Deba ibaia. Toponimia (eu)

    Sorapediatik
    Fitxategi:Deba ibaia. Batzokia, zubia eta polikiroldegia (2017).jpg
    Ezkerretik hasita, Ugarreziaren punta, Presapia, Igareta edo Malmero presa, Etxaspia, Arrio-gain, Zubipia, Zubi Nagusia...

    Soraluzeko toponimiaren barruan, Deba ibaiarekin edota ertzekin lotutako izen asko eta asko topa daiteke. Zerrenda honetan jasotzen dira, beharrezko azalpenekin: nun dagoen, izenaren jatorria, tokiko historia edota istorioak...

    Izenak goitik beherako hurrenkeran datoz; hau da, Osintxutik Maltzagaraino. Bitxia da Igaratetik aurrera izen zaharrik ez gordetzea, segururena Maltzagako bidea zabaldu artean (XIX mende hasiera) inor gutxi ibiliko zela horko ibai inguruetan.

    Toki izenak

    Izena Azalpena
    Bolu Bergarako herriarekin ibaiak muga egiten duen parajean kokatzen da Bolu izeneko lekua, zehazki eskumako ibarrean.
    Antzinean, bertan Egotza errekako urak erabiltzen zituen Bolu ogi-errota zegoen, hortik bere izena. XIX mende bukaeran erdi erorita zegoen, eta Durango-Zumarraga trenbidea egiterakoan (1887-1888) azken hondarrak desagertu ziren.
    Mugarri Kontrako ertzean, Mugarri dago. Bergara eta Soraluzeko herrien muga markatzen duen lekua da. Osintxuko eremuan izen bereko baserria dago.
    Ondarra, Ondarrekoa Zonalde honetan, ibaiak meandro handi bat egiten du eta, ondorioz, sedimentu ugari pilatzen dira, batez ere hondarra. Hortik lekuaren izena.
    Iñasibar (Inazibar) Ondarratik 200 bat metro beherago, Iñasibarko ibi zaharra zegoen, justu Irukurutzetara heldu baino lehen.
    Ibaia zeharkatzeko erabiltzen zen, zabalera handikoa zen eta Txurruka auzoko baserritarrek erabiltzen zuten gehien bat, Osintxuko edo herri erdiko zubiraino joan gabe, errege bidera pasa ahal izateko.
    Iñasibarko ibia, Sologoeneko zentral hidroelektrikora Urruztitik zekarren tutua ibaia pasatzerakoan desagertu zen.
    Irukurutzeta Iñasibar pasa eta ibaiak egiten duen bihurguneari esaten zaio. Egungo errepideko biribilgunea eta Mendizabal industrialdearen parean dagoen.
    Biribilgune alboan gordetzen diren hiru gurutzeek izena ematen diote tokiari. Gurutzeak zergatik jarri zituzten gaur egun inork ez daki, baina orain dela 200 urteko agirietan aipatzen dira.
    Bi harkaitz handi zeuden uretatik irteten eta ura nahiko sakona zen, ume eta gazteentzat igeri egiteko toki kuttuna. Gainera, inguruan errekarriz betetako ibaiertzak zituen, bertan lehortu, jolastu edo atseden hartzeko. Aisialdi leku bikaina zen. Soraluzetar askorentzat, Olako osiñeko ur sakonetan sartu aurretiko lehen igeriketa ikastokia izan ohi zen.
    Carmelo Mendizabal zubia 1970. hamarkadan egin zuten, Mendizabal industrialdeari paso emateko.
    Aizkorak/ Arkaitzeta Ibaiaren hurrengo tartea da, Joangoerreketak (Sologoen erreka) urak ibaira isurtzen dituen artekoa hain zuzen. Aizkorak deitzen zaio, inguruko ibaiertzak harkaitzez josita daudelako, baita ur azalean ere. Ingurune bihurria eta arriskutsua da.
    Txurrukena Egungo Txurruken auzuneko (Serafin Achotegui) etxebizitzetan hasi eta Olearaino doan ibai tartea da. Izena Txurrukena baserriak ematen dio, inguruko ibai aldeko ortuak bereak zituen eta.
    Bertako urapiak (edo ibai ertzak) nahiko erabilgarriak eman arren, normalki ez ziren erabiltzen igeri egiteko, hondoetan lohi ugari pilatzen zelako.
