Zezenak Soraluzen (eu)

From Sorapedia
Jump to: navigation, search
Jai egitaraua (Antonio Arruabarrena 1950)

Historia

Soraluzeko zezenketek arrasto ugari laga dute agiri zaharretan. Mende batzuetan asko, bestetan ez horrenbeste; baina argi dago Soraluzen zezenak eta zezenketak oso aspalditik izan direla.

Irureko zezenketa

Gehiago jakiteko, sakatu hemen.

Aipamen zaharrenak Irureko zezenketenak dira. XII mendean Nafarroako Antso VIa Don Celinos bere lehengusua ikusteko Irurera etorri zenean, azken honek zezenketa antolatu zuen erregea eta bere zakurrentzat. XVII mendeko liburu batean XIV mendeko eskuizkribu baten trakskripzio hau agertzen da:

Eta gainera esan zuen behitalde batetik bi zezen ekarri arazi zituela, eta Errege jaunaren aurrean korritu arazi zituen eta, behin korrituak eta gozatuak, zezenak hil arazi zituen Errege jaunaren txakurrei emateko...

Alfonso X Jakintsua

Gaztelako Alfontso Xak (1221-1284) Cantigas idatzi zituen, galizieraz, eta bertan mirari hau agertzen da: eztei batzuk ospatzeko Prazençako plazan zezena korritzen ari ziren; zezena zaldun baten harrapatzekotan zegoela, begira zegoen apaiz batek Andramariari mesede eskatu eta zezena ziplo erori zen lurrera.

Prazença hau nekez izan daiteke Soraluze, Placencia izena 1343 urtean eman ziotelako. Antzeko izena duen beste herriren bat izango da.


XVII mendea

Gehiago jakiteko, sakatu hemen.

Hurrengo laurehun urtetako inolako aztarnarik ez da gordetzen[1], baina 1601tik aurrera aipamen ugari agertzen dira. Dauzkagun datuen arabera, zezenik gabeko jai eta ospakizun gutxi ziren Soraluzen. Hainbeste zirenez, 1647-1651 urteetan zezen plaza eraiki zuten Plaza Zaharrean, Arregia Goikoakoek lagatako esparruan.

XVIII mendea

Gehiago jakiteko, sakatu hemen.

XVIII mendeko aipamen asko ere gordetzen dira. Nahiz eta zezenketa aurkako hainbat lege sortu, Soraluzek modua topa zuen ahalik eta zezenketa gehien ospatzeko. Mende honetan Plaza Zaharreko hiltegi zaharra eraiki zuten, harategi eta etxebizitza izateaz gain, jaietako zezen-korta izateko, eta bertako balkoitik zinegotziak zezenketak ikusteko.

XIX mendea

Gehiago jakiteko, sakatu hemen.

Aurreko mendearekin alderatuta, apenas gordetzen da XIX mendeko aipamenik. Frantsesak herrian egon zireneko debekuak (1808-1813) eta 1814 urtean Erret Arma Fabrikaren zuzendari berriaren etorrera ospatzeko egin zen txekorketa.

XX eta XXI mendeak

Gehiago jakiteko, sakatu hemen.

Hurrengo mendeko zezenketek oso aztarna gutxi utzi zuten agirietan, baina XX mendeko jai egitarauei kasu eginez, zezenak ez ziren falta. Sokamuturrez gain, 1949ko zezenketa gogaratu beharko zen.


Zezenketa motak

Soraluzen lau motako zezenketak izan dira: zezena eta zakurrak, zezen-suzkoa, sokamuturra eta zezenketa klasikoa.

Irure Hamenguako armarria, zezenak eta txakurrak erakusten dituela (Indalecio Ojanguren)

Zezena eta zakurrak

Gordetzen den aipamen zaharrena (Irureko zezenketa, XII mendean) mota honetakoa zen.

Azken aipamenak, berriz, 1659 urtekoak dira. Zezenketa Plaza Zaharreko zezen plazan egin zen: zezenari suzko basta ipini zioten (zezensuzkoa) eta zakurrak bota zizkioten.

Beste leku batzuetan zezenketa mota honek XIX mende bukaeraino iraun du.

Zezen-suzkoa

Zezenketa mota hau oso gutxitan erabili izan da Soraluzen; edo, behintzat, oso gutxi aipatzen da.

Lehen aipamenak 1659 urtekoak dira, eta hurrengoak XX mendeko bigarren erdikoak dira.

Sokamuturra

Segururena historian zehar gehien iraun duen zezenketa mota, gaur egun ere jai egitarauan agertzen dena.

Lehen aipamena 1601 urtekoa da. Austriako Margarita erregina erditu zela eta, Soraluzen 140 erreal t'erdi gastatu zituzten, besteak beste bi idi erosteko herrian korritzeko.

Zezenplaza eraiki eta gero zezena sokari lotuta kaletan ibiltzetik plazan libre korritzera pasa zen, nahiz eta sokamuturrak gaur arte iraun.

1808 urtean eta hurrengoetan ere, gudaroste frantsesa Soraluzeko Erret Lantegia hartuta zeukala, erabili zen zezenketa mota bakarra sokamuturra izan zen.

