Historia. Hiribilduaren lehen urteak (eu)

    From Sorapedia

    1343. urtean sortu zuten Placencia de Soraluze, eta hurrengo urteetan izurri beltza jasan zuen, biztanleen herena hil zituela.

    Hasiera batean Udalean kapareek bakarrik parte hartzen bazuten, Getariako Batzarrean (1397) kaparerasun orokorra aitortu zieten gipuzkoar guztiei, Udaleko ateak gizon soraluzetar guztiei zabalduz. Garai berrien ikur, jauntxoak mendietako dorretxetik hiribildura jaitsi ziren.


    Aurretik, hiribilduaren sorrera

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen


    XIV mendeko Placencia (saiakera)

    Izurri Beltza, harresiak eta eliza berria

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen.

    Hiribildua sortu eta bost urteetara (1348) Izurri Beltza etorri zen. Asiako estepatan sortua (Yersinia pestis), aurreko urtean Krimeara heldu zen, eta handik Europan barrena zabaldu zen, biztanleen herena edo gehiago hiltzen bere ibilbidean; eta toki batzutan hilkortasun tasa %50tik gora izan zen (Nafarroako erresuman, esateko, biztanleen %50tik %70ra hil omen ziren). Soraluzen ez zen hilgo askoz gutxiago.

    Izurri Beltza uda edo udazkenean heldu zen herrira. Ordurako soraluzetarrak herri "berria" antolatzen ariko ziren: kaleak zabaldu, harresiak jaso, etxeak eraiki... Izurriak eragindako hileta kopurua kolpe latza izango zen egituratzen ari zen herriarentzat.

    Europa beste toki askotan izurri beltzak hainbat herriren desagerpena ekarri baldin bazuen, Soraluzeren kasuan herriak aurrera egin zuen, nahiz eta biztanleen ia erdia galdu. Goizago edo beranduago kaleak zabaldu zituzten (Kalegoen, Kalebarren eta Kalegurutze), etxeak eraiki eta harresia jaso (Kalegoeneko eta Kalebarreneko ateak, Zerkia...).

    Hiri gutunak agintzen zuen eliza berria, harresien barruan eraki beharrekoa, ez zen inoiz egin. Agian izurri beltzaren ostean nahikoa diru edota jende ez zegoelako, edota olasotarrek egindako presioengatik, edo...


    Soraluzeko udala eta Kaparerasun orokorra

    Hiribildua sortu eta bost urterara (1348) Alfonso XI.ak Ordenamiento de Alcalá izenekoa agindu zuen, udal foruak eguneratzen zituena. Aldaketa garrantzitsu bat herriko agintarien izendapena izan zen. Ordura arte erregeak (edo ordezkoak) izendatzen bazituen, etorkizunean herriko biztanleek aukeratuko zituzten… eta, beharbada, kargutik kendu.

    Gaztelako (eta gainontzeko erresumetako) legediaren arabera, bakarrik kapareek[1] zuten udaletan parte hartzeko eskubidea. Beraz, erabaki honekin Soraluze (eta beste herriak) jauntxoen eskuetan jartzen zen. Eta 1343. urtea baino lehenagoko udaletan gizon denak ziren partaideak, ez kapareak bakarrik.

    Arazoa konpontzeko, indarra hartu zuen kaparetasun orokorra[2] teoriak, batez ere Bizkaia eta Gipuzkoan. Kaparea izateko aiton-amonak kapareak izan behar zirenez, nahikoa zen sasoi bateko euskalduneei kaparerasuna aitortzea, haien ondorengo guztiak kapareak bihurtzeko. Halaxe, Getariako Batzar Orokorretan kaparetasuna aitortu zieten jatorri gipuzkoarra zuten guztiei, eta Soraluzeko gizon guztiek Udal partaide izateko eskubidea berreskuratu zuten.

    Honek Soraluzeren (eta Gipuzkoako hiribilduen) arazoak konpondu zituen, baina ez kanpokoak. Berrehun urte eta gehiago behar izan ziren Gaztelak ere gipuzkoarren kaparerasuna onartzeko[3]. Gaztelaren aitortza honek onura ikaragarria ekarri zien gizonezkoei, kapareentzat gorderako hainbat lanpostu eskuratu ahal izan zuten eta (eskribau, funtzionario...). Euskal Herria atlantikoa oso lurralde txiroa izanik, lan onak kanpoan topatzeko aukera gehiago eman zien.


