Muskiritzu mendia (eu)

    From Sorapedia
    (Redirected from Mazelaegi mendilerroa (eu))
    Muskiritzu / Mazelaegi / Mendigain
    Altuera 756 - 902 m
    Buzoia Bai
    Mendilerroa Muskiritzu/ Mazelaegi
    Bailara/ Herria Ezozia/ San Andres &
    Elgoibar / Bergara
    Soraluzetik Ordubete eta 30 m.


    Irudiak

    (handitzeko, sakatu gainean)


    Kokapena

    (Mendi baten izena ezagutzeko, gainean sakatu)

    Mapa kargatzen...


    Azalpenak

    XX mende hasiera arte, mendilerro honi Mazelaegi edo Muskiritzu mendia esan zitzaion. Ordutik hona bertako mendien izenez ezagutzen da: Elosua-Placencia mendilerroa, Irukurutzeta mendilerroa... Dena dela, soraluzetarrentzat Mendigaina izan da beti.

    Hasieran, goiko tontorrek Soraluze eta Elgoibarren arteko muga markatzen dute, eta Bergara eta Azkoitia artekoa gero. Mendilerroaren adar batek ( Aizpuruko Zabala mendira jeisten denak) Soraluze eta Bergara arteko muga marrazten du.

    Mazelaegi mendilerroa osatzen duten mendiak hauek dira:

    Leiopago

    Irukurutzetatik hegoaldean kokatzen da. Tartean Maurketa mendatea dago, eta inguruan Frantsesbaso trikuharria.

    Mendia ez da oso altua (827 m), tontorra laua du eta pinuz inguratuta dago.

    Elosumendi

    Elosumendi ere Leiopagotik hegoaldean kokatzen da. Tartean Kerexeta (748 m) mendatea dago eta inguruan, hurrenez hurren, Keixetako Egiya (iparraldea) tumulua eta Keixetako Egiya (hegoaldea) trikuharria. Azken hau 2018 urtean zaharberritu dute.

    886 metroko altuera du, eta Euskal Mendigoizale Federazioaren Ehun Mendien lehiaketaren zerrendan dago.

    Elosumendiri Pol-pol ere esaten diote, beherago dagoen iturriari hartutako izenez.

    Igoera

    Soraluzetik (110 m) Mendigainera igotzeko hainbat bide daude:

    • (oinez) San Roketik Munetako haitzei, eta handik Kortazarrera.
    • (errepidez) San Andres eta Urkiazelaitik Kortazarrera zuzenean.
    • (oinez) San Andres eta Askabeittitik Sabua mendilepora.
    • (oinez) San Andres eta Artzaintxaboletatik.

    Muneta (749 m) eta Irukurutzeta (898 m) arteko ibilbidea oso ohikoa da soraluzetarren artean, tartean historiaurreko hanbat trikuharri eta tumulo ikusteko aukera dagoela.

    Bertatik pasatzen diren ibilbide batzuk:


    Kontuak

    Jatorrizko izena: Muskiritzu

    Gorago esan denez, Muskiritzu/ Muskuritzu gaur egun Soraluzen ahaztuta dagoen izena da. Osintxun oraindik erabiltzen dute, Bolu parean Deba ibaira datorren erreka eta bailara izendatzeko.

    Baina bostehun urte aurretik mendi osoari ematen zion izena; eta ez bakarrik mendigainera, baizik eta Maltzagarainoko tarteari ere.

    Halaxe, 1506/09/23 Elgoibar eta Soraluzeko udalerrien mugarriak berritu zituzten[1]. Agirian agertzen denez, mugarriak egon artean bertako baserritarrak pakean bizi zirela; baina batzuk erorita edota kenduta zeudenez, egun horretan herri bakoitzeko alkatea eta zinegotzi bat bildu ziren muga aztertzeko eta mugarriak sartzeko. Ibili zuten tartea Kortazarreko Haitzetik Deba ibairainokoa izan zen:

    Muskiritzun... Iturbekoa, sail horren ondoan dagoen haitzaren ondoan... Baratzeta izenez ezagutzen den tokian... Aginaga eta Artzabalagako lurretan... Aginaga etxetk Elgoibat eta Soraluzera doan errepidearen erdian... ibaiaren erdian dagoen haitza handian...
    En Musquirisu… de Yturbe junto con una peyna que está cabo la dicha heredad …en un lugar llamado por su nonbre Baraçaeta, …las tierras de Aguinaga e Areyçabalaga …en meatad del camino rreal que deçiende de la dicha casa de Aguinaga para las dos billas d’Elgoybar e Plazençia …la penna grande que está en meatad del rrío en derecho del sobre dicho mojón, que aquél quedase e fin/case por mojón postrero para syenpre jamás...