Eta gaur egun ere ez da jai egitarauan faltatzen, Santa Ana zein San Roke Txiki egunetan, goiz eta arratsaldez.

Félix Etxaniz eta Julián Arana Gila tabernatik Plaza Zaharrera "paseilloa" egiten

Zezenketa klasikoa

Dauden aipamenak XVII eta XVIII mendeetakoak dira. Orduan (1647-1651) zezen plaza egin zuten eta.

Zezenketa hauetan ez ziren zezenak beti hiltzen: ekartzerakoan bereizten zen zeintzuk ziren hiltzeko eta zeintzuk ez; diruaren arabera izango zen. Inoiz ekarritako zezenak motelak izan eta atzera saltzen zituzten, 1666eko abuztuaren 24ean egin zutenaren antzera. Edo 1713 urtean gertatu zen moduan, istiluen beldur ez zuten hiltzen.

Zezenketa klasikoen azken aipamena 1808 urtekoa da. Andramarietan, Erret Lantegia okupatzen ari zen frantses gudarosteak jaietarako programatutako zezenketa bertan behera utzi zuen. Hurrengo urteetan sokamuturra besterik ez zen izan.

XX mendea arte itxaron behar zen hurrengo zezenketa ikusteko. 1949 urteko Andramaritako bezperan izan zen, abuztuak 14an haiz zuzen. Bi toreatzaile izan ziren, herrikoak biak: Félix Etxaniz (el Arruza placentino) eta Julian Arana Ituarte (el Tigre).


Antolaketa

Noiz

Alde batetik, zezenketak jaietan antolatzen ziren. Esateko, XVII eta XVIII mendetan Santiago eta Santa Ana egunetan, abuztuko Andramaritan eta Gorpuzti bezperan, Bazko egunean eta abarretan korritzen ziren zezenak Soraluzeko kaleetan.

Gerora, murriztu egin zen, eta XX mendearen lehengo erdialdean programan San Roke Txiki egunean agertzen ziren bakarrik. Gero, Santiago eta Santa Ana jaiei pisu gehiago ematerakoan, Santa Ana egunean ere antolatzen hasi ziren.

Honetaz gain, ezohiko zezenketak ere izaten ziren, hainbat gertaera ospatzeko: erregearen koronazioa, erreginak erditzerakoan, etab.

Ordainketa

Gehienetan, Udalak izendatutako arduradunek ekartzen zituzten zezenak.

Beste batzuetan, tabernariek edota ardo nafarrez herria hornitzen zutenek (1663, 1713, 1745...), edota harakinek (1745...)

Hiltegi zaharra errentan hartzen zuen harakinak, dirua ordaintzeaz gain, lau idi ekarri behar zituen festetan korritzeko eta etxeko gela eta balkoia libre utzi behar zizkion Udalari abuztuko Andramarietan eta Santiagotan. Abuztuko festetarako danbolina ere berak ordaindu behar zuen.

Zezenketa Plaza Zaharrean (Josepf Florencio Lamot 1756)

Zezenplaza

1647ean zezenetarako eta beste emankizunetarako plaza berezia egitea erabaki zuten. Clara Txurrukak, haren seme Pedro Irurek eta Bizente Arregik Arregijalzada tokiko lurrak laga egin zituzten horretarako (gaur eguneko Plaza Zaharra, sasoiko Kalebarreneko Plaza Berria.

1651ko abuzturako bukatu zituzten zezenplazako obrak. Arregi Goikoa etxearen horman Joan Mendiola-k bost txinget ipini zituen, toreatzaileak larrialditan txinget hauetatik zintzilikatzeko eta zezenarengandik libratzeko.

1753 urtean Soraluze Arma Lantegietako Florencio Joseph Lamot Gondesoone flandestar ikuskatzaileak grabatua egin eta inprimatu arazi zuen Madrilen, Soraluzeko fabrika eta inguruetako xehetasunak erakutsiz. Herriko ikuspegian, besteak beste, herriko Plaza Zaharrean zezenak eta lau toreatzaile agertzen dira, barreratan jende asko ikusten dela.

Hiltegi zaharra

Hiltegi zaharra

1730eko maiatzaren 19an Soraluzeko herritarrak bilduta, Martin Isasi Isasmendi alkate jaunak proposamena egin zuen herriko plazan[2], torilak zeuden lekuan, etxe berria egiteko. Han toril berriak, harategi berria, harakinarentzako bizilekua eta balkoi luzea egingo zuten, udalgizonek handik zezenak behar bezala ikusteko.

Etxe berria egiten (gero hiltegi zaharra izenez ezagutuko zena), urte hartako ekainaren 19an hasi ziren. Hurrengo urteko (1731) urrian hiltegi zaharra bukatua zuten bere balkoi eta guzti.


Erreferentziak

  • Gogoratu behar da Soraluzeko aintzinako agiriak Eibarko bonbardaketan erre zirela, 1937 urtean; gaur egun geratzen den agiri zaharrena 1502ekoa da.
  • Plaza Zaharra.