrengoarekin lotzen direnak. Izena arabieratik dator (al kadus) eta aurretik grekeraz (kâdos).
  • Gaztelaniaz, real de vellón.
  • Gaur egun Elizburu 1.
  • Iturriak eta urteurrenak. Mengela (Soraluzeko jaiak 1994)
  • Labadero hau egiteko dirua Ambrosio Maria de Aldasoro berak aurreratu zuen.