    1922 urtean Julio de Urquijok artikulu bat[2] argitaratu zuen, Juan Antonio Mogelen Leloren kantuari buruzko izkribu batzuk aztertzen. Izkribu horietan, besteak beste, Mogelek dio:

    (Elezahar hori) Mosquirichu Mons quiritum izenaren usteldura dela dioen tradizioan oinarritzen bada, gerta liteke erromatarrak Debatik etorri izana, aipatutako mendira igo eta izen hori ematea.[3]

    2016. urtean erromatar kanpamendua topa zuten Kortazarreko Haitzan. Aurkikuntza honek aspaldiko kontu zahar hau berretsi zuen; hau da, Mendigainen erromatar kokagunea izan zela, eta Muskiritsu mendiaren izena latinezko Mons Quiritumetik omen datorrela.

    Elosua-Plazentziako estazio megalitikoa

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen.

    Elosua-Plazentziako estazio megalitikoa Mazelaegi mendilerroan dago, Kortazarreko Haitza eta Elosua herriaren artean.

    Guztira 19 monumentu izendatu izan dira (7 trikuharri, 11 tumulu eta zutarri bat)[4], horietako erdiak Soraluzeko lurretan daudela.

    Hildakoak ehorzteko hilobi kolektiboak dira, artzain tradizioko taldeek eraikiak Kobre- eta Brontze-Aroetan batik-bat, duela 5000 eta 3000 urte artean.

    2012 urtetik Arbasoak izeneko proiektua martxan dago, monumentuak berreskuratzeko asmoarekin. Soraluze, Elgoibar eta Bergakako Udalak, gehi Gipuzkoako Aldundiak diruz laguntzen dute, Aranzadi Elkarteak indusketak zuzentzen ditu eta ikerketa zientifikoak burutu. Monumentuak babesteko, Soraluzeko Udalak hainbat lur sail erosi ditu azken urteetan.

    Irukurutzetako erromeria (Plaentxia.com 2013)

    Irukurutzetako erromeria

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen.

    Aintzinean maiatzako lehen igandean Irukurutzetako trikuharriaren inguruan erromeria ospatzen zen, bertara inguruko jende asko etortzen zela: azkoitiarrak, elgoibartarrak, osintxuarrak, soraluzetarrak...

    1.955 urtean erromeria hau ospatzeari laga zioten. 1.980en hamarkadan berpizten saiatu zuten, baina alferrik. Baina 2000 urtetik hona berriro ospatzen ari da, Bergarako Kapirixo eta Soraluzeko Atseden Txaboleta Elkarteari esker.

    Konbentzioaren gerra (1793-1795)

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen.

    Konbentzioaren gerran frontea Mazelaegi mendilerroan egon zen, 1794ko udatik 1795 uda arte. Errepublikano frantsesak Azpeitian zeuden gotortuak, eta Elosu inguruan Crespo jeneral espainiarraren gudariak. Azken honek kanpamendu bat antolatu zuen Muskiritsun[5].

    1795ko udaberrian frantsesek frontea apurtzea erabaki zuten. Horretarako, maiatzak 19ean, Marbot jeneralaren bi zutabek Crespo jeneralak Muskiritsun zuen kanpamendua erasotu eta hartu zuen. Espainiarrek hanka egin zuten inguruak estali zituen laino lodi bati esker, baina hala ere 20 hildako eta beste 50 lagun preso izan zituzten.

    Crespo jenerala oraindik beste bi hilabete eutsi zion Elosuan gotortuta, baina uztailak 29an, frantsesek prestatzen ari ziren erasoaren aurrean, Gatzagara alde egin zuen.

