Gabolats kalea (eu)

    Sorapediatik

    Kokapena

    Historiaren gorabeherek eraginda, Gabolats kalea bi zatitan antolatuta dago.

    Zati zaharrenak garai bateko Elgoibarko bideari jarraitzen dio: Plaza Zaharretik aurrera, Deba ibaiaren eskuma aldetik, aldapa hasten den tokiraino (gutxi gora behera). Hortik aurrera Ezozibidea hasten da. Zati honek 245 bat metro ditu, eta 4-6 metroko zabaleroa.

    Bigarren zatia herriko barne saihesbidearen zati bati dagokio (garai bateko trenbidea): Ezozibideko errotondan hasi eta Estaziño kalea hasten den arte. Gabolats Goikoa edo Gabolás alto ere esaten zaio. Zati honek 300 metro ditu; errepidea da, eta Gabolatseko etxeei dagokion tarteak 90 metro besterik ez ditu. Albo batean Loralde eta bestean Arraikua dauzka.

    Mapa kargatzen...

    Argazkiak

    (handitzeko, sakatu gainean)


    Historia

    Izena haitzaren erreka (gaubea = haitza, latsa = erreka) esan nahi du; erderazko agirietan el arroyo de la roca ere inoiz agertzen da. Aipatutako latsa edo erreka Altun erreka da (Iriarte erreka ere). Berez, Gabolats izeneko etxea (20. zenbakia duena) Altun errekaren ondoan dago.

    Gabolats kalea kostako bide ondoan sortu zen. Bide hau Deba Goienetik zetorren eta ibaia zeharkatzen zuen herrira sartzeko, Zubi Nagusiaren inguruan zegoen ibia erabiliz. Kalebarrenetik pasa eta, orduko harresiak atzean utzi eta gero, Plaza Zaharrera irtetzen zen. Handik aurrera, Deba ibaiaren eskumaldetik Ezozia eta San Rokeraino igotzen zuen, handik Elgoibarreraino pasatzeko, Maltzaga inguruko labarrak sahiestuz.

    Bidea kontrolatzeko asmoz, ertaroan Arregia dorretxea eraiki zuten bide ondoan, puntu altu eta estu batean. Geroago, Arregia Goikoa sortuko zuten mendi aldean.

    1343. urtean, Alfonso XI erregeak Placencia de Soraluce sortzeko agindua eman zuenean, Gabolatseko ingurua harresietatik kanpo geratu zen.

    Hurrengo mendeetan etxeak agertu ziren bidea eta ibaiaren artean, beti herrikoak baino txikiagoak eta xumeagoak. Mendi aldean, berriz, ortuak ziren nagusi.

    1513. urtean, herria handitzeko asmoz, Udalak orube eskeipena egin zuen herriko bi esparrutan, horietako bat Gabolatsen.

    Gabolatseko erditik Altun erreka pasatzen da. Garai batean zubi batek, Gabolatseko zubi zaharrak, erreka zeharkatzen zuen. Puntu honetatik Deba ibaira jeitsita harpasoak ziren, Baltegietara pasatzeko. Gero, XX. mende hasieran Gabolatseko zubi berria egin zutenean, harpaso hauek erabiltzeari laga zioten, eta XX. mende bukaeran desagertu ziren, ibaia "garbitu" zutenean.

    XX mendearen hasieran Gayarre zinema zabaldu zuten mendi aldean.

    Azkenik, XX. bigarren erdian, Soraluzeko biztanlea honenbeste hasi zenez, kaleko bi aldeetan etxeak egin zituzten; horretarako, besteak beste, Gayarre zinema eta labaderoa bota egin zituzten. Gainera, mendi aldean, orduko trenbide ondoan beste etxe ilara ere eraiki zuten, Gabolats Goikoa edo Gabolás alto izenarekin ezagutua.