    Jauntxoak hiribilduaren barruan

    Hiribildua sortu baino lehen, olasotarrak ziren Soraluzeko jauntxoak. Beraiek jasotzen zuten Santa Maria la Real elizari ordaindu beharreko "hamarrenak" eta: jasotako uzta guztien hamarrena, fruta guztien hamarrena, jaiotako animali guztien hamarrena... Baina olasotarrak Elgoibarren bizi ziren, eta Soraluzen beste kapare familiak ziren, bakoitza bere dorreetxean: iruretarrak (oinaztarrak), arregitarrak, espillatarrak...

    Hiribildua sortzerakoan, esperotakoa zen elizaren patroiak eragina izatea hiribildu berrian. Baina itxura guztien arabera oinaztarrek aprobetxatu nahi izan zuten indar korrelazioa bere aldera ekartzeko. Alde batetik, lortu zuten erregeak eliza berria jasotzeko agintzea. Honek esan nahi zuen "hamarrenak" eliza berrira pasa zitezkeela, olasotarrei diru iturriak estutzea, alegia.

    Eta Soraluzeri hiri gutuna eman eta denbora gutxira, errege berak Juan de Loyola[4] zaldun oinaztarrari lur sailak eman zizkion Soraluzen bertan.

    Eliza berria ez zen egin, olasotarren eraginez edota izurri beltza etorri zelako (1348). Baina Juan de Loyola etorri etorri zen, eta bere etxea eraiki: Loiola etxea, gaur egun kooperatiba dena (Kalebarren 4). Eta urte batzutara beste kapare oinaztarrek, iruretarrek, Ormaetxea eraiki zuten hiribildu berrian (Santa Ana 12). Honetaz gain, Arregitarrak oso oso gertu zeuden, Arregia de Yuso jauregian.


    Nafarroan atzera (1368-73)

    Karlos II.a Nafarroakoa (1332-1387), Evreuxkoa edo ‘’Gaiztoa’’ ere deitua, 1349. urtean egin zuten Nafarroako erregea.

    Aurki lanetan hasi zen mendebaldeko eskualdeak berreskuratzeko, ehun eta berrogei urte lehenago galduak. Hala, 1350. urtean Gipuzkoa ekialdeko lau famili nagusiak bere menpean jarri zituen, urteko 900 liberak ordainduta. Hurrengo urtean Oñatiko jaunaren txanda izan zen, honi Lizarraldeko hiru herri eman zizkiola; bost urte geroago urteko 200 liberako errentak, eta 1363. urtean hainbat herrietako zergak ere.

    Urte berean Nafarroako Karlos II.a eta Aragoiko Pedro IV.a Uncastillon bildu ziren, Gaztelako erresuma elkarren artean banatzeko asmoz… irabaztzen bazuten. Oso egoera egokia zen, Gaztelan gerra zibila zelako orduko erregea (Pedro I.a) eta honen anaiordearen artean (gero Enrike II.a izango zena).

    Karlos II.ak Gipuzkoa, Bizkaia[5], Araba eta Errioxa konkistatu zituen (1368). Baina Gaztelako gerra Pedro I.a erail zutenean bukatu zen (1369); hurrengo urteak Enrike II.a errege berriak lurraldea berrantolatzen eta boterea egonkortzen eman eta gero, nafarren kontra egin zuen eta atzera bota ere (1473). Karlos II.aren mendebaldeko abenturak bost urte besterik ez zuen iraun (1368-1373).


    Eta ostean, Soraluze Gipuzkoan

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen


    Erreferentziak

    • La evolucion del hábitat y el poblamiento en el País Vasco durante las Edades Media y Moderna. Álvaro Aragón Ruano (Domitia, 2011).
    • La formación de las villas en Guipúzcoa. Mariano Ciriquiain-Gaiztarro (Revista de Administración Local 1947).
    1. Kaparea. Noblea; gazteleraz hidalgo =hijo de algo.
    2. Gazteleraz, hidalguía universal.
    3. Bizkaitarrek 1526. urtean lortu zuten.
    4. Juan de Loyola hau Juan Pérez de Loyola eta Gil López de Oñaz-en anaia zen, nahiz eta hirurak abizen desberdinak izan!
    5. Bizkaiko jauna don Tello Gaztelakoa zen, Enrike II.aren anaia.