    Espainiako Gerra Zibila (1936-1939)

    Kasu honetan ere Mazelaegi mendilerroa frontean geratu zen. Uztailak 18an altxamentua hasi bazen, irailak 5ean altxatuek Irun hartu zuten, eta Donostia 13an. Handik Gipuzkoa osoan bizkor asko hedatu ziren: 20an Urolara heldu ziren (Azkoitia, Azpeitia, Zumarraga, Urretxu...) eta bi egun geroago Debarroa hartu zuten, Soraluze barne. Mazelaegitik jeitsi ziren herrira, San Andreseko bidetik, eta Elizburu kaletik sartu (1937 izena aldatu zioten: 22 de septiembre kalea).

    Baina Errepublikako tropek geldiarazi zituzten, eta frontea Debarroan eratu zen zazpi hilabeteetan, 1937ko apirila arte. Altxatuek Mazelaegi okupatu zuten, eta hainbat lan egin zituzten bertan: blokaoak, lubakiak...


    Iñaki Ruiz mendi lasterketa

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen.

    2012tik hasita, Soraluzeko Mendi Taldeak antolatzen du, Pirineotan zendutako Iñaki Ruiz mendigoizale soraluzetarraren omenez.

    Ibilbideak Soraluzeko mendi-gaina zeharkatzen du, bertako parke megalitikoa eta mendi-punta garrantzitsuenetatik igarotzen delarik. Lasterketak, guztira, 21 kilometro luze (2 asfalto gainean eta gainontzeko 19ak mendi bideetan) eta 1.000 metroko desnibel positiboa dauka.

    Erbiak

    Urte asko dira herrian erbia desagertu zela. Baserritarren esanei jaramon eginda, gerra ostean baserrietan erbiak harrapatzen zituztela; neguan ere bai, dagoeneko debekatuta zegoen arren. Baina neurrigabeko ehizak desagerrarazi zuela erbia inguruotatik.

    Ale batzuek iraun zuten Urbian eta Aralar inguruetan, 1980 hamarkadan hasita Gipuzkoako Aldundiak erbien populazioa berreskuratzeko egitasmoak abiatu zituen.

    2017 urtean[6], herriko ehiztari-talde batek eta Udalak (Gipuzkoako Aldundiaren laguntzarekin) erbiendako gune hesitua prestatu zuten Atxolin inguruan. Bertan egun batzuk pasa eta gero, Aldundiko teknikariek erbiak askatu zituzten.

    Karakateko parke eolikoa

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen.

    1998.ean Eusko Jaurkaritzak 11 kokapen antzeman zituen parke eolikoak garatzeko, horietako bat Mendigaina.

    Kortazarreko Haitza eta Irukurutzeta arteko 4 kilometrotan 25 aerosorgailu ipintzeko asmoa zegoen[7].

    Inguruko udalak eta herriak aurka agertu eta gero, egitasmoak ez zuen aurrera egin: 2002. urtean Eusko Jaurlaritzak bertan behera utzi zuen.

    Hogei urte geroago asmoa berpiztu zuten. Dolmenen ibilbidea zela eta, bakarrik bi aerosorgailu jartzea aurrikusten zuten, baina handiagoak: 100 metrotako dorreak, 80 metrotako palak eta potentzia 4,8MWkoa. Baimen eskaera Green Capital Power[8] enpresaren filial batek egin zuen.


    Erreferentziak

    1. Archivos municipales (1481-1520) liburuan zazpigarren agiria.
    2. La Crónica Ibargüen-Cachopín y el Canto de Lelo. Julio de Urquijo e Ibarra (RIEV Revista internacional de los estudios vascos = Eusko ikaskuntzen nazioarteko aldizkaria, 13 alea, 3.zbk. 458-282 orr.)
    3. Si (la leyenda) se funda en alguna especie de tradición, que ha quedado, de que Mosquirichu es corrupcion de Mons quiritum, pudo suceder que viniendo los romanos por Deva suviessen a dho monte y le diesen tal nombre.
    4. Izendapenaren ostean zista bat topa zuten Atxolin Txiki inguruan
    5. Soldaduak denbora luzean bertan egoteak agian zerikusia izan lezake altxorren bila trikuharriak miatu izanarekin.
    6. Erbia birpopulatzeko egitasmoa abiatu dute Mendigainean. Plaentxia.eus (2017)
    7. Oiz mendian jarri ziren antzekoak balira, 55 metro eta 850 kWtakoak, guztirako potentzia 21 bat MWtakoa izango zen.
    8. Capital Energy Holding Company. Talde energetikoaren enpresa burua.