    Sasoi bateko Gayarre zinema

    Etxe eta atariak. Zenbaki bakoitiak

    Alde honetako etxeak nahikoa berriak dira, gerra ostekoak. Aurretik ortuak zeuden, eta gehienek ez daukate izenik:

    • 1. zenbakia. Arregia, Arregia Goikoa, Txokolonekoa. Plaza Zaharrean dago, garai bateko Erregetxearen ondoan. Azken izena jabeengandik datorkio. Etxe unifamiliarra zen, gero hanbat etxebizitzetan hala nola banatua. 1960. hamarkadan bota zuten berria egiteko.
    • 3. zenbakia. XX mende hasieran Mendikute familiak eginda (1. zenbakiko etxearen jabeak). Txokolonekoa eta Mendikutenekoa esaten zaio.
    • 5. zenbakia. Garai batean Gayarre zinema zegoen bertan. 1970. hamarkadan berau bota eta etxe hauek egin zituzten. Azpian arkupe modukoa daukate, garaje eta bulegoekin. Gaineko 5 solairuetan etxebizitzak daude, 3 atarietan banatuta.
    • 9. eta 11. zenbakia. Bost solairuko etxeak, azpian bulegoak dituztenak. 1950. hamarkadan Idigoras kontratistak eraikiak, proiektua aurkeztu zenean aurrekaldean espaloia eta zuhaitzak agertzen ziren.
    • 13. zenbakia. Aurrekoen antzekoa, aterpea dauka azpian eta iturria. Etxe honen eta hurrengoaren artean Altun erreka pasatzen da, Loraldetik datorrena.
    • 15. zenbakia. 6 solairuko etxea. Sasoi batean hemen zegoen Gabolatseko labaderoa, 2 x 6 metrotako aska eta lau harri handi alboan arropa garbitzeko. Platanero nandia zuen alboan.
    • 17. zenbakia. 5 solairuko etxea. Ez dago kale parean, altuago baizik. 15. zenbakiaren parean ditu eskilarak, eta bi etxe hauen artetik Gabolats Goikoraino igo daiteke.
    • 19. zenbakia. 5 solairuko etxea, 1.960 hamarkadan egina. Aurrekoaren moduan, kalea baino dezente altuago dago, eta eskilara propioak ditu bertara igotzeko (eta Gabolats Goikoraino ere). beheko solairuan zapata-konpontzailea egon zen urteetan.

    Hurrengo etxe eta zenbakiak Gabolats Goikoari dagozkio. Hasiera batean, sarrera Gabolats aldetik zuten, eta goian aipatutako eskilaretatik iristen zen bertara (hortik Gabolás alto izena). Trenbidea kendu eta errepidea atondu zutenean sarrera bertatik egin zieten etxe gehienei. Zenbakiak kontrako norabidea hartzen dute; hau da, Maltzagatik hasi eta Udaletxeruntz.

    • 21. zenbakia. 4 solairuko etxeak, oraindik sarrera Gabolats aldetik dutenak. Besteen artean nabarmentzen dira diseinu aldetik.
    • 23., 25., eta 27. zenbakiak. Etxe hauei sarrera berria egin zieten trebidetik.
    • 29. zenbakia. Etxe honek ere lehengo sarrera gordetzen du, Gabolats aldekoa. Igogailua izan duen Soraluzeko aurreneko etxeetakoa da, beti 1.960 hamarkadan.

    Garai bateko ortuen izen batzuk ere gordetzen dira: Sagasti etxea eta Lasaldesagasti, kalearen alde honetakoak.