    Olako osiña Igeri egiteko leku kuttunenetakoa da, batez ere XX mendean Oleako presa egin ondoren. Presaren altuera handiak uraren sakonera asko areagotu zuen, igeriketarako leku ezin hobea bihurtuz.
    Leku hau aurretik ere igeriketarako erabiltzen zen, 1818 urteko agirietan irakurri daitekeen bezala: Ahogamiento en la playa de Olea. Orroaga errekak hartxintxar ugari ekartzen du menditik behera, eta honek hondartza antzeko bat sortzen zuen putzuarekin batera. Osiña deitzen zioten gure arbasoek, eta hortik Olako osiña izena.
    Osiña sakona eta zabala zen, igerilari trebeak ibiltzen ziren soilik bertan. Uretara saltoak arruntak ziren, presatik bertatik eta baita errekaren kontra zegoen harresiaren gainetik ere; ausartenak berriz, inguruko makal handien adarretatik ere salto egiten zuten. Arrantzarako ere toki kuttuna zen herritarrentzat.
    Aipagarriak dira putzu sakon honetan zeuden tapakuak; hau da, heldu bat zutik egonda guztiz murgildu zitekeen lekua. Bertako jolas gustukoena, ea ur azpian nork ematen zuen denbora gehiago lehiaketa egitea zen, amurgil eginez.
    Oleako presa Alberdi enpresari indarra emateko eraiki zen. Emakida 1895koa lortu, baina 1929 arte ez zuten presa egin.
    Presa oso altua zen, hiruzpalau metrotakoa, baina Oleako zubia egiterakoan pare bat metro kendu zioten presari.
    Ur ustela/ Ustela Oleako presa eusten duen eskuineko dikearen eta Oleako auzora doan landa bidearen artean kokatuta zegoen hiruki formako gunea zen. Ibaian behera ur asko zetorrenean gainezka egin eta bete egiten zen. Ondoren, lehortea zegoenean eta urik jasotzen ez zuenean, ur geldozko putzua sortzen zen. Hortik dator ur-ustela izenaren jatorria.
    Gaur egun aparkalekua dago bertan, Oleako zubi berriaren hasieran.
    Oleako zubia Herriko barne sahiesbidea ixteko egin zuten XX mende bukaeran. izen bereko presaren parean egin zuten.
    Zumak Oleako presaren azpiko ingurunea zen, gaur egun Vda. de Azkarate lantegia dagoen lekuan.
    Ibaiak ekartzen zituen hondakinekin irla txikiak sortzen ziren, ugarreziak deiturikoak. Bertan zumeak hazten ziren, hortik lekuaren izena.
    Zumekin jolas ugari egiten ziren eta beste hondakinekin batera, gazteek txabolak ere egiten zituzten. Ufalak edo uholdeak etortzen zirenean gazteen jolaserako leku hauek desagertu egiten ziren.
    Maxpe (Maspe/ Maspia) Zumetatik Errekaldeko zubiraino, eskumaldeko ibaiertza.
    Sasoi batean inguru honetan mahatsondoak egon ziren, eta hortik Maxpe (mahazpea) izenaren jatorria.
    Presaren altuera garaiari eta ibaiak zuen zabalerari esker, ibaiaren tarte hau oso etzana da, ibaiari sakonera gutxi emanez. Inguruko harkaitz eta harri ugariei esker, barbo, loina eta abarrentzako babeslekua zen eta, beraz, eskuz arrantza egiteko toki egokia zen.
    Maala Erlaegiko errekak ibaira urak isurtzen ditueneko lekutik behera doan tartea da, Maxpe frentean, ezkerreko ibaiertzean.
    Izena, XVII mende hasieran bertan eraiki nahi izan zuten Maria Magdalenaren ermitari zor zaio.
    Erlaegi erreka ibaira isurtzen den lekuan hareatza zabal bat eratzen zen, kaletik sarbide egokia zuena. Leku hau jolaserako erabiltzen zen, baita igeri egiteko eta arrantzarako ere.

    Bestalde, zonalde honetan urakapiñak pilatzen ziren[1]. Oso ohikoa zen ume eta gazteak hondakin hauek biltzen ikustea.
    Maalako gunea Errekaldeko harpasuetaraino heltzen zen.

