Udaletxea (eu)

    Sorapediatik
    Udaletxea
    Udaletxea. Ikuspegi orokorra (Garikoitz Estornés Zubizarreta 1991).jpg
    Estiloa Barrokoa
    Mendea XVIII
    Kokapena Labaderogain
    Mota Arkitektura


    Irudiak

    (handitzeko, sakatu gainean)


    Kokapena

    (Pantaila osoan ikusteko sakatu hemen)

    Mapa kargatzen...


    Azalpena

    Eraikinak oinplano laukizuzena du, hiru solairuko garaiera eta teilatua hiru isurkikoa. Aipagarria da, halaber, teilatu hegala harburu landuekin.

    Fatxada nagusiko hormetan harlandua eta gainontzekoetan harlangaitza. Fatxadan bertan burdin forjatuzko balkoi luzea ere beso eta guztiko, eta erdi-puntuko hiru arkuz eratutako arkupea (Kontzejupea edo Kontzupea).

    Fatxadan duen hiriaren armarria, eraikina bera baino mende erdi geroagokoa da gutxi gora-behera, eta Kapelastegi maisu elorriotarrak zizelatu zuen.

    Interes kultural mota: Eusko Jaurlaritzaren behin-behineko inbentarioan dago, monumentua izateko izendatuta.

    Udalak eta Udal administrazioak erabiltzeaz gain, eraikinean hainbat zerbitzu izan dira: alondiga, udalzaintza, liburutegia, epaitegia...

    Gaur egun barrualdea goitik behera eraberrituta dago.


    Historia

    Eraikuntza

    Gaur eguneko udaletxea alde zaharreko gainontzeko eraikinen halako bi da, egiterakoan bi orube erabili zituzten eta[1]. Aurreko udaletxea gaur egungoaren erdia zen; hau da, tamainaz etxe arrunten modukoa, eta leku berean zegoen: Labaderogainetik begiratuta eskumako erdia, Santa Ana alderakoa.

    XVII mendearen bigarren erdian udaletxea handitzeko asmoa agertu zen, bertan biltzeko espetxea eta alondegia; eta horretarako Udalak beste etxeren bat erosi beharko zuen. 1679 urtean Agustin de Echeberria abadeak eta Andres de Aguirre bere loibak alboko etxea eskaini zioten, Kalegurutzera ematen zuena. Udalak onartu, eta ordainetan Elizburu auzuneko beste etxe bat eman zien, Juan de Eyçagaren alarguna zen Maria de Aguirreri propio erosita, 200 dukat kuarto eta Elizburun zegoen ortutxo bat[2].

    Hamar urte geroago, 1689 urtean, lanak hasteko kontratua egin zuten Juan de Aranceta hargin maisu soraluzetarrarekin: lanak hurrengo urteko San Migel egunerako bukatu behar zituen (1690/09/29), harri landua kanako 7 erreal koarto ordainduko zitzaion, eta harri-hormak estaduko 24 erreal koarto, aldamioak eta zimentuak bere kontu izango ziren, eta eskorak Udalaren kontura[3].

    Harotz lanak 1692 urtean kontratatu ziren, Bergarako Andres de Garitano Aldaeta arotz maisuarekin: teilatuak 1692 bukaerako eginda behar ziren, eta lan osoa 1694 bukaerako; osagai guztiak bere kontu; 400 dukateko aurrekontua[4].

    Lanek luze jo zuten: eraikin barroko berria 1722. urtean bukatu zuten erabat.

    Baina bigarren solairuko harotz-lanak bukatu gabe zeuden. 1733 urtean bartan aritu ziren hiru harotz: Eibarko Joseph de Azcaregui, Bergarako Ignacio de Echebarria Arzubi eta Soraluzeko Bartolomé de Zendoya gaztea. Lanak Joseph de Mendiolak ordaindu zituen[5].

    Urte batzuk geroago Udalak erabakitzen du zor dioten diru bat erabili ganbaran falta diren lanak egiteko[6]. Eta antzera urte batzuk geroago[7].

    Etxebizitzak

    Sasoi batean bigarren solairuan etxebizitzak zeuden.

    XVIII. mendeko bigarren erdian Juan Angel de Olavegoitia jaunak bigarren solairua alogeran eskatu zuen, atzetik sartzeko bere zubia eta atea eginez; berak barruko atea itxiko zuela eta alboko geletan eskolarik ez ematea eskatu zuen. Udalak onartu zuen, baina barruko atea mantenduz eta zubia berak egiterakoan, kostua errentatik kenduz[8].