    Zenbaki bikoitiak Deba ibaia aldetik

    Etxe eta atariak. Zenbaki bikoitiak

    Alde honetako etxeak, berriz, askoz zaharragoak dira: gorago jaso den moduan, kalea eta ibaiaren artean egin ziren. Bakarren bat bota eta berria egin dute. Oso nabarmen agertzen da etxeen izenetan, alde honetan gehienek izena dute eta:

    • 2. zenbakia. Arregia dorretxea eta Romeronekoa. Arregia familiaren dorretxe gotikoa, XVI mendean Martin Ibañez de Irure birmoldatu zuen, bertara ezkondu zenean.
    • 4. eta 6. zenbakiak. Arkiaukua, Arrecia, Eizgoakoa eta Usetxe. 2.000 urteko hamarkadan bota eta berria egin zuten. Etxe zaharrek ibairako bidea zeuken, harkaitzean landuta. Gainera, XX mende hasieran sokazko zubia[1] zegoen Baltegietako 12ko etxeraino; irlan oraindik agertzen omen da erdiko zutoinaren porlanezko oinarria.
    • 8. zenbakia. Gerra ostean Idigoras kontratistak eraikitako etxea. Lau solairu ditu, garajea behe solairuan eta sotoa, inoiz lantegia izan dena. Etxeak badu bitxikeria: beheko solairuan toki gehiago izateko, Idigorasek alboko etxekoak konbentzitu zituen beraien atari eta eskilara lehen solairuraino erabiltzeko.
    • 10. zenbakia. Beheko solairuan Osasuna taberna egon zen urteetan. Aspaldi itxi zuten, eta gaur egun etxebizitza bihurtuta dago.
    • 12. zenbakia. Erlaegikoa, Urzelainekoa eta Gantxeginekoa. Beheko solairuan Lilura estetika zentroa eta supermerkatu bat dago (gaur egun Amparo eta aurretik Kakuanekoa); sotoan Lagun Maitea elkartea dago.
    • 16. zenbakia. Aldainekoa, Bentakoa eta Axalenekoa. Etxe hau ere aspaldikoa da. Garai batean, puntu honetan kalea beheragoa zegoen. Kalea berdindu zutenean, ataria oso baxu geratu zen, eta ateburuko harria jan egin behar zuten. Cruz gozotegia bertan egon zen.
    • 18. zenbakia. Karabiñerokoa eta Potuanekoa. Ezkerraldean Jose Benitok haltzari denda zabaldu zuen (gero hainbat aldiz lekualdatuta, tokia faltan), eta arropa denda gero. Eskuman, berriz, harategia.
    • Arpasoetako jatsiera. Bi etxe hauen artean Altun erreka pasatzen da ibairaino. Albotik arpasoetarako jetsiera zegoen, zubirik ez zenean Baltegietara joateko, edo zubiraino ez joatearren.
    • 20. zenbakia. Gabolats eta Mantxonekoa. Beheko solairuan Electricidad Urondo-koek egoitza izan zuten, Aretxabaletara joan baino lehen. Gaur egun garajea da.
    • 22. zenbakia. Azkaratekoa.
    • 24. zenbakia. Areizaga eta Barrenengoa.
    • 26. zenbakia.
    • 28. zenbakia. Banderakoa. Komertzio asko egon dira hemen: Benito altzaridenda, drogeria, enoteka...
    • Gabolatseko zubia. Gabolats eta Baltegieta biltzen duen zubia, XX mende hasierakoa.
    • 30. zenbakia. Trabakua. Beheko solairuan Justoren ardandegia egon zen. Alboan ileapaindegia dago.
    • 32. zenbakia. Tirokoa. Hiru solairuko etxea, zubitxoa dauka bertara sartzeko.
    • 34. zenbakia. Gerra osteko etxea, porlanezkoa. Hiru solairutan eta beheko solairuan etxebizitzak ditu, eta sotoan lantegia. Bitxikeri moduan, atariko ateak egurrezkoak dira, euskal estiloan landuta.
    • 36. zenbakia. Kapatazenekoa. Uste askotan herriko muga markatzen zuen, hortik hasten zen Ezozibidea eta. Lehen pisuak kanpotik dauka sarrera, bere eskilara eta guzti[2].


    Erreferentziak

    1. Himalaian eta Andeetan erabiltzen diren modukoa.
    2. Kaleari paso zabalagoa emateko, 2019 urtean lehen solairuko sarrera hau lekuz aldatu zuten, baina beti kanpotik.