    Errekaldeko harpasuak Zubia baino metro batzuk gorago harriz eginiko igarobide zaharra zegoen, harpasuak. Ibaiaren hondoan kokatutako harri horiek, Santa Ana kaleko ibai ertzetik, Atxuriko beste ertzera igarotzeko balio zuten.
    Gaur egun, ez zaigu gelditzen harpasuen arrastorik. 1915 urtean oinezkoentzako zubi berria egin zenean kendu zituzten, txanelak ibaian zehar gora eta behera ibiltzeko. Eta geratu ziren aztarna bakarrak geroko lanek (dragak, kolektoreak, ibai ertzetako hormak...) desegin dituzte.
    Zubiarekin gertatzen den moduan, Errekalde izena gailendu da, nahiz eta harpasuak Santa Ana eta Atxuri lotu.
    Errekaldeko/ Atxuriko/ Santa Anako zubia 1915 urtean egin zuten, harpasuak ordezkatzeko.
    Nahiz eta Santa Ana eta Atxuri lotu, gehien erabiltzen den izena Errekaldeko zubia da.
    Bada asmoa zubi berri batekon ordezkatzeko, Maxpetik Maalaraino egingo dena.
    Atxuri paria Tarte hau Atxuriko zubitik Malmero presaraino doa. Herrian dagoen ibaiaren gunerik egonkorrena da, uren sakonera eta leuntasunari dagokionez.
    Inguruan dituen etxebizitza hormen babesari eta ibilguan dagoen oztopo ezari esker, txanelekin edo txalupekin ibiltzeko ibaiaren tarte egokiena egiten dute. Izan ere, 1965eko ekainaren 13an, tarte honetan Pasai San Pedroren eta Jaizkibelen arteko traineru txikien lehiaketa jokatu zen.
    Zerkia Errekaldetik behera, Santa Ana kaleko etxeen azpiko ibarrean hareatza bat zegoen, bertan, “txanelak” gordetzen zituzten herritarrek, batez ere Meltxorrenekua eta Armendietxe etxeen azpian.
    Azken etxe honen azpiko tokia, kaletik ibaira sartzeko tokiari Zerkia esaten zitzaion.
    Kolarra Kontrako ibai hertzean, Erregetxe Zaharretik gertu, harkaitz handia zegoen ur azpian, ur azaletik zentimetro gutxira, txanelendako arriskua sortuz: Kolarra. Gerra Zibilaren aurretik ospatzen ziren igeriketa lasterketetan erreferentzi moduan erabiltzen zen: Arrio-Gainetik hasi eta Kolarrean buelta hartu.
    Zerkia-Kolarra gunea oso aproposa zen aingirak, barboak eta loinak arrantzatzeko; butroiak erabiltzen zituzten eta baita txingak harresiekin batera.
    Zubi Nagusia/ Gila zubia Aintzinean inguru honetan zegoen ibi garrantzitsuena, itsasoko bidean: Bergaratik (edota Gaztelatik) ezkerreko ibaiertzetik etorrita, eskumara pasatze zen gero Elgoibarrera Ezoziatik eta San Roketik jarraitzeko.
    XVI mendean egin zuten zubia, XVIII berregin, XIX konpondu eta XX mendean zabaldu zuten.
    Zubipia Zubi Nagusiaren azpiko aldea.
    Arrio-gaina Zubi Nagusia pasa ondoren ezkerreko ibaiertzean dagoen etxeari deitzen zitzaion. Izena ongi gorde da, bertan dagoen elkarteari esker.

    Arrio-gaina igeriketarako leku berezia zen, ibaira jaisteko sarbide hona baitzuen, baita bertan zegoen harresiarengatik ere. Garai batean, jaietan nasapuntakoa edo kukaña, jauzi eta igeriketa txapelketak jokatu ohi ziren.

    Etxaspia (Etxeazpia) Kalebarrengo etxeen azpian sortzen zen hareatzari deitzen zitzaion, bukaerako zatia oso zabala izan ohi zen.
    Igaretako/ Malmeroko presa Igareta errotarendako egindakoa. Herriko zaharrena da, XVI mendekoa, nahiz eta ordutik hainbat bider berreraiki izan duten.
    XX mende bukaeran errota bota eta erretena kendu bazuten ere, presa mantendu izan da.
    Presapia Izenak dioen bezala, Igaretako errotaren presaren azpian putzu handi bat sortzen zen, sakonera handikoa.
    Ugarrezia Igareta presa baino zertxobait beherago herriko ugarrezi garrantzitsuena dago. Ibaiak dakartzan hondakinek irla luzexka bat sortzen dute ibaiaren erdian.
    Leku hau herriko neska-mutilek asko erabiltzen zuten jolaserako, eta baita txabolak egiteko; denbora luzeak igarotzen zituzten bertan. Gabolatseko harpasuari esker, udaran batez ere, erraz heldu zitekeen bertara.
    1980 hamarkadan ugarrezia kentzen saiatu ziren, batez ere uholde arriskuak gutxitzeko, baina denbora gutxian berriro sortu zen.
    Igareta/ Igereta/ Malmero Gabolatzeko harpausuen beste hertzean, ezkerreko ertzean, Igaretako errota zegoen garai batean. Honek ematen zion inguruari bere izena. Bertako familiaren gaitzizena ere erabili izan zen tokia izendatzeko: Malmero.
    Gabolatseko harpasuak Altun errekak bere urak Deba ibaian isurtzen dituen lekutik Igareta errotaraino, Ugarresia igaroz, Gabolatseko harpasuak ziren.
    Errekaldeko harpasuen aldean harkaitzak askoz handiagoak ziren. Harkaitz horiek oraindik ikus daitezke eskuineko ibai ertzean.
    Herritar askok erabili ohi zuten Baltegietako errege bidera pasatzeko, Gila zubiraino joan gabe; baina 1915 urtean Gabolats zubi berria egin zutenean erabiltzeari laga zioten.
    Gabolatseko zubia Santa Anako zubiaren moduan, 1915 urtean egin zuten, oinezkoentzat. Gerora zabaldu zuten ibilgailuak ere pasatzeko.
    Umilladerua Izena SAPAren fabrika berriaren lehen nabea dagoen tokiari dagokio.
    Aurretik ermita edo santutxua egon zen bertan, izen desberdinekin: San Salvador, Espiritu Santua eta Humilladero. 1834 urteko ufalak ermita eraman zuen baina herritarrek izena erabiltzen jarraitu zuten.
    Olabarrena Ibaizabalaren bukaerako zatiari deitzen zitzaion. Bertan, presa eta zubiarekin batera, errege bidearen ezkerreko aldean eraiki ziren ola eta errotari erreferentzia eginez.
    Gaur egun Olabarrenako eraikinak deseginda daude, etxebizitzak (etxe domotikoak) egin baitziren bertan.
    Ibaiak eta inguruneak garai hartan zuen itxura ere oso ezberdina zen, gaur egun ibaia bi hormen artean bideratuta dagoelako.
    Igarate Sagar-Errekak eta Deba ibaiak bat egiten duten tokia.
    Izenak inguruan zegoen errotari erreferentzia egiten dio.
    Herriko saihesbidea eraiki zenean garai bateko aztarna guztiak desagertu ziren. Ingurunea oso eraldatuta dago, ibaia errepidea eta Mendiola industrialdearen hormen artean dagoelako.
    Industrialdeko zubia Mendiola industrialdearekin batera egin zuten. Inguruan zegoen Orbea zentralaren presa.
    Mendiolako hondartza Garai batean, Mendiola baserriaren parean ibaiak hondakinak pilatzen zituen eta hondartza sortzen zen. Baina XX mendean desagertu zen, Orbea zentralaren presa eta erretena egin zutenean.
    Iribeko erretena Orbeako zentralaren erretenari Iribeko erretena esaten zitzaion. Mendiola eta Amillaga (Ansola) industrialdeak egiterakoan presa, zentrala eta erretena desagertu ziren, baina oraindik erretenaren aztarnak geratzen dira.


    Kokapena

    Mapa kargatzen...


    Erreferentziak

    • Hidrotoponimia y formas lexicales locales relacionadas con el tramo fluvial del río Deba correspondiente al término municipal de Soraluze. Javier Elorza (argitaratu gabea).
    1. Urakapiñak ufalak ekarritako egur eta enborrak izaten ziren, horiek etxeetako suak elikatzeko erabiltzen ziren.