    1762. urtean udaletxearen teilatuak sua hartu zuen, Juan Angel de Olavegoitiak azaldu zuenez[9].

    XX. mendearen erdialdean herriko telefono zentralita eta telefono publiko bakarra bigarren solairuan zeuden. Ondoan zegoen etxebizitza telefono operadoreak eraviltzen zuen.

    Patria

    2018 urtean Patria telesaila grabatu zuten Soraluzen. Horretarako Kontzupea itxi egin zuten, bertan Txatoren garajea antzezteko.


    Aipamenak

    Soraluzeko udaletxeak, eraikinak, hainbat aipamen izan ditu urteetan zehar, alde eta kontra. Alde daudenak harlanduzko fatxada, hiru arkuak eta balkoia aipatzen badute ere, kontra dagoena askoz gogorragoa da.

    1802 urtean Angel Casimiro de Guvantes ondutako Diccionario geográfico-histórico de España liburuan:

    Udaletxea dauka, harri landuaren fatxada ganorazkoduna, hiru arku gainean eraikia;...

    Baina urte batzuk geroago, 1829an hain zuzen, Noticias de los arquitectos y arquitectura de España liburuan Juan Agustin Cean-Bermudez jauna oro iritzi desberdina jaso zuen:

    1689 urte berean Juan de Aranzetak eta Juan de Zalduak Gipuzkoako Soraluzeko udaletxerako marrazkiak egin zituzten. Aurrekoarena aukeratu zuten, eta honek burutu zuen, eta hogeta bederatzi mila hirurogetamabost erreal ordaindu zioten. Aipatutako etxea arkuen gainean eraikia dago, eta falta duen dotoreziak ederki asko erakusten du garai hartako arkitekturaren gain-behera.

    1845an berriz, Pascual Madozek, bere Diccionario geográfico-estadístico-histórico de España y sus posesiones de Ultramar halaxe dio:

    ...udaletxea, harri landuzko fatxada txukunaz, hiru arkuen gainean eraikita;...

    Geroago, 1862 urtean Pablo Gorosabelek aipatu zuen ere, Diccionario histórico-geográfico-descriptivo de los pueblos, valles, partidos, alcaldías y uniones de Guipúzcoa liburuan:

    ...eta 1722ko urtean egindako udaletxea; aurrealdea eta hiru arkuak harlanduzkoak dituena.

    Azkenik, Serapio Múgicak 1917an idatzitako Geografía de Guipúzcoa balkoia eta arkuak agertzen dira berriro ere:

    Udaletxea harlanduzko eraikin onean dago, 1722an eraikita, balkoi luzea eta arkuak dituena.


    Erreferentziak

    1. Gauza bera gertatzen da Jauregi etxearekin, gaur eguneko Abadetxea.
    2. "...execución de la fábrica de la cassa del concejo, cárcel y alóndiga de esta villa... comprar cassas para su desanche". D. Agustín de Echeberria, presbitero, y Andrés de Aguirre (su sobrino) dijeron tener una casa en la calle de la encrucijada de la villa, "pared en medio de la casa del concejo d'ella". La dieron a la villa para que en ella hiciesen casa de concejo, cárcel y alhóndiga. En trueque se les dio otra casa en el barrio de Elispuru comprada para el caso a Maria de Aguirre (viudda de Juan de Eyçaga") más 430 Ds. Vellón y una huertecita en el término de Elispuru (Soraluzeko Udal Artxibategia. Eskritura Publikoen Erregistroa 1679/04/25).
    3. (Soraluzeko Udal Artxibategia, Eskritura Publikoen Errejistroa 1689/03/04).
    4. (Soraluzeko Udal Artxibategia, Eskritura Publikoen Errejistroa 1692/06/02).
    5. (Soraluzeko Udal Artxibategia, Eskritura Publikoen Errejistroa 1733/12/22).
    6. "...para que se egecuten las obras necesarias en los suelos altos o desvanes de la casa concejil" (Soraluzeko Udal Artxibategia, Akta liburua 1730-1747).
    7. "en quanto a la obra que falta de hazer de la cassa conzegil de esta villa..." (Soraluzeko Udal Artxibategia, Akta liburua 1746-1766 1753/01/25).
    8. (Soraluzeko Udal Artxibategia, Akta liburua 1746-1766).
    9. "...habiendo padecido yncendio una ala del tejado de la casa concejil de esta villa el año pasado de mil setecientos sesenta y dos... en la qual vivia el suplicante en el segundo suelo alto de ella" (Udal Akta liburua 1766-1782 1767/05/10).