Andramarixak (eu)

From Sorapedia
Jump to: navigation, search

Bertako parrokia Santa María la Real izanik, Andramarixak izan dira betidanik herriko jai nagusiak.

Egutegia

Jaiak bezperatik hasten dira, abuztuak 14an, eta beste hiru egun irauten dute: Andramari eguna, San Roke eta San Roke txiki (abuztuak 17).

Garai batean hurrengo domeka arte irauten zuten, Ezoziako kofradiako eguna arte, hain zuzen.


Gerra aurrekoak

Gehiago jakiteko, sakatu hemen.

Abuztiak 14an, Amabirjinaren bederatziurrenaren azken eguna zenez, elizan Salbea abesten zuten, Hilarion Eslabarena[1]. Herrian atzera eta aurrera, girotzeko, karlisten banda eta txistularien banda.

Andramari egunean, Perosiren[2] bigarren meza pontifikala abesten zen. Egun honetarako Eibarko banda ekartzen zen, herriko musikariek atsedena hartzeko eta jaietaz ondo gozatzeko. iluntzean, dantzaldiak eta suzko-erroberak Plaza Zaharrean.

San Roke egunean, bezperako arrazoi berberagatik, Bergarako banda ekartzen zuten. Goiz goizetik San Roke ermitaraino prozesioa abiatzen zen; heltzerakoan, meza ematen zen bertan eta herrira bueltatzen ziren, San Rokeren irudi zaharra Parrokiara ekartzeko. Ostean meza Nagusia izaten zen, eta pilota partidak ere.

San Roke txiki egunean goizetik sokamuturra. Egun honetan gizonek etxetik kanpo bazkaltzen zuten, eta arratsaldean aurreskua izaten zen Plaza Barrian; ostean karlisten banda eta batzokiko txistulariak kalejiran ibiltzen ziren, eta ibaian jokuak: estropadak, kukaina, igeri lasterketa, paitxak harrapaketa… eta sokamuturra atzera.


Gerra ostekoak[3]

Inoiz Andramari bezperaren aurretik ere ikuskizunak izaten baziren ere, jaiak abuztuak 14ko eguerdian hasten ziren, ezkil-otsekin. Ostean, Lizarrako dultzaineroei ongietorria egiten zitzaien, tren geltokian. Arratsaldean Salbea abesten zuten elizan. Eta iluntzean erromeria izaten zen.

Andramari egunean dultzaineroek kalejira egiten zuten. Gero elizan Meza Nagusia izaten zen, abestua, eta ondoren banda kontzertua. Arratsaldean otxote lehiaketa eta iluntzean erromeria, dultzaineroek eta bandak animatuta.

Biharamunean, San Roke egunean, goiz goizetik San Roke ermitaraino prozesioa abiatzen zen; heltzerakoan, meza ematen zen bertan eta herrira bueltatzen ziren, San Rokeren irudi zaharra Parrokira ekartzeko. Herrian Meza Nagusia izaten zen, abestua, eta banda kontzertua. Arratsaldean dantza lehiaketa, pilota partidak eta erromeria iluntzean.

San Roke txiki eguneko ezaugarria, betidanik, zezenak izan dira. Goizean goiz kalejira, Iriarena jotzen; gero goizeko sokamuturra eta Gran Premio Placencia txirrindulari lasterketa. Bazkalostean arratsaldeko sokamuturra eta, iluntzean, erromeria.

Egutegiaren arabera, hurrengo egunetan eta domeka artean (Ezoziako Kofradia eguna) jai egitaraua luza zitekeen: zinta karrera, batelak… eta, iluntzeoro, erromeriak.

Hurrengo urteetako programak oso antzekoak ziren, aldaketa txiki batzurekin: erraldoiak eta buruhandiak, fanfareak...


Sokamuturra San Roke txiki egunean

Gaur eguneko jaiak

Sasoi batean, abuztuko oporrak ez ziren, eta hastekotan astebetekoak izaten ziren. Gero, bi, hiru astetakoak… etorri ziren. Ondorioz, abuztuan gero eta jende gutxiago geratzen zen: etorkinak beren herrietara bueltatzen zirelako, eta bertakoak oporretara joaten zirelako. Horregatik, 1960 hamarkadatik aurrera uztaileko Santiago jaia egundoko indarra hartzen ari zen. 1977 urtean herriko jai paraleloak antolatzen hasi ziren: Santiago-santanak, eta herriko jai nagusiak dira.

Gaur egun Andramarixek lau egunetako egitura mantentzen dute, baina askoz arinagoa.

Andramari bezperan txupinazoa eta iluntzean berbena[4]. Andramari egunean kalejira, banda kontzertua eta berbena izaten da; inoiz herri-kirol erakustaldiak eta suzko erroberak izan dira.

San Roke egunean goizetik prozesioa joaten da San Rokeren bila, eta ongi etorria egiten zaio. Egunean zehar tortila lehiaketa, dantza lehiaketa... eta iluntzean berbena. Biharamunean, San Roke txiki, zezenak goiz eta arratsaldez: sokamuturra eta kalejirak.


Bitxikeriak

Lizarrako dultzaineroak

Lizarrako dultzaineroak, Elizaga familikoak, XIX mende bukaeran hasi ziren herritan jotzen, eta 1898 Eibarra etorri ziren lehen aldiz. Soraluzera ere etortzen ziren, jai egitarauetan 1950 urtetik aurrera urtero urtero agertzen dira eta.

Hasierako urteetan trenez etorzen ziren, Lizarra-Gasteiz-Soraluze, The Anglo Vasco-navarro Railroad Company erabiliz.

Jaiak bukatzerakoan, hurrengo urterako kontratua egiten zuten. 1979 urtean, itxuraz, ez zuten hurrengo urterako kontratua lotu eta hura izan zen beren azken urtea Andramarixetan.

Dena dela, 1993 urtean atzera ekarri zituzten, baina Santa Ana jaietarako. Eta ordutik hona urtero urtero etorri dira.

Erandiko Banda Andramarixetan (Diario Vasco 2012)

Musika bandak

Gerra aurrean, herrian bi musika banda zirela eta, tirabira handiak izan ziren jaietan zeinek jo. Gerra ostean, berriz, San Ignacio banda karlista geratu zen bakarrik.

1960ko hamarkadan San Ignacio banda desegin zenean, Erandioko banda etorri izan da Soraluzera urte askotan.

2017 urtean, berriz, Urduñako bandak jo egin du Andramari egunean.

Konbidautzak

Herriko jaiak izanik, eta beste herri askotan gertatzen zen bezelaxe, kanpotik ere jende asko zetorren.

Bazkaltzeko orduan, berriz, bazegoen aldea. Batzuk aurretik zekarren konbidautza; hau da, familiako edo lagun baten gonbidapena zuten bazkaltzera joateko. Eta, dudarik gabe, konbidautza hauek ordaina eskatzen zuten: gonbidatuen herriko jaietara joateko konbidautza hain zuzen.

Beste batzuk, aldiz, inoren konbidautza barik etorritakoak, eguerdi aldera batera eta bestera ibiltzen ziren, ea soraluzetar ezagun bat topatzen zuten honek bere etxera konbidatzeko.


Erreferentziak

  • Hilarion Eslaba. Wikipedia (euskaraz).
  • Lorenzo Perosi. Wikipedia (gaztelaniaz).
  • 1950 urteko programa hartu dugu erreferente moduan.
  • 2013 urtean Soraluze Saria txirrindulari lasterketa azken aldiz jokatu zen; LVI edizioa